Kantxarekin asmatu dute

Intendenteek zein pilotariek Bilboko pilotalekuko zorua eta frontisa goratu dituzte; biziak dira eta pilota ondo ibiltzen daJuan Martinez de Irujok gaur erabakiko du larunbateko partida jokatuko duen ala ez

Irujo eta Merino errebotearen alboan piloteatzen, argazkilarien begiradapean, atzoko pilota aukeraketan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Azpiegitura ikaragarria da. Han goitik ez dakit nola ikusiko den, baina kantxarekin, behintzat, asmatu dute». Juan Mari Juaristi EPELeko pilota hautatzaileak miresmenez deskribatu zuen atzo Bilboko pilotaleku berriko kantxa. «Pilotaleku berrietan zorua lakarra izaten da, pilota asko jaten du, eta hemen, aldiz, bizi dabil. Pilotak koadro asko egiten ditu bote bakoitzean. Ez dakit nola egin duten, baina ondo dago». Ez da Atano XIII.aren iritzia bakarrik; atzo pilotalekua probatu zuen orok nabarmendu zuen ezaugarri bera. Pilotariek, intendenteek... denek zioten pilotaleku noblea dela, ona. Beste kontu bat dira euriak azaleratu zituen bi itogin handiak, bat kantxan eta bestea kontrakantxan. Arduradunek ikusi zituzten, eta etziko konponduko dituzte. Sarrera guztiak salduak zeuden atzoko, eta halako arazoak konpondu egin behar dira.

Enpresako intendenteak etziko Irujo-Merino II.aren eta Olaizola II.a-Beginoren arteko partidarako pilotak jartzera joan ziren, sorta handiarekin badaezpada ere. Eta ustekabeko gozoa hartu zuten. Hala aitortu zuen Martin Alustiza Aspeko teknikariak. «Ustekabeko gozoa hartu dugu, benetan. Bote bakoitzean pilota asko ibiltzen da, eta frontisa bizia da. Itxura ona du». Roberto Garcia Ariño du Asegarceko lankidea. Hark ere pilotez inguratuta jardun zuen lanean, eta ontzat eman zuen pilotalekua. «Frontisa bizia da, Astelenakoaren antza du, eta lurra oso ondo dago. Gustatzen ez zaidana sabaian sarerik ez izatea da, hori mugatu egin behar da. Luzera ere egokia da. Oraingo pilotekin 38 metroko pilotalekuak behar dira».

Pilotariek ere izan zuten kantxa probatzeko aukera. Olaizola II.a eta Begino herenegun entrenatu ziren, eta Irujok eta Merinok saio laburra egin zuten atzo. Bi bikoteak, bestalde, pilotekin gustura gelditu ziren. Kantxa zen mintzagai nagusia, baina Iberokoak jokatuko duen argitu beharra zuen. Belaunean tendinitisak jota dago, eta bi eskuak minduta dauzka. «Galde iezadazue non ez dudan minik. Bi minek arduratzen naute», esan zuen atzo, umoreko. Gaur hartuko du erabakia. «Baikorra naiz. Jokatu nahi dut, baina gaur [atzo] baino hobeto egon beharko dut jokatzeko».

Kantxari buruz ere mintzatu zen Iberokoa, eta hutsuneak aurkitu zizkion. Haren ustez, ezker paretak efektu bitxiren bat edo beste egiten du, eta itoginak konpontzeko eskatu zuen. Zorua, halere, gustatu zitzaion. Asegarceko pilotariek luzeago probatu dute kantxa, eta Beginok xehetasun gehiago eman zituen. «Kolore beltza urdina baino gehiago gustatzen zait jokatzeko, eta harrigarria da kantxatik harmailetara begiratzean ikusten dena». Pilotalekuaren berezitasunetako bat sarerik eza da. Frontisetik sabairaino hamabost metroko pareta dago, eta goiko aldetik botaz gero, pilota urrun jartzeko egokia da. Beginorentzat aproposa da. Baina ez zuen hori onartu nahi izan. «Ez diot horri begiratzen. Pilotaleku noblea da eta hori gustuko dut». Autzakoak herenegungo saioan hiruzpalau errebote jo zituen.

Aimar Olaizola ere harrituta gelditu zen, eta iragarpen bat egin zuen. «Pare bat urte barru, zorua gehiago higatzen denean, pilotaleku biziena izango da». David Merino gutxi mintzatu zen pilotalekuaz, baina zintzo onartu zuen finalerdietan lasaiago jokatu ahal izango dutela. «Azken partidetan ezinbestean irabazteko presioa sumatu dugu. Orain, hutsetik hasiko gara».

«Epailea, aterkiarekin»

Baina dena ez da distira. Bizkaia pilotaleku bikaina da, baina badaude gauzak konpontzeko. Itoginak dira larrienak, biak handiak baitira. Kantxakoa hirugarren koadroan dago, paretaren alboan. Bestea, berriz, kontrakantxako lehen metroan, zazpigarren koadroan. Pilotazale batek laburbildu zuen hobekien arazoa. «Atzeko epaileak aterkiarekin etorri beharko du». Sabaiko sarea jartzea ere aztertu beharko da, eta errebotean publizitate itsasarriak jartzea ere bai. Atzean berrehun eserlekutik gorako harmaila dago eta ezin zaie ikusle horiei trabarik jarri erdian.

Langileak gora eta behera zebiltzan, etengabe lanean. Bat itsasgarriak jartzen ari zen ateetan, «irterik gabe» ziotenak, «irteerarik gabe» beharko zukeen tokian. Gaztelaniaz, berriz, ondo zeuden idatzita. Beste arazo larri bat aparkalekuko toki urriak dira. Atzo aparkalekuko zorua konpontzen ari ziren oraindik, eta Miribillako poliziak makina bat isun jarri zuen. Horietako bat, Beginori. Baina Autzakoa garaiz iritsi zen autoa mugitzeko, eta kendu egin zioten. Kontuz ibil daitezela etzi bertaratzekoak direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.