Belgika-AEB (2-1)

Kalean bezala

Belgika final 1/4etan da, AEB gainditu eta gero. Luzapenean erabaki da neurketa, aurretik belgikarrek ez dutelako asmatu aukerak gauzatzen. Hala ere, 90. minutuan, AEBek aukera garbia izan dute kanporaketa gainditzeko.

Vincent Kompany eta Dries Mertens Belgikako jokalariak. YURI KOCHETKOV / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko uztailaren 2a
01:11
Entzun

Belgikak irabazi egin die AEBei, eta final-laurdenetan izango da. Luzapenean lotu du garaipena, baina aurretik erabakita uzteko aukera asko alferrik galdu ditu. Belgikaz asko hitz egin zen txapelketaren atarian, inoizko talderik onena duela eta. Jokalari bikainen belaunaldia loratu da, eta denak elkartu dira selekzioan. Baina multzoen fasean, narras antzean ibili zen, nahiz eta partida guztiak irabazi. Jokoa ez zetorren bat jokalarien kalitate teknikoarekin. Baina gaur bai, gaur partida ia biribila osatu du erasoan.


Ia biribila izan da, osotasuna osatzeko gauza batean egin duelako huts, eta nabarmen gainera: golak sartzen. Pila bat aukera galdu ditu alferrik, eta gero garesti ordaintzeko zorian egon da. Erabakita behar zuen partida ia joan zaio kareletik behera 90.minutuan. AEBek sekulako aukera izan dute kanporaketa gainditzeko, baina Wondolowskik zeruetara bota du baloia, ahoko zuloan zenean.


Irabaztetik galtzera, eta galtzetik irabaztera. AEB eta Belgika, hurrenez hurren. Luzapenean, lehen minutuan, gola sartu du De Bruynee jokalari apartak. Kontraerasoan izan da, Lukaku zelairatu berriaren jokaldia baliatuz. Kontraerasoak: partida honetako ezaugarri nagusia.


Erasoari beste eraso batekin kontra egin. Horrela ibili dira askotan bi taldeak. Kontrolik ia apenas izan duen partidan. Kalean bezala jokatu dute jokalariek. Garai batean bezala. Gola helburu, gora gehiago behera baino. Gozamena jokatzeko, eta baita ikusteko ere. Joan-etorri horretan, askoz hobeto zehaztu ditu jokaldiak Belgikak. Kalitate teknikoak balio duela zerbaiterako. Hazard nahierara ibili da gaur, bestetan hegalean itsatsita eta preso egon ostean. Taldekideek baloia berari, eta berak asmatu eta asmatu, jokaldiak, paseak, jaurtiketak... Erakustaldia eman du.


Baina gauza guztiek bezala, onetik eta txarretik Hazarden nahiera ibili beharrak. Bere aldean zulo galanta utzi du defentsako lanean, eta handik sortu diote buruko min gehien AEBek. Johnson eskuin hegaleko atzelaria azkar lesionatu da, baina ondo bete du zuloa Yedlinek. Makina bat korrikaldi egin ditu gorantz. Etekin gutxi, ordea, erdiraketei. Gaur, Dempsey zitala otzan ibili da, besteetan baino apalago eta antzeman du selekzioak.


Izen propio gehiago; bi atezainenak, orain: direnak eta ez direnak geratu edota urrundu dituen Howard atezaina. Partida bikaina berea. Baita Courtoisena ere. Luzapenean, AEBek  2-1ekoa sartu dutenean 107. minutuan Greenen bidez (aurretik Lukakuk 2-0ekoa egina zeukan,105. minutuan, beste kontraeraso batean), estutu egin da berriz neurketa. Fedea berreskuratu dute amerikarrek, eta falta batean, ondo landutako jokaldian, Belgikako atezainak berdinketa eragotzi dio  Dempseyri gero.


Belgika hazi egin da gaur. Konfiantza olatu handiak busti du, emaitzari jokoa gehitu diolako azkenean. Eta AEBek ere erakutsi dute ez daudela lehen bezain urrun; badatozela. Eta jarrera, joko eta Klinsmann bidelagun badute (besteren batekin ere bai, zergatik ez), etorriko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.