Kanpoan ere otso izan nahi

Agileran Clermonti ondo irabazi eta gero, Miarritzek bolada onari eutsi nahi dio gaur Briven irabazita

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Une gozoa bizi du Miarritzek. Heineken kopan gauzak behar bezala bideratuta ditu, batetik, eta Top 14an ere hiru garaipen lortu ditu errestan, bestetik. Tolosa, Stade Français, Clermont... ez dira izen txikiak Agileratik galtzaile atera direnak. Bolada on horri esker, sailkapenean pixkanaka-pixkanaka gora doa, eta dagoeneko bosgarren postuan dago. Asteburu honetan, baina, beste langa bat igotzeko aukera izanen du Lapurdiko kostaldeko taldeak.

Etxean edo Heineken kopan nabaritu zaion hobekuntza etxetik kanpo egiaztatzeko ordua da. Horretarako, sailkapeneko postuak pentsatzen uzten duena baino arrisku anitzez handiagoa duen Brive izanen du aurkari gaur. Brivekoak 11. postuan daude sailkapenean, jaitsieratik bi postu eskasera. Talde txarra ote Correze eskualdekoa? Hobe da datuak hotzean hartzea, gauzak oso estu daudelako Top 14an. Brive eta Toulon laugarren sailkatuaren artean, erraterako, hamar punturen aldea dago, bi garaipenen aldea bakarrik, alegia. Gainera, Brivek sei aldiz jokatu du etxetik at, eta lautan bakarrik etxean.

Datu horiei begira, beraz, tentuz hartu beharko du Miarritzek Brive. «Arroxelan gutigatik galdu du, eta etxean huts egiteko aukerarik ez duela jakitun ariko da. Oso borroka gogorra espero dut», dio Jack Isaac Miarritzeko gibelekoen entrenatzaileak. Xuri-gorrien entrenatzaileak zuhur mintzo dira, Top 14an edonork edonoren aurka gal dezakeela jakitun.

Jokalarien aldetik, hala ere, orain arte egindakoa gogoan atxiki nahi da. «Lan handia egin dugu sasoi hasieratik. Une zailetan, sufritzen gaudenean elkartasuna erakutsi dugu, eta horri esker emaitza onak etortzen ari dira. Horrela jarraitu behar dugu, bestela alferrik izanen baita», esan du Sylvain Marconnet Miarritzeko harroinak.

Egutegia kudeatu beharra

Horiek denak egiak izanik ere, Agileran luzera begira ezartzen hasi behar dute. Duela gutxi, oso partida gogorrak jokatu behar izan dituzte Jean Mixel Gonzalez eta Isaacek zuzendutako jokalariek: Tolosa, Stade, Bath, Ulster, Clermont... Aste hau ere bereziki bihurria izanen da, gaur jokatu eta gero hurrengo jardunaldia ostegunera aitzinatua izanen da, Frantziako selekzioari azaro hasierako partidak ahalik eta ongien prestatzen uzteko. «Jokalariak akituak dira. Ostiraletik aitzina bakantzetan izanen dira [selekzioetan ariko direnak salbu], baina akidura anitz nabari zaie», zioen Serge Blancok Clermonti irabazi berritan. Akidura horren irudia da Imanol Hariñordoki. Zauri txiki bat du garaztarrak, eta ez da deialdian sartu.

Horiek hala, Briveko bidaiarako jokaleri berri anitz sartzea erabaki dute Gonzalezek eta Isaacek. Aitzinean, Barozzi edo Guyot gazteek aukera izanen dute. Faurek ere aukera izanen du, azkenaldian Lakafiak postua kendu eta gero. Azkenik, Taelek sasoi honetako lehen partida jokatuko du, orain arte ez baitu aritzeko aukerarik izan, hainbat lesio direla eta.

Gibelean ere antzeko egonen da egoera: Traillek bigarren partida jokatuko du irekitzaile gisara. Ondorioz, usaian postu horretan ari den Peyrelongue uztartze erdian ariko da. Yachvilik, beraz, atseden izanen du. Bolakorok, Fiorrek edo Mignardik ere hasieratik aritzeko aukera izanen dute. «Aldaketak egitera behartuta gaude, ezin baikara beti jokalari berdinetan oinarritu. Gaur jokatuko duenek aukera baliatzea espero dut», azpimarratu du Isaacek. Aldaketak aldaketa, Miarritze bere aitzineko indarrean oinarrituko da itxura ona emateko, eta Traillek Yachviliren lana hartuko du ostikadei dagokienez.



BRIVE-MIARRITZE

Txapelketa. FrantziakoTop 14 ligako 11. jardunaldia.

Brive. Henn, Bonrepeaux, Barnard; Uys, Browne, Claasen (kapitaina), Vosloo, Popham; Belie, Lespinas; Waqaseduadua, Estebanez, Noon, Jeanjean; eta Palisson.

Miarritze. Marconnet, August, Barozzi; Taele, Thion; M. Lund, Faure, Guyot; Peyrelongue, Traille (kapitaina); Bolakoro, Fior, Mignardi, Ngwenya; eta Bosch.

Sailkapena. Brive 11. da (18 puntu), eta Miarritze bosgarren (31 puntu).

Epailea. Patrick Pechambert.

Lekua. Amedee-Domenech (15.000 ikusle).

Orena. 14:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.