Mutil lasaia da Koikili Lertxundi (Otxandio, Bizkaia. 1980). Zelaian ez da kikiltzen, eta hedabideen aurrean ere eroso ageri da. Nekez urduritzen da. Galdera guztiak arazo barik erantzuten ditu, baina deseroso ageri da etorkizunaren gainean galdetuz gero. Denboraldia aurrera doa, eta oraindik ez daki zein taldetan arituko den datorren sasoian. Haren asmoa Athleticen jarraitzea da, baina ez du aterik itxi gura. Ezin du.
Athletic ondo dabil orain, eta bolada ahalik eta gehien luzatzea izango da zuen helburua, ezta?
Hala da, bai. Ea mailari eusten diogun eta orain gauden postuan irauteko gai garen.
Azken hiru partidak irabazi dituzue,eta laugarrena lortzea ikaragarria litzateke. Denbora asko da Athleticek ez dituela lau partida irabazten.
Aspaldian ez da horrelakorik ikusi. Baina orain gertu daukagu marka hori. Zergatik ez dugu, bada, lortuko?
Txapeldunen Liga sei puntura daukazue. Atzetik datozen taldeak, berriz, bostera. Zuek, gora ala behera ari zarete begira?
Guk aurrera begiratzen dugu. Hurrengo partida baino ez daukagula buruan, alegia. Ohorezko postuetan gaude, eta, leku horri eusteko, luze gabeko erronkak izan behar ditugu buruan.Kalkuluak egiten hasten bagara, bidean puntu asko galduko ditugu.
Lau onenen artean sartzeko eskatzea gehiegi eskatzea da?
Gaitza da oso Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Espainiako Ligan dagoen maila kontuan hartuz gero, Europako postuetan egotea pribilegiotzat har daiteke. Zer esanik ez, pauso bat gehiago ematea. Hala ere, aukera izaten badugu, baliatzen ahaleginduko gara.
Athletic sasoiko dago, baina baita Sporting ere. Ondo edo txarto egon, beti izaten da aurkari deserosoa.
Elkarren aurka jokatu ditugun azken norgehiagokak oso parekatuak izan dira. Ezin izan ditugu mendean hartu, eta hori kontuan hartu behar da. Sporting ez da aurkari samurra izango, baina Athleticek azken jardunaldietako lana egiten baldin badu, eurek ere zailtasunak izango dituzte. Gurea ematen badugu, etxean geratuko dira hiru puntuak.
Hurrengo norgehiagoka biak etxetik kanpo jokatuko dituzuela kontuan hartuta, derrigortuta al zaudete biharkoa irabaztera?
Jardunaldi guztiak gaude irabaztera derrigortuta. Azterketa guztiak dira gainditu beharrekoak. Futbolean azkar aldatzen da haizearen norabidea, etaaldekoa denean, baliatu egin behar da.
Epaileak penaltia adierazten baldin badu, ez da Vicente Calderonen gertatutakoa errepikatuko, ezta?
Ezin da errepikatu. Calderonen ez genuen elkar ulertu. Jaurtitzailea zein den errespetatu behar da. Gola sartuz gero, oso ondo; eta asmatzen ez badugu, elkarri lagundu behar diogu.
Aitor Larrazabalek dio penaltiak jaurtitzeko arduraduna jokalari hotza izateaz gain presiopean ondo erantzuten duena izan behar dela. Haren ustez, zu zara ezaugarri horiek dituen zuri-gorria.
Ohore handia da Larrazabalek hori esatea. Ni prest nago jaurtitzeko, baina teknikariak beste jokalari batzuk aukeratu ditu horretarako. Egun beste taldekide batzuk daude nire aurretik, eta errespetatu egin behar dut.
Talde guztientzat da ona penalti jaurtitzaile on bat izatea, baina Athleticek penalti asko behartzen dituela aintzat hartuta, are eta garrantzitsuagoa da. Asmatuz gero, puntu asko irabaz daitezke.
Garrantzitsua da, bai. Nik uste dut espezialista onak ditugula. David Lopez jokalari aproposa da lan horretarako. Beharbada, jokalari gehiegik izan dute jaurtitzeko aukera. Gehienez, bik izan behar dute ardura hori.
Azken jardunaldietan asko ari zara jokatzen. Hala ere, zure etorkizuna ez dago argi. Egin al dizu jarraitzeko eskaintza Klubak?
Athleticeko ordezkariek ni kontuan hartzen nautela esan didate. Notizia ona da, eta, beraz, pozik nago. Ea elkar ulertzeko gai garen.
Klubak denboraldi bat eskaini dizu,eta, partida kopuru bat jokatuz gero, beste batez luzatzeko aukera. Gustura zaude eskaintzarekin?
Ikusiko dugu. Ez dakit zer gertatuko den. Ordezkariaren esku utzi dut kontua.
Athleticen jarraitzeko aukerarik izan ezean, Espainiako Ligak edo Premier Leaguek erakartzen zaitu gehiago?
Ez dakit zer esan. Kanpoko talderen batek ni fitxatzeko interesa duela agertu omen da. Nire lehentasuna Athleticen jarraitzea da, baina akordiorik ez badago eskaintza onena onartuko dut. Nik ez daukat lehentasunik.
Jarraitzen baduzu, Ander Herrerarekin batera jokatzeko aukera izango duzu. Jokalari ona al da?
Zelai erdia indartzeko jokalari egokia da. Sortzeko gaitasunari dagokionez, osoagoa egingo du Athletic. Taldeari asko eman diezaiokeen jokalaria dela uste dut.
Koikili Lertxundi. Athleticeko jokalaria
«Kalkuluekin hasiz gero, puntu asko galduko ditugu»
Athletic seigarren egotea «pribilegio» bat dela uste du. Taldeak jarraitzeko eskaintza egin izana «notizia ona» dela dio, gaiari buruz hitz egin gura nahi ez duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu