'Katedradunen' bilera

Goikoetxea-Hernandez eta Erkiaga-Lopez elkarren auka ariko dira gaur Markinako Unian, binakako finalean

Imanol Lopez, pilota albotik jaurtitzen, aurtengo binakako txapelketako partida batean. JAI-ALIVE.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Egun handia dute gaur Markinako Unian (17:00). Zesta-puntaren unibertsitatean katedradunen bilera izango da. Harmailetan errektore, dekano eta irakasle andana bilduko da binakako finala ikusteko. Txapela jokoan egoteak berez erakargarri egiten du finala, baina partida bikaina espero da. Iñaki Osa Goikoetxea eta Johnatan Hernandez Aritz Erkiagaren eta Imanol Lopezen aurka. Bi oilar eta luxuzko bi bikotekide: ez dago faborito garbirik.

Final justua da, bi bikoteek ez baitute patidarik galdu txapelketa guztian. Hasiera batean eurak ziren hautagai nagusiak, Egiguren II.a-Enbilen —hirugarren izan dira— baimenarekin. Finalista bakoitzak multzo batean ekin zion txapelketari, eta, beraz, ez dute elkarren aurka jokatu. Txapelketan ez, baina Karmen egunean bai, Markinako urteko beste jaialdi handian; Erkiagak eta Lopezek 35-29 irabazi zuten, eta partida gogorra izan zen.

Bi zumaiar egongo dira finalean, eta euren lana izango da bikotearen karga hartzea. Egun, Goikoetxea eta Lopez aurrelari eta atzelari erabakigarrienak dira. Biak, gainera, bide luzea eginikoak dira binakakoan. Goikoetxeak bost aldiz irabazi du txapela; Lopezek, berriz, hirutan, azken hirurak hain zuzen. Euren bikotekideentzat profesional mailako aurreneko finala da.

Hernandez gasteiztarra da, 30 urte ditu, eta atzelari beterano, sendoa da, eta txapelketa ona egin du Goikoetxea lagunduz. Lehen fasean Egiguren II.a-Enbili (35-31) eta Lander-Irastorzari irabazi zieten (35-19). Finalerdietan, berriz, ez zieten aukerarik eman Garcia-Minvielleri (35-19). Erkiagak, berriz, etxean jokatuko du gaur, jaiotzez Ispastergoa den arren (1987). Aurrelari gaztea da, eta askok berarengan ikusten dute zesta-puntaren etorkizuna. Miamin urte ona egin du, eta txapelketan Lopezen agintea baliatzen jakin du. Lehen fasean Garcia-Alliezi (35-14) eta Olha-Etxetori irabazi zieten (35-25); finalerdietan, berriz, Egiguren II.a-Enbili (35-27).

Finaleko bi bikoteak Jai-Alive enpresakoak dira, eta abuztuan jokatuko da buruz buruko txapelketa. Binakako txapelketa, normalean, irail aldera jokatu izan da, baina aurten Munduko Pilota Batzarrak uztailera arte aurreratu du. Bertan Masterjaiko bi bikotek bakarrik parte hartu dute,Durangoko enpresak pilotari multzoa murriztu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.