Osasunak estropezu egin du etxean Real Madrilen kontra

Osasuna bigunegi aritu da Real Madrilen aurka, eta aitzakiarik gabe galdu du: 2-4. Neurketa zoroa izan da hasieran, eta ordubetez zutik iraun dute gorritxoek; birrindu egin dituzte gero. Emaitza okerragoa ere izan zitekeen.

Iker Muñoz eta Lucas Torro zaleen babesa eskatzen, Osasunaren bigarren golaren ostean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Muñoz eta Lucas Torro zaleen babesa eskatzen, Osasunaren bigarren golaren ostean. IDOIA ZABALETA / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko martxoaren 16a
19:45
Entzun

Korrika Iruñeko karriketan barna zebilela, Osasunak behaztopa egin du Sadarren. Oztopo zaila da berez Real Madril, baliabide ia mugagabeak baititu. Sendo dago Lehen Mailako lidergoan. Haien aurka indarrak neurtzean, akituta eta esku hutsik bukatzea izaten da normalena. Haatik, zurien bertuteei gorritxoen gabeziak batu zaizkie. Defentsan erraztasun handiegiak eman dituzte, eta halakoetan, Real Madrilek zaku bete gol sartu ohi du. Halaxe izan da gaur ere: 2-4.  

Asmo oneko lehen zati baten ondotik, Osasuna jostailu hautsi bat izan da aurkariaren eskuetan. Lau gol jaso ditu, eta gehiago izango ziren Sergio Herrerarengatik izan ez balitz. Langa ere lagun izan du partidaren hondarrean. Luzapenean, halaber, gol bat sartu du Iker Muñozek. Baina partida erabakita zegoen ordurako. Ligako bi talderik onenen kontra jokatu du Osasunak azken bi partidetan, eta bietan urrun egon da puntuak lortzetik.  

Hasiera ezin zoroagoa izan du neurketak. Oldarkor zelairatu da Osasuna, harmailetako elektrizitateak kutsatuta, baina Real Madrilek begi kliska batean eman dio lehen kolpea. Ez da espainiarren kalitatearen ondorio izan, Catenaren huts larri batek eragindako istripua baizik. Atzelari gorritxoa lokartu egin da, eta, ohartzerako, Viniciusek baloia hartu, eta Herrera gainditu du.

Nahigabeak, hori bai, oso gutxi iraun dio Osasunari; 3 minutu, zehatz-mehatz. Izan ere, korner nahasi batean banakoa egin du Budimirrek. Real Madrileko jokalari batek ukitu du lehenik baloia, hurrena Herrandok, eta sareratu egin du aurrelari kroaziarrak. Ligan sartu duen hamabosgarren gola da. Mende honetan, ez da egon gorritxorik sasoi bakarrean hainbeste gol egin duenik.

Kaosa ez da hor bukatu, eta aukera garbiak kateatu ditu Real Madrilek, harik eta 18. minutuan Carvajalek 1-2koa egin duen arte. Bisitariak baloia alderik alde ari ziren mugitzen, eta ezker hegaletik egindako barneraldiari Carvajalek jarri dio ginga. Mojicari aurrea hartu, eta erremate akrobatiko batez sareratu du baloia. Berriz ere, gaizki defendatutako jokaldi batean jaso du gola Osasunak. Suspertzeko lanak izan ditu gero, baina, bere txarrean, Real Madrilek ez du askorik estutu.

Minutuen joanean, aurrerako urratsa egin dute nafarrek. Arnaizek hartu du lekukoa, eta haren atzetik joan dira denak. Aurrelariaren jaurtiketek sortu dute arrisku egoera gehien, eta horietako batean, luzatua egitera behartu du Lunin. Gero, penalti eskaera bat egon da Real Madrilen arean, eta Torroren bolea erdiratu bat. Zelaiaren beste muturrean, berriz, salbatzaile agertu da Herrera, Valverderen erdiraketa bat pozoitu egin baita Mojicak desbideratu ondoren.

Labana gurinetan nola

Oraindik zutik zegoen Osasuna. Ordea, belauniko utzi du 61. minutuan Brahimek sartutako golak. Lege zaharreko jokaldi batean iritsi da: Luninek luze jokatu du Valverderekin, hark buruz Brahimi eman dio, eta Herrera ezin izan da buruz burukoan gailendu. Berriz ere, errazegi sartu zaizkie gorritxoei, labana gurinetan nola. Eta lurrean zerraldo gelditu dira lau minutu geroago, laugarren gola jasota. Aresok puskatu egin du jokoz kanpoko lerroa, eta Vinicius sukalderaino sartu da.

Osasunak oso aurrean zituen lerroak, berriz ere partidan sartzeko intentzioz, eta Real Madrilek bikain baliatu ditu espazioak. Golaren ostean, beste aukera garbi bat izan du Viniciusek, eta Rodrygo ere bosgarrena egiteko zorian izan da. Batak gaizki errematatu du, eta besteak Herrerarekin egin du topo. Eta neurketa bukatzear zela, baloia langara bidali du Arda Gulerrek, zelai erditik. Lehenago, markagailua apaindu du Iker Muñozek, 2-4koa eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.