Indarrak nahikoa justu zituzten atzo txirrindulari gehienek, baina mendiko azken etapa gainditu beharko dute gaur. Ez nolanahikoa, gainera. Mendateen desnibelari erreparatuz gero, litekeena da gaurkoa izatea Giro guztiko gogorrena. Funtsezkoa da gogortasun horretan Mortirolo beldurgarria. Munduko aldapa gogorrena dela diote hura igo duten txirrindulariek. Igo ez dugunok, eta igoko ez dugunok, zenbaki hotzek diotenarekin fidatu behar dugu. 13,2 kilometroan %10,2ko batez besteko desnibela dauka Mortirolok, eta %10etik gorako aldatsak kontaezinak dira. %12tik gorakoak asko eta %15etik gorakoak, gutxi ez. Mortirolok sekulako triskantza egin dezake, han erasoak alferrikakoak baitira. Bakoitzak bere erritmoan igo behar du, oker-oker eginda.Mortirolo, gainera, eguneko lehen mendatea da, eta han minutu parea galtzen duenak lanak izango ditu onenen tropelean sartzeko berriro. Atsedenik gabe Vivione bukaezinari ekingo diote. 20 kilometro ditu Vivionek eta %6,6ko batez besteko desnibela. Erne Vivioneko azken sei kilometroekin: lauk %9tik gorako desnibela dute.
Presolana da Giro honetako azken mendatea. Aurrekoekin alderatuta, ezer ez, baina aurrekoen eraginez, mundua. 8 kilometro eskas ditu eta %6,9ko desnibela. Azken lau kilometroak gehiegizko zigorra dira: %10eko bi kilometro, %9,6koa bat eta %8koa azkena.Saecok ezingo du atzoko kontrol lan bera errepikatu, Mortirolon ezin delako ezer kontrolatu. Gain hori aurrean pasatzen duenak asko irabaziko du.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA
Kanporatze proba
Erasoek baino gehiago, erresistentziak finkatuko du sailkapen nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu