Realaren mendeurreneko ekitaldiek aurrera jarraitzen dute, eta atzo jokatu ziren emakumeen Bosgarren Sportmundi torneoko bi finalerdiak. Hondarribiko Hondartza zelaian jardun zuten Levantek eta Athleticek, batetik, eta Bartzelonak eta Realak, bestetik. Gaurko finala kataluniarrek jokatuko dute, Euskal Herriko bi taldeak menderatu eta gero. 12:30ean da azkeneko partida, Irunen, Gal estadioan. Aurretik, 11:00etan eta leku berean, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko neurketan ariko dira Reala eta Athletic.
Finalerdiak parekatuak izan ziren. Aurrenekoan, Realak eta Bartzelonak hutsean amaitu zuten. Penaltietan erabaki zen irabazlea zein izango zen, eta kataluniarrak nagusitu ziren. Bigarren neurketan, Athleticek 0-1 galdu zuen Levanteren aurka. Partidako gol bakarra Estherrek sartu zuen, 20. minutuan. Hortik aurrera, saiatu ziren Iñigo Juaristiren jokalariak berdinketa lortzen, baina ezin izan zuten.
Reala-Numantzia (0-0)
Atzo eman zion amaiera denboraldi-aurreko partida sortari Realak. Tolosan (Gipuzkoa) jokatu zuen Numantziaren aurka, eta hutsean bukatu zuten partida Bigarren Mailako bi taldeek. Lehen zatian, espainiarrak nagusitu ziren, eta aukera garbiak eduki zituzten. Hala, Kike Solak eta Del Riok zutoinera bota zituzten bi jaurtiketa. Gero, bigarren zatian, Reala hobeto moldatu zen, eta hasi orduko, jokaldi onena lortu zuen. Carlos Buenok eta Nsuek landutako batean, Mallorcak utzitako jokalariaren jaurtiketa Numantziako atezainak gelditu zuen. Handik pixka batera, kanpokoek sartu zuten gola, korner batean, baina Del Rioren gola ez zuen balekotzat eman epaileak.
Emaitzaz haratago, Mikel Aranbururi egin zioten sarrera gogorra izan zen albiste. Ezin izan zuen jarraitu, eta datozen orduetan jakingo da zer duen. Oraintxe hasi da berriz jokatzen, peronea hautsita egon eta gero.
Kataluniarren arteko finala Realaren mendeurreneko torneoan
Athleticek 0-1 galdu du Levanteren aurka, eta Reala penaltietan gainditu dute kataluniarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu