Kanpoan otso

Etxean irabazi ezin duena etxetik kanpo eskuratu gura du Athleticek; Getafen du horretarako aukera, gaur

haritz gallastegi
2007ko urriaren 31
00:00
Entzun


Etxean irabazi ezin duena etxetik kanpo eskuratu gura du Athleticek; Getafendu horretarako aukera, gaur
haritz gallastegi

Bilbo

Futbolean azken emaitza da garrantzitsuena. Neurketak irabaziz gero, eta, beraz, puntu asko eskuratuz gero, helburuak lortu egiten dira. Inor ez da kexatzen. Garaipenak baino poz handiagoa ez baitu beste ezerk ematen. Athleticek hamar puntu irabazi ditu bederatzi neurketatan. Ez dira puntu asko, egiari zor. Halere, azken denboraldi bietan baino txapelketa hasiera erosoagoa izan du. Oraingoz, lau puntura du jaitsiera. Ez da gutxi.

Futbolean puntuek balio dute. Halere, sentsazioek ere garrantzi handia izaten dute. Taldeak egin dezakeenaren isla dira. Sarri askotan ez dira bat etortzen taldeak irabazitako puntuak eta egindako jokoa. Kasu batzuetan zelaian erakutsitakoak merezi duena baino puntu gehiago irabazten dituzte taldeek. Beste batzuetan, ordea, merezi baino gutxiago irabazten dituzte. Zorte kontua izaten dela esaten dute. Onerako zein txarrerako. Horrelako hausnarketak denboraldi hasieran egiten dira. Izan ere, Ligak bakoitza bere lekuan lagatzen baitu lehiaketa amaitzen denean.

Taldeko kapitainak eta entrenatzaileak bestelakorik pentsatu arren, Athleticek ezin dio zorteari ezer aurpegiratu. Ez onerako, ez txarrerako. Ez du orain arte lortu duena baino gehiago merezi izan. Bestalde, irabazi dituen puntuak lan asko eginda lortu ditu. Beraz, merezitakoa dauka. Beraz, oraindik ez dago jakiterik non egongo den Athletic denboraldi bukaeran. Non ez den egongo aurreratu daiteke, ordea. Liga irabazteko borrokan ez da egongo. Txapeldunen ligarako txartela ematen duten postuetan ere ez. Hortik aurrerako kontuak ez daude horren argi. Orain arte erakutsitakoaren arabera, ez dirudi UEFA Koparako sailkatzeko borrokan egongo denik. Mailari arazo barik eutsiko al dio? Arazoak izango al ditu? Azken bi denboraldiotan gertatu den legez Bigarren Mailara jaisteko hautagai nagusien artean egongo al da? Ez da erraza jakitea.

Halere, egungo Athletic joan den sasoikoa baino talde sendoagoa da. Sentsazioak dira. Ondo jokatu ez arren, talde lehiakorra izan da. Neurketa gehienetan irabazteko aukera izan du. Beraz, baikor egoteko arrazoiak ere badaude. Athleticek gero eta talde itxura gehiago du. «Taldea eta jokalariak hazten ari direla konturatu naiz. Taldeak intentsitatearekin jokatzen badu neurketa irabazteko aukera izaten dugu», adierazi zuen Caparrosek atzo. Talde zuri-gorrian gertatzen ari dena bitxia baita. Egungo Athletic ez da orekatua. Erasoan talde mugatua da. Ez du arriskurik sortzen. Halere, jarraitzaileek lehen baino lasaigo ikusten dituzte partidak. Egun iragan sasoian baino askoz gaitzagoa baita Athletic mendean hartzea. Athleticek ez ditu erakustaldiak egiten, baina aurrean duen taldeak ere makina bat zailtasun izaten du zuri-gorriak gainditzeko. Beraz, Caparrosen taldeak hartu duen bidea egokia izan daiteke. Laster jakingo dugu.



MARTINEZ ETA DEL HORNO, HARMAILAN. Etxetik kanpo San Mamesen baino irabazteko erraztasun gehiago izan du Athleticek orain arte. Oztopoak, behinik behin, errazago gainditu ditu. Gaur Laudrupen Getafe taldea izango du aurrean. Entrenatzaile danimarkarrak zuzentzen duen taldeak ez du sasoi hasiera ona egin. Zorte txarra izan omen du. Getafek egindako jokoak eskuratu dituen puntuak baino gehiago merezi izan duela diote Espainiako taldea jarraitu dutenek. Egia bada, ez da aurkari samurra izango. Dena dela, ez da kontrario garaiezina. Athleticek hazten jarraitzeko aukera ona izan dezake. Javi Martinezen laguntzarik barik egin beharko du aurrera. Caparrosek atseden eman dio. Duela hilabete pasatxo erokeriatzat jo zuena egin du entrenatzaile espainiarrak. «Nola dosifikatuko dut 19 urteko gazte bat?», esan zuen. Orain egingo du. Ez da erabaki txarra, gainera. Javi Martinez indar barik dago. Ezinean. Atsedena eskertuko du. Del Horno ere zerrendatik kanpo utzi du Caparrosek bigarren aldiz jarraian. Gallartakoa, ordea, ez dago nekatuta.

Javi Martinezen hutsunearen ondorioz aldaketak egongo dira hasierako hamaikakoan. Caparrosek aukera asko ditu. Asteko azken lan saioan Iraola zelairatu zuen Orbaizen alboan. Usurbildarraren postuan, berriz, Zubiaurrek jokatu zuen. Mendaroarrak debuta egingo al du titular gisa? Caparrosek azken jardunaldietan izan duen jarrera aintzat hartuta, ez dirudi gipuzkoarrak pozik eta lasai egoteko arrazoi asko dituenik. Aste guztian entrenatu duenetik beti aldatzen du zerbait. Gaurko kaltetua Zubiaurre izatea ez litzateke harritzekoa izango.

Eskuin hegalean nor ariko den ere ez dago argi. Betisen aurka Susaetak jokatu zuen. Ez zen ondo aritu. Etxetik at jokatutako azken partidan David Lopez aritu zen. Baina espainiarra ere ez dabil fin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.