Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Kalkulua, perfekzioa

Cadel Evansek aise menderatu ditu Andy eta Frank Schleck Grenobleko erlojupekoan, eta gaur lehen aldiz irabaziko du TourraTony Martinek nagusitasunez irabazi du erlojupekoa, Evansi zazpi segundo aterata

unai zubeldia
2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Garai bateko txirrindularitza eskaini dute aurten Alpeek. Edo Alpeetan barrena ibili diren txirrindulariek. Erasoa, ausardia, eromena, txakalaldi arriskua... Pirinio apalen ondoan, ikusgarriak izan dira Alpeak. Erasoaren Tour amaiera izan da. Baina tropelean bada erasoari isilik erantzuten dionik. Makur-makur eginda, maillot horiaren gurpilari pega-pega eginda. Sufritzen. Baina beti aurrean. Mikrofonoa parean jarri, eta isilik. Umil. Elkarrizketei ihes eginez bezala. Keinu bakoitza kalkulatuz. Eroriko da. Eroriko da. Askoren ustea zen hori. Baina Cadel Evans (BMC), behingoz, ez da erori. Prestaketa, kalkulua, umiltasuna, sufrimendua, burugogortasuna... Perfekzioak eramango du gaur australiarra Parisko podiumeko koskarik altuenera. Lehenengoz. 34 urterekin, lortu du azkenean falta zitzaion garaipena.

Alpe d'Huezen amaitu zen etapa mitikoaren biharamunean, Andy eta Frank Schleck anaiek (Leopard-Trek) aldetxoarekin ekin zioten atzo Grenobleko erlojupeko luze eta gogorrari. Dauphineko ibilbide berbera zeukan atzoko saioak —500 metroko aldaketa txiki bat besterik ez zeukan—. Ibilbide gorabeheratsua. Min egiten duten horietakoa. Espezialistentzat ona, baina sasoi onean zeuden espezialista indartsuentzat hobea. 57 segundo. Hori zen Andy Schleckek 42,5 kilometroko tartean zaindu beharreko aldea. Kilometroko segundo eta erdi eskas. Erlojuari begiratu gabe, pedalei eragiteko moduan, posturan, amorruan nabarmena zen Evansen joa. Lehen 25 kilometroak egiterako minutua janda zeukan australiarrak. Berea zen Tourra.

15. kilometroan zegoen lehen erreferentzian 36 segundoren aldea atera zion Evansek Andy Schlecki. 21 bakarrik falta. Harrigarria bada ere, Frank Schleck Andy anaia baino bi segundo azkarrago zihoan puntu horretan. Tony Martinek (Highroad) kolpea emanda zeukan ordurako, bete-beteko saioa eginda; Alberto Contador (Saxo Bank) ere oso duin ari zen, Evansen denbora berberarekin; Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) bikain zihoan, Evans eta Contadorrengandik 23 segundora; Thomas Voeckler (Europcar) oso txukun, 36 segundora; eta Damiano Cunego (Lampre) eta Ivan Basso (Liquigas), espero zen moduan, etsita, denbora asko galduz.

«Xehetasun txikiekin lortzen da arrakasta». Evansek muturreraino eramaten du filosofia hori. Ez eskatu ikusgarritasunik. Ez eskatu erabateko jarrera oldarkor eta erorik. Neurriz kanpoko jokaerak, neurrian. Hori bai, ardura hartu behar izan duenean, hartu egin du Tour honetan, tropeletik tiraka jarrita. Helmugara iristeko 60 kilometro falta zirenean jotako erasoarekin, Andy Schleck Tourrari kolpe handia emateko zorian egon zen 18. etapan, Galibierren gora. Baina australiarrak etapa hartan irabazi zuen Tourra. Ezin zuen ulertu Voecklerren eta Europcar taldearen jarrera. Pierre Rolland taldekidea ondoan eduki, eta lanik ez egiteko erabakia hartu zuen Voecklerrek Galibierren gora. Eta Evansek konpondu behar izan zuen ordurako erremediorik ez zeukan galera. Hotz jokatuta. Aurpegia emanda. Harrotu gabe. Kalkulatuz.

Hainbestean pasatu zuen eguna. Gehiegizko galerarik pilatu gabe. Azken erlojupekoa beti buruan. Bazekien Alpe d'Huezen gora aldeei eutsiz gero berea zela itzulia. Jo zuen Contadorrek erasoa, etapa hastearekin batera, eta han joan zen, kontrol lanean, Andy Schlecken gurpilari pega-pega eginda. Ezin fisikoak eta arazo mekanikoek atzera bidali zuten gero. Baina, Voecklerrek ez bezala, buruz jokatu zuen. Nola bestela. Tropelari itxoin, taldea lanean jarri, eta Alpe d'Huez igotzen hasterako kontrolpean zeukan Tourra. Contadorri egin behar zuena egiten utzi, eta Andy Schleck zaintzea izan zen australiarraren lan bakarra. Eta dotore egin zuen. 57 segundo. Bazekien gai zela. Posturan nabari zen, jarreran, pedalei eragiteko moduan. Amorruan.

27,5. kilometroan zegoen erreferentziarako berea zen maillot horia. 40.33. Erabat hazita, etapa irabazteko jokoan sartu zen australiarra, Tony Martinen denbora baino zazpi segundo gehiago eginda. 1.42 galduta zihoan Andy Schleck. 1.43 galduta Frank anaia. Ez zegoen zereginik. Evans, Andy, Frank. Podiuma zehazten hasita zegoen. Indarrean zihoan Contador, baina hiru minutuko galera handia zeukan pilatuta Alpeetan. Indartsu zihoan Samuel Sanchez ere, baina Schleck anaiengana gerturatzeko indarrik ez zegoen. Erlojupekoetan gozatzea ezinezkoa bada ere, kalkuluarekin, perfekzioarekin, gozatu egin zuen australiarrak. Behingoz. Merezi zuen horrelako gozatu eder bat.

Ametsetako bi urte

Sei segundo eskas falta izan zitzaizkion etapa irabazteko. Baina askoz ederragoa da liderraren maillotaren hori kolorea. Zoratzen zegoen podiumera igota. Erdi negarrez. Hunkituta. 57 segundoren galerarekin hasi, eta 1.34ren aldearekin amaitu zuen eguna. Evans, Andy Schleck, Frank Schleck. Horixe izango da gaur Parisko podiumera igoko den hirukoa. Erasoa eskatzen dute zaleek, ikusgarritasuna. Baina kalkuluak eman dio Evansi Tourreko garaipena. Ametsetako garaikurra. Munduko Txapelketa eta Parisko gozatua. Bi urteren buruan, goia jo du BMCko taldeburuak.

Creteilen hasi eta Parisen amaitu, ospakizun artean egingo du tropelak gaurko etapa, 95 kilometrokoa. Kalkuluak eta perfekzioak alde batera utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.