Kate motzean lotuta

Diru sarrerak gehiago izan dira inbertsioak baino Lehen Mailako fitxaketetan. Krisiak gogor jo du futbolean ere, eta 55 milioi euro gastatu dira, iaz baino 162 gutxiago.

Kate motzean lotuta.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ez dago harrokeria handirik Espainiako Ligako Lehen Mailako taldeen artean. Jokalariak fitxatzeko ateak irekita daude teorian, baina itxita praktikan. Bai, behintzat, talde askotan. Krisiak gogor jo du futbolean ere, eta amaitu dira garai bateko distirak, izarrik ez badago distira ere nekez agertuko baita. Egia da euskal taldeek parte hartzen duten ligak duela indar handiena nazioartean, baina etorkizunean hala izango den ez dago argi. Aurten, saldutako jokalariak gehiago izan dira erositakoak baino. Pentsa, oraingoz 55 milioi euro gastatu dira aurten guztira fitxaketetan, eta iaz, 217. Orain bost urte, berriz, 538,7 milioi euro gastatu ziren —inoizko kopururik handiena—. Diruak ematen du bihotzean poza, eta aurten poz gutxi izango dute lehen mailako hogei taldeek. Kate motzean lotuta daude.

Batzuk besteak baino okerrago daude, eta Osasunak, diru arazoak baldin baditu ere, fitxaketetan gastatutako diruari dagokionez, ez dauka kezkatzeko motiborik. Izan ere, bost jokalari berri ekarri ditu, baina euro bakar bat ere gastatu gabe: Llorente, Armenteros, Arribas, Sisi eta Nano. Batzuk libre heldu dira, eta bakarren bat, utzita. Gainera, Ibrahima saltzeagatik 4 milioi euro eskuratu ditu. Beraz, inbertsio ona egin duela esan daiteke. Athleticek 2,5 milioi euro eman dizkio Valentziari, Adurizen truk. Ismael Lopez libre iritsi da. Saldu oraindik ez du jokalaririk saldu talde zuri-gorriak, baina kontuan hartuta hainbat fitxa ez dituela ordaindu beharko —Aitor Ociorena, artean— egoki ibiliko da diru aldetik.

Euskal taldeen artean Realak egin du inbertsiorik handiena: 3,2 milioi eurokoa. Diru kopuru horixe ordaindu du Carlos Velagatik. Fitxaketa desiratua zen, eta kosta ahala kosta egin beharrekoa, txuri-urdinen arabera. Gainontzeko biak, Chory Castro eta Jose Angel, libre iritsi dira. Saldu dituen jokalariengatik ere diru pixka bat jaso du Donostiako taldeak.

Azken hamabi urteetan bederatzi aldiz gainditu izan dira fitxaketetan 200 milioi euro. Zidane, Cristiano Ronaldo eta besteren fitxaketak astakeria bat ordaindu dira. Orain, ordea, Ogasunak ez du barkatzen. Taldedenen artean 752 milioi euroko zorra dago. Horrez gain, UEFAk berak ere hesia jarri dio fitxaketen kontuari, eta ezin dira izen eta izan handiko jokalariak nolanahi ekarri. Datozen hiru denboraldietan 45 milioi euroko zorra duen talde hark ezin izango du Txapeldunen Liga jokatu. Horrek Real Madril eta Bartzelona lotzen ditu, gehienbat.

Eta nabaritu da, nola nabaritu ere. Real Madrilek ez du fitxaketa bakar bat egin oraingoz. Modricen atzetik dabil —30 milioi euro balio du—, baina ez du deus sinatu. Bartzelonak, berriz, Jordi Alba eraman du taldera, 14 milioi euroren truk. Espainiako Ligako fitxaketarik garestiena izan da, eta ez du besterik egingo.

Diru gehien gastatu dutenen artean ageri dira Bartzelonarekin batera Valentzia —15,1 milioi euro— eta Sevilla —5,5 milioi euro—. Beste herrialde batzuei dagokienez, berriz, inoizko kopuru altuenak gastatu dira Frantzian. PSG taldeak 99 milioi euro gastatu ditu Ibrahimovic, Thiago Silva eta Lavezzi fitxatuta. Chelsea dago bigarren lekuan, 49 milioi euro gastatuta. Ondoren, Juventus —Llorenteren atzetik dabil— eta Bayern Munich daude. Bistan denez, Espainiako Liga amildegiaren ertzean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.