Futbola. Espainiako Kopako finala

Kapitainaren harrotasuna

Realean hazi eta Real Unionen, Eibarren eta Logroñon zaildu ondoren iritsi zen Manu Garcia gasteiztarra Alavesera, bere taldera, 2012ko udan. Harekin batera egin du gora, Bigarren B Mailan hasi, Bigarren Mailatik pasatu eta Lehen Mailara igo arte. Ametsa beteko du Kopako finala jokatuta.

Manu Garcia Alaveseko kapitaina, Deyverson Silva aurrelari brasildarrari besarkatuta, denboraldi honetan Gasteizko taldeak Mendizorrotzan jokatutako partida batean. DAVID AGUILAR / EFE.
jon eskudero
2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bizitzea egokitzen ari zaion guztia barneratzea bera ere kosta egiten zaio Manu Garcia Alaveseko kapitainari. Gasteiztarra izaki, bihotzeko taldea du Alaves, baina 26 urte bete arte ez zuen lortu amestutako elastikoa janzterik. Realean hazi eta Real Unionen, Eibarren eta Logroñesen zaildu ondoren, duela bost urte heldu zen Gasteizera, eta «txikitako ametsa» bete. Ordezkaezin bilakatu da ordutik. Bigarren B Mailan hasi, Bigarren Mailatik pasatu, eta Lehen Mailan onenen pare ari da, 31 urterekin. Ezeren gainetik, «lanari eta sakrifizioari» esker lortu du arrakasta, eta, ezinezkorik deus ez dagoenez, uste du posible dela Espainiako Kopa irabaztea.

Behetik gorako bidea taldearekin batera egin du Manu Garciak. Oraindik ere gogoan du 2012ko uda hura. «Bigarren B Mailan esperientzia handia izaki, Alavesek deitu zidan ni fitxatzeko asmoa zutela esateko, eta izugarrizko ilusioarekin eman nuen baiezkoa». Artean, ezker hegaleko jokalaria zen, eta postu horretan jokatuta lortu zuen Bigarren Mailara igotzea. «Lehenago ere banekien zer zen mailaz igotzea, Real Unionekin egin bainuen, baina Alavesekin lortu izanak beste aho zapore bat utzi zidan». Hurrengo denboraldian, Bigarren Mailan, zelai erdian jarri zuen Natxo Gonzalez orduko entrenatzaileak, eta bikain erantzun zuen. «Hasieran, kosta egin zitzaidan egokitzea, baina pixkanaka ikasiz eta hobetuz joan nintzen».

Alavesi kosta egin zitzaion Bigarren Mailan egonkortzea. 2013-2014ko sasoian azken minutuan eutsi zion mailari, Jaenen zelaian 2-3 irabazita. Alberto Lopez zen taldearen gidari. «Partida hartan bezainbeste ez dut uste inoiz sufritu dudanik. Zorionez, irabazi, eta mailari eutsi genion». Zuzendaritzaren eskutik, taldea egoki eraiki ondoren, iragan sasoian lortu zuen Lehen Mailara igotzea Alavesek, hamarkada baten ondoren, Jose Bordalasekin, eta ezinbesteko pieza izan zen taldean Manu Garcia. «Sinestea bera ere kosta egiten zitzaidan Alavesekin jokatuko nuela Lehen Mailan. Zoriontsu nintzen, baina banekien lanean jarraitu behar nuela onenen artean maila ona eskaintzeko».

«Guztiok sinesten dugu»

Lanaren fruituak berehala jasotzen hasi zen kapitaina. Kopako finaleko estadio berean egin zuen debuta Lehen Mailan, Mauricio Pellegrinoren gidaritzapean: Vicente Calderonen. Ez edonola, gainera. Galtzen hasi ziren, baina areaz kanpotik gol ikusgarria sartu, eta bana berdindu zuen, 95. minutuan. Ondo hasi zuen denboraldia, eta hobeto eutsi dio. «Niretzat erronka izugarria zen ikustea ea gai ote nintzen Lehen Mailan jokatzeko. Oso pozik nago, hobetzen ari naizela sentitzen dudalako. Bikaina da ligako jokalari onenen parean lehiakor nagoela ikustea, eta goraka egiten jarraitu nahi dut».

Kapitainak berak ere ez zuen espero hainbeste distira izango zuenik Alavesen denboraldiak. «Taldearen erdia baino gehiago berria izaki, zalantza asko genuen nola erantzungo ote genuen, baina elkarren arteko giro onak errazagoa bihurtu du dena». Pellegrino goraipatu du: «Hark asmatu du fitxaketak egin eta piezak egoki jartzen. Oso pertsona argia da, gertukoa, eta taktikoki izugarri lantzen ditu jokaldiak. Ezkerreko eskua erabiltzen daki; jokalari ohia izatea ere mesedegarri zaigu, ulertzen gaituelako, eta hari esker gaude gauden tokian».

Baina urrunago iritsi nahi du, eta historian sartu Kopa irabazita. «Irabazteko sailkatu gara finalerako, ez jokatzeko bakarrik. Guztiz sinesten dugu dauzkagun aukeretan. Hasierako aurreikuspenak nabarmen gainditu ditugu, eta lana biribiltzea izango litzateke titulua irabaztea. Merezi dugu. Burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten halako egun bat bizitzeko aukera izango nuenik, are gutxiago Alavesekin, baina, behin lortuta, daukadan dena eta gehiago emango dut. Sekula ahaztuko ez dudan eguna izango da». Balizko gehiegiko urduritasunari eustea espero du: «Entrenatzaileak esan digu lasai egoteko, eta egoera ongi kudeatuko dugula. Argentinar ororen modura, irabazteko sen handia du, baina badaki odol hotzez jokatzen eta hori jokalarioi adierazten».

Zer egin behar da Bartzelonari irabazteko? «Badakigu kalitate handiko taldea dela, izarrez betea, baina beldurrik ez izatea ezinbestekoa da. Liga hasieran baino talde hobea da orain Alaves; behetik gora egin dugu, konfiantzaz gainezka gaude, eta erabat sinesten dugu gugan».

Gasteiztarrek irabazi zioten Bartzelonari liga hasieran, Camp Noun, 1-2. Ligako bigarren itzulian, ordea, sei gol sartu zituzten Mendizorrotzan (0-6). «Ez dakit zer den final bat jokatzea, baina erabat ezberdina izango da. Ligako partidak ezin daitezke aintzat hartu. Sasoi honetan titulurik ez du irabazi oraindik Bartzelonak, eta baliteke presio hori sentitzea. Hasieran ongi eusten badiogu, partidak aurrera egin ahala, gero eta aukera gehiago izango ditugu irabazteko». Gainera, uste du albiste ona dela Luis Suarezek ez jokatzea: «Golegile aparta da Suarez, eta, Bartzelonak ordezko onak izango dituen arren, mesede egingo digu hark ez jokatzea».

Emaitzaz harago, halere, zaleak hartu nahi lituzke gogoan kapitainak. Mendizorrotzan ligan jokaturiko azken partidan, txalo zaparradaz hartu zuten jokalaria jarraitzaileek, eta haren lanerako grinaren esker ona adierazi. Inor eskerrak ematekotan badago, halere, taldea bera dagoela uste du. «Alavesek UEFA kopako finala jokatu zuenean Liverpoolen aurka, Realean nengoen ni, baina gogoratzen naiz nolako giroa sortu zen zaleen artean. Harrotasuna izan zen hiritarrontzat. Finala era krudelenean galdu arren, ikusi zen Gasteizek baduela futbolzale bikain bat». Handik hamasei urtera antzeko zerbait sentitzeak preziorik ez du, Manu Garciaren esanetan. «Azken urteotan izugarri sufritzea tokatu zaio klubari. Garai latzetan ondoan egon dira jarraitzaileak, ez dute inoiz baztertu taldea, eta haiei esker gaude finalean. Kluba izugarri hazi da kirol arloan, baina lehen bezain handi jarraitzen du harmailetan. Haiei eskaini nahi diegu titulua».

Finalaren ondoren, merezitako oporraldiari ekingo diote jokalariek, baina zuzendaritzak lanean jarraitu beharko du. Kapitainaren ustez, garrantzitsuena litzateke Lehen Mailan egonkortzea eta horretara bideratuta proiektuari jarraipena ematea. «Egungo zuzendaritza oso ondo ari da, eta ikusi da gauzak ondo eginez gero helburuak lor daitezkeela. Pertsonalki, espero du lehiakor segitzea, orain arte bezala». Aulkian Pellegrinok jarraitzea gustatuko litzaioke: «Entrenatzaile on batek behar duen guztia dauka, eta asko ari gara ikasten. Etorkizun oparoa du, eta espero dugu gurekin eraikitzea etorkizun hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.