Kalitatea, indarra eta oreka

Castrok erabateko nagusitasunez irabazi du San Miguel liga, hamazazpi estropadetatik hamahirutan gailenduta. Hain denboraldi bikaina egiteko arrazoiak aztertzeko garaia da orain.

Aitor Manterola Garate.
2009ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Castroren agintea erabatekoa izan da aurtengo San Miguel ligan. Bi estropada falta zirela lortu zuen garaipena, eta azken bi jardunaldietan erakutsi du zergatik izan den onena. Lehendik ere askotan azaldu zuen zergatia, baina asteburuan ere besteen gainetik ibili da. Igandean erremate bikaina eman zion ligari. Portugaleteko estropada irabazi zuen, eremuko marka eta guzti (18.58,70). Hamahirugarren aldiz astindu zuten arraunlariek bandera, eta marka ezarri du, inork ez baitu hainbeste garaipen pilatu sasoi batean liga sortu zenetik.

Nagusi izan da. Oinarri batzuk badaude nagusitasun hori azaltzeko. Sekulako taldea duela ukaezina da, kalitatea eta indarra bateratzen dituelako. Hori gutxi ez, eta, iaz ez bezala, ordezko arraunlariak ere onak izan ditu; aldaketak ez dira nabari izan, eta orekatua izan da beti La Marinera. Batzuek arraun egin edo besteak jardun. Estropada guztietan izan da lehiakorra, eta hori azaltzeko datu hau dago: etxeko estropadan izan ezik -eta eguraldi txarra tarteko-, beste guztietan lehen hiruren artean sailkatu da.

1. Iazko talde bera

Denboraldi batetik bestera aldaketa dezente izaten da klubetan. Arraunlari batzuk joan egiten dira, eta beste batzuk etorri. Baina Castron ez zen hori gertatu duela urtebete. 2009ko denboraldiko taldea osatzeko orduan, aurreko urtekoan oinarritu zen. Lan asko aurreratzea da hori, taldea osatzeko betebeharra egina zeukalako. Ona zen, gainera, taldea. Iaz, ia irabazi zuen San Miguel liga, eta Kontxan aise nagusitu zen. Hori gutxi ez, eta Iurgi Iruretagoiena fitxatu zuen. Kalitatezko fitxaketa. Sasoi hasieran, denek jotzen zuten faboritotzat, eta beste taldeetako entrenatzaileek arrazoi hau ematen zuten: taldea egina edukitzea. Liga hasi orduko gelditu zen agerian abantaila hori, nahiz eta San Pedrok gauzak zaildu.

2. Neguko lana

Klub guztietan egiten da lan gogorra neguan. Baina Castron ez da beste neguetako lan bera izan. Sasoi fisikoa hartzea izan zuen zeregin bakarra urtaro horretan. Taldea egina izateagatik, uretan egindako entrenamendu guztiak kalitatezkoak izan dira. Konpondu beharreko kontu txikiak konpontzea besterik ez zen egin behar. Guztia kalitatearen mesedetan. Castrok eginak zeuzkan egin beharreko proba guztiak, eta sekulako balioa dauka horrek. Arraunlariak sasoi onean jarrita nahikoa zuen. Horixe egin zuen neguan, eta bai ondo egin ere. Arraunlarien gorpuzkera zainduari begiratu besterik ez da egin behar.

3. Kalitatea eta indarra

Teknika eta indarra, bestela esanda. Arraunlarien pisu egokia beste bi ezaugarri horiei lotzen bazaie, garaiezina da lotura hori. Hirurak elkartu ditu Castrok sasoi honetan. Arraunean iaz baino hobeto egin du. Lasaiago, luzeago. Burua galdu gabe. Kalitatea. Indarra ere sobera dauka arraunlari multzo honek, eta arraunkera egokia lortu duenean, geldiezin bilakatu da.

3. Aldaketa onak

Luzea bezain gogorra egiten zaie arraunlarei San Miguel liga. Hamazazpi estropada jokatu dituzte aurten -hamazortzi ziren, baina Zumaiakoa bertan behera gelditu zen-, eta talde handia behar da jardunaldi guztietan ondo ibiltzeko. Entrenatzaile denek izaten dute gustuko arraunlari kopurua, baina haietaz gain beste bospasei onak edukitzea sekulako abantaila da. Aurten lortu du Castrok talde orekatua izatea. Titularrak onak direla jakina zen, eta erabateko konfiantza ematen zioten Juan Mari Etxabe entrenatzaileari. Alde horretatik, zalantza gutxi. Ordezkoen maila ona ziurtatu beharra zegoen, eta ziurtatu du Castrok. Etxeko arraunlariak izan dira guztiak, gazteak gehienetan, eta eman dute maila. Nolakoa, gainera. Etxabek aldaketak egin izan dituenean, ontzian ez du eraginik izan. Titularrekin bezain azkar ibili izan da La Marinera halakoetan ere. Arraunlari guztiak oso onak edo onak badira, puntaren puntan ibiltzeko aukerak ugaritu egiten dira. Hamalau on eta lau ez hain on dauzkatenek goia gertu izaten dute, baina urruti puntaren punta. Hortxe ibili da, hain zuzen, Castro. Hortxe ikusi dute beste aurkari onek sasoi osoan, koska bat gorago. Ezin izan dute harrapatu, sekulako lana egin arren.

4. Helburua izatea

Denboraldia hasi orduko, argi eta garbi esan zuten Castroko ordezkari guztiek zer helburu zuten aurten: San Miguel liga irabaztea. Inoiz ez zuen halakorik lortu orain arte, eta kosta ahala kosta erdietsi beharra zegoen helburua. Kontxako Banderaren gainetik jarri zuten liga helburuen artean. Buru-belarri murgilduta ibili diraasmoa bete nahian, eta onerako izan da hori. Beste klub batzuek Kontxara begira jarri behar izan zuten, Castroren aginteari men eginda, baina gorriak ez dira atera hasiera-hasieratik zehaztutako bidetik.

5. Erregulartasuna

Handia da gero hamazazpi estropadetatik hamaseitan lehen hiruretan sailkatzea. Are handiagoa, aurtengo ligako kalitatea kontuan hartuta eta taldeen arteko berdintasuna ikusita. Denek izan dituzte gorabeherak. Batzuek bestek baino handiagoak. Ez da harritzekoa hain lehiakorra den ligan. Baina Castrok ez du inoiz behera egin. Behin bakarrik izan da hirutik atzera, non eta etxeko estropadan. Baina azken txandakoei kalte egin zielako eguraldi aldaketak. Baldintzak onak izan balira, aurrean izango zen orduko hartan ere. Erregulartasuna saritzen du ligak, eta ez da dudarik Castro izan dela erregularrena.

6. Irabazteko gosea

Kirolaria ez omen da aspertzen garaipenak pilatu eta pilatu. Baina astea joan eta astea etorri ia estropada guztiak irabazi dituzten taldeetan, lasaitzeko arriskua ez da oso aparte izaten. Buruak egiten ditu halakoak konturatu gabe. Baina Castroko arraunlariek ez dute halako arriskurik izan. Edo, izan badute ere, azkar batean uxatu dute. Ikusgarria izan da banderak pilatzeko erakutsi duten gogoa. Ondo ederki zekiten onenak direla, eta estropada guztietan joan dira hori erakustera. Irabazteko gosearen adierazgarri izan da besteren batek irabazi izan dienean -San Pedrok bitan, eta behin Oriok eta Pedreñak- arraunlariek azaldu duten bisajea. Bigarren edo hirugarren egitea porrota izan da haientzat. Sekulako balioa dauka gose horrek, eta astero-astero erakutsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.