Kanaria Handia eta Alacant, dema zailak euskal taldeentzat

Bilbo Basketek 12:30ean jokatuko du etxetik kanpo, Kanarietan, eta Baskoniak Iradier Arenan, 18:00etan

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bilbo Basketek eta Baskoniak norabide zuzena bilatzen saiatzeko partidak jokatuko dituzte gaur. Bakoitza bere moduan, baina aurkari gaiztoekin biak. Bizkaitarrek Kanaria Handiaren aurka jokatuko dute, Las Palmasen (Espainia), Euroligako emaitza txarrei buelta eman nahian. Arabarrek ere helburu horixe dute, baina haiek Iradier Arenan jokatuko dute, zaleen epelean.

Bilbo Basketek erronka zaila dauka Kanaria Handiaren aurka. Katsikaris entrenatzaileak taldea halako krisi txiki bat jasaten ari dela onartu zuen atzoko atarikoan: «Emaitza bolada txarrean gaude, eta triste antzean sumatu ditut jokalariak. Haien animoa goratzea da nire zeregina orain, alor taktiko hutsak hobetzen ahalegintzea baino gehiago». Ikusteko dago asmoa lortuko duen edo ez, Bilbo Basketek arduratzeko moduko bolada txarra baitarama. Azken hiru partidak galdu ditu errenkadan, bi Euroligan eta bestea ligan, eta zazpigarren jardunaldira iritsi da etxetik kanpo garaipen bakar bat lortu gabe.

Nonbait lortu behar duela eta, Kanaria Handian saiatu behar. Las Palmasko CID kantxa gaiztoetan gaiztoa izan ohi da, baina sasoi honetan talde asko irten dira garaile handik. Pedro Martinezen taldea komeria franko pasatzen ari den seinale. Sailkapeneko zuloan daude, 1-5 balantzearekin, eta marka litzateke zulotik bizkaitarrak menderatuta ateratzea. Hervelleren baja izango du Katsikarisek. Kanaria Handiak, aldiz, Taurean Green eta Sitapha Savane berreskuratu ditu.

Bidorreta Gasteizen

Baskoniak ere zauriak sendatu nahi ditu. Nancyko kolpea ez zegoen bere aurreikuspenetan, eta kolpe hori Alacanti ematen ahaleginduko da arratsaldean. Kontuz, halere, Alacantekin, liga hasieran ezustekoa ematen ari den taldea baita. Sei partida jokatu eta bost irabazi ditu, eta lehiaketako liderra da Unicaja, Bartzelona eta Real Madrilekin batera. Aulkian dago Alacanten sekretua. Txus Bidorretak berak nahi zuen taldea osatzeko modua eduki du udan, eta ereindako lanaren uzta jasotzen ari da orain.

Bidorretak zorrotz prestatzen ditu Baskoniaren aurkako demak Bilbo Basketen zegoenetik, eta gaur ere hala gertatuko da. Partida estua espero da taktikoki, baina talentuz hobea da Baskonia, eta talentu horri etekina ateratzen asmatu beharko luke uneren batean. Defentsan estututa izan beharko du, Singler, Ellis, Barnes eta besteei aukera emanez gero, mina egingo dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.