Lau jardunaldi geratzen dira liga erregularra bukatzeko, eta hutsak egiteko tartea gero eta txikiagoa da. Zorionez, Bizkaiak badauka partidaren bat galtzeko tartea, baina hobe gaurkoa ez izatea, garaipena lortzen badu, ia-ia ziur titulua lortzeko kanporaketak jokatuko dituelako. CAI Zaragoza dator Bilbora; sailkapenean bederatzigarren postuan dagoen taldea, hain zuzen ere. Maiatzaren 6an lanean jarraitu edo oporrak hartuko dituzten taldeak erabakiko dituen postua da hori. Bizkaiak hiru garaipenen aldea kentzen dio CAIri, eta puntu aldean ere nagusi da oraingoz, Zaragozan 59-62 nagusitu baitzen joanekoan.
Katsikarisen taldea, ordea, ez da konformatzen kanporaketak jokatzeko txartel soilarekin. Ahalik eta sailkapenik onena lortu nahi du, final-laurdenen zailtasuna samurtzeko, eta, horregatik, geratzen zaizkion lau partidak irabazi nahi lituzke. Erronka zaila da, egutegi gaiztoa baitu: CAI, Lagun Aro, Unicaja eta Caja Laboral. «Laurak irabazteko gai garela uste dugu taldean, baina pausoz pauso joan behar dugu», esan du Mavroeidisek atarikoan. Valentzian galdu izana ahaztuta omen daukate jadanik: «Exijentzia handiko txapelketa da ACB liga, eta Valentzian irabaztea ez da erraza. Normaltzat jo daiteke han galtzea».
CAI Zaragozak indar apur bat galdu du azken hilabetean. Kopatik at geratu zen azken jardunaldian, eta jardunaldi batzuk zortzi onenen artean egin ostean, azken lau partidetatik hiru galdu ditu; pare bat koska galdu ditu sailkapenean. Bizkaiak ez bezala, Aragoikoek ez dute hutsik egiteko tarterik, eta, galduz gero, aldats gora edukiko dute zortzi onenen artean sailkatzea. Jardun gorabeheratsua duen taldea da. Cabezas, Steffansson, Toppert, Hettsheimer, Aguilar... Jokalari sorta ona du, baina, gaur-gaurkoz, Bizkaia baino talde kaskarragoa da.
Kanporaketa ziurta dezake
Bizkaiak CAI hartuko du gaur Miribillan, eta behin sailkatuta, postua hobetzen saiatuko da (20:15, ETBk)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu