Kantitatea ez da kalitatea

Gaur hasiko da ABF liga, hamalau taldez osatuta, lau euskal ordezkari tartean direla: Itxako, Bera Bera, Kukullaga eta ZuazoDonostiarrak liga irabazteko faborito argiak dira; besteek mailari eustea dute helburu

Adriana Doce Castro Bera Berako jokalari berria, atera jaurtitzen, JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Zubeldia-Imanol Magro
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Kopuruan, gora; baina baliabideetan, behera. Horrela laburbil daiteke ABF ligako euskal taldeen egoera. Gaur hasiko da liga, lau euskal ordezkari tartean direla: Itxako, Bera Bera, Kukullaga eta Zuazo. Donostiarrek soilik eutsi diote indarrari; Itxako desagertzeko zorian egon da, eta ez jaisteko borrokan sartuko da. Kukullagak eta Zuazok, berriz, bulegoetan lortu dute ABF ligara pasatzea. Hor eustea nahikoa sari izango da horientzat.

ITXAKO

Errautsetatik jaio da

Ametsa izandako taldearen errautsetatik jaio da Itxako berria. Azken lau denboraldietan ABF Ligako txapeldun izandako taldea desegin egin zen iragan sasoian, eta 1,3 milioi euroko zorrak kolokan jarri zuen kirol egitasmoaren iraupena. Jokalari guztiek taldea utzi zuten, eta zuzendaritzak duela hiru aste ziurtatu zuen taldeak ABF Ligan jarraituko zuela, eta bide batez EHF Kopa jokatuko zuela. «Talde historiko bat da Itxako, eta ezin da desagertu. Niretzat, hau guztia erronka bat da»; Eduardo Izquierdoren hitzak dira, taldea zuzentzeko aukeraturiko teknikariarenak.

Asobal Ligako Valladolid taldeko bigarren entrenatzaile izandakoak ez du denborarik izan bere taldea lantzeko. «Dena oso berandu gertatu da. Denbora behar dugu oraindik. Are gehiago: baliteke taldea itxita ez egotea». Izquierdok duela hamar egun jakin zuen zein izango zen bere taldea. Jokalari askok dute eskarmentua ABF Ligan, eta hiru nafar gazte ere fitxatu dituzte. Itxakoren zorren oihartzuna handia izan da, eta ezezko asko jaso dituzte taldea osatzeko garaian. «Ez da erraza izan. Berandu hasi gara bila, eta jokalari asko lotuta zeuden ordurako. Gero, zalantzak zeuden; ulertu eta errespetatzen dut. Taldearen osaketa baldintzatuta egon da». Andrea Barnok bere betiko taldearekin jarraituko zuen itxaropena izan du zuzendaritzak, baina badirudi Lizarrako erdikoak erretiroa hartuko duela.

Baina zer-nolako maila du Itxakok? «Helburua da ABFn jarraitzea, eta gure maila ematea, hala Ligan, nola Europan. Jokalariek sistema ondo bereganatzen badute estutasun handirik gabe lor dezakegula uste dut, ligaren maila jaitsi egin delako, baina argi dut helburua mailari eustea dela». Eta Europa? Bada, bai. Txapeldunen Liga jokatzeari uko egin ondoren, Itxakok EHF Kopan sartzea lortu du. Hirugarren fasean ekingo dio, eta lehen kanporaketa Zipreko Tasiaren aurka jokatuko du azaroaren 10ean eta 17an.

Superkopako finalean 42-18 galdu zuen Bera Beraren aurka, baina ez da adibide egokia, jokatu aurretik bi entrenamendu bakarrik eginak zituelako taldeak, eta jokalari asko falta zitzaizkiolako. Itxakok Alcobendas eta Bera Beraren aurka ekingo dio ligari —bi aurkaririk indartsuenak—, eta Izquierdoren ustez ona da hori, euren ligako taldeekin jokatzen hasterako hamabost egun gehiago izango dituelako taldea lantzeko.

BERA BERA

Gozatzeko denboraldia

Donostia aldean ez dute onartu nahi; ez dute mezu hori zabaldu nahi. Baina, aurkari guztiak aztertuta, Bera Bera da ABF ligako talderik indartsuena. Espainiako Superkopa irabazita ekin diote denboraldiari —42-18 irabazi zioten Itxakori joan den larunbatean—, eta «sailkapenean goi-goian jartzea» da Reyes Karrere entrenatzailearen lehen helburua. «Azken urteotako bideari eutsi nahi diogu. Aurkari batzuk ahuldu egin dira, baina Superkopa bigarrenez irabazi dugu, Kopako tituluak ere hor daude, finalak, Europako ibilbidea... Guk gora ez dugu egin gainerakoak jaitsi direlako bakarrik».

Aurkari askoren taldeak aldatu dira. «Baina baita gurea ere. Jokalari garrantzitsu batzuk galdu ditugu, jokalaririk altuenak, defentsan eta kanpoko jokoan aukera asko ematen zizkigutenak». Baina zentimetroak galduta ere, Karrerek ez du uste horrek eraginik izango duenik defentsako lanean. «Defendatzeko modu asko daude, eta egokitu egin beharko dugu». Erasoan, berriz, jokalari txikiagoak eta azkarragoak izanik, golerako bidea ez da askorik aldatuko. Jokamoldea orain artekoa izango da. «Defentsa gogorra, abiadura eta kontraerasoa».

«Erronka gisa» hartu du Karrerek 2012-2013ko denboraldia. Txapeldunen Ligako atariko partidari aurre egin beharko diote donostiarrek irailean bertan. «Lau lehiaketatan parte hartuko dugu denera, eta erronka polita da». Ligari begiratuta, Bera Berako entrenatzaileak argi dauka zein izango diren aurkaririk indartsuenak. «Alcobendas hor dago, Elx ere bai, Porriñok ere fitxaketa politak egin ditu, Ro'Casa bera ere indartsu dago... Baina lehen jardunaldiak aztertu beharko ditugu ikusteko bakoitza non egon daitekeen».

Tituluak irabazteko «huts gutxi» egin daitezkeela azpimarratu du Karrerek. «Eta, eginez gero, azkar ahazten jakin behar da». Lan horretan, ezinbestekoa izango da zaleen babesa. «Baina guk eman behar diegu lehenengo haiei, gero haiek gu babes gaitzaten. Eskaini egin behar dugu ondoren jasotzeko». Jokalariei, beraz, mezu argia helarazi die. «Dena eman dezatela, ausart joka dezatela. Garai zailak izango dira tartean, baina ausart jokatu behar dugu garai horietan. Inoiz ez da erraza izan, eta barneratu behar dugu denboraldi honetan ere ez dela erraza izango».

KUKULLAGA

Bulegoetatik pistara

Irautea bera zalantzan eduki du Kukullagak uda partean, Ohorezko Mailatik jaitsita ia ezinezkoa zelako borrokan jarraitzea. Zuazok kendu zion lehen aukera, Elda Prestigiorena zen lekua erosita. «Oso garai zailak izan genituen, kluba oso gaizki geratu zelako maila galduta. Eldaren lekua hartuta, sasoi lasaia edukiko genuela espero genuen, baina, azken unean, Zuazo agertu zen». Lydia Montes Kukullagako entrenatzaileak haserre samar azaldu du egoera. «Kinka larrian geratu ginen. Diru laguntzen mende geunden, eta oso zail geneukan laguntza jasotzea».

Azken unean baretu zen ekaitz giroa. «Murtziak uko egin zion Ohorezko Mailari, eta arnasa pixka bat hartu genuen. Maila berean egonda, Zuazo eta bion artean banatu beharko dugu diru laguntza, baina irauteko balio izan digu, behintzat. Klubeko guzti-guztiek ahalegin handia egin dugu proiektuari eusteko, eta umiltasunetik, lanean jarraitu beharra dago».

Kukullaga-Zuazo, Zuazo-Kukullaga. Kilometro gutxian, Ohorezko Mailako bi talde daude Bizkaian, eta azken-aurreko jardunaldian derbia jokatuko dute. «Betidanik egon da lehia handia. Ez dugu bat egiten haien filosofiarekin, baina haien kontuak dira horiek. Guk gureari begiratu behar diogu, baina moduak eta moduak daude gauzak egiteko».

Kirol arloari begiratuta, argi dago Kukullagak ez daukala mailari eustea beste helbururik. «Zaila izango da denboraldia, baina baita polita ere. Talde gehienentzat izango da oso sasoi gogorra». Montesek uste du aurreko denboraldian «hasiberrien hutsak» egin zituztela. «Zilarrezko mailarako egokituta zegoen taldea, eta azken unean eduki genuen aukera Ohorezko Mailan aritzeko. Geunden bezala ekin genion ligari, eta asko sufritu genuen, alde ikaragarria zegoelako maila batetik bestera». Bukaerara arte mailari eusteko borrokan murgilduta egon ziren bizkaitarrak, hala ere. «Denboraldi honetan eutsi egin diogu aurreko blokeari, eta hiru jokalari ere fitxatu ditugu: Claudia Zorrilla atezaina, Jessica Nogales eta Nerea Elizegi Basaurik utzita. Esperientzia hori nabaritu beharra daukagu».

Bera Bera, Elx, Alcobendas, Ro'Casa... Horiek aipatu ditu Montesek goiko borrokarako. «Eta gure lehen helburua mailari eustea da. Entrenatzaile postutik, hala ere, beste zerbait ere nahiko nuke nik. Ea lortzeko gai garen».

ZUAZO BARAKALDO

Harrobiaren ilusioa pizteko

Zuazo Barakaldo Eldaren plaza erosita itzuli da ABF Ligara. Igoera fasean gol bakar batek utzi zituen Ohorezko Mailatik kanpo, eta bulegoetan eman zuten pausoa, 8.000 euroren truke. Zergatik? «Harrobi lan ona egiten dugu, jokalari gazte asko ditugu, eta pentsatu genuen goiko taldea ABF Ligan egoteak ilusioa piztuko zuela. Erreferente bilakatuko zela». Azalpena Joseba Etxeberriarena da (Barakaldo, 1974), iragan sasoiaz geroztik taldearen entrenatzailea denarena.

Zuazoren hamalau jokalarietatik hamaika bizkaitarrak dira, eta ez direnen hiruretatik bik urte asko daramatzate Euskal Herrian. Iragan sasoitik hona, hiru jokalari fitxatu dituzte bakarrik, eta hor datza taldearen indargunea. «ABF Ligan, goitik behera aldatu diren hainbat talde daude: Itxako bera, Castro... Talde bat osatu eta multzoa sendotzeko denbora pixka bat behar da, eta guk lan hori egina dugu. Mar Alacant dugu aurkari gaur, eta egoera horretan dagoela baliatu behar dugu. Guk hiru jokalari berri ditugu, eta horietatik bik etxea ezagutzen dute. Atea indartu dugu bereziki».

Bigarren Mailan aritzeko osaturiko taldea ABF Ligako bilakatu zen kolpetik uztail erdi aldera. Teknikariaren ustez, sasoi honetan itxuraldaketa hori inoiz baino leunagoa da. «Aldatzen da, maila aldaketa handia delako, baina sasoi honetan ABFn ez da egongo aurrekoen mailarik. Krisiaren erruz, talde asko kolokan gelditu dira, eta ligako maila oro har dezente jaitsi dela iruditzen zait. Talde indartsuak badaude, noski: Bera Bera liga irabazteko hautagai nagusia, Porriño, Alcobendas... Baina hortik beherako guztiek helburu bera dugu: atzetik bi talde uztea».

Profesionalik gabeko taldea da Zuazo, eta jokalarien lan betebeharrek asko zaildu dute denboraldi-aurrea. ABF Ligan ere ez du esperientzia handirik, eta horrek arduratzen du Etxeberria. «Aurkarien izenek jokalariak beldurtu ez ditzaten nahi dut. 'Gaur Mar Alacant, hurrengoan Leon'... Talde historikoak izan arren, gure mailan daudela ikus dezaten nahi dut». Kirola mailari dagokionez, mailari eusteko tropelean jartzen du Zuazo, eta Lasesarren irabaztearen garrantzia nabarmendu du. «Bera Bera da, nire ustez, aldea izan dezakeen talde bakarra; beste guztiei dagokienez, edozein pistatan gal dezakete. Baita gurean ere. Etxeko puntuak altxor bat izango dira, eta aurrenekoak gaur bertan lotu behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.