Iraupena. 65 minutu.
Pilotakadak. 559.
Saketik. Irujok bi eta Gonzalezek alerik ez.
Markagailua. 0-3, 5-3, 5-7, 9-7, 9-9, 11-9, 11-19, 14-19 eta 14-22.
Bestelakoak. Iruñeko Labrit pilotalekua, leporaino beteta. Apustuak gorrien alde irten ziren, 100-60ri. Tentsio izugarria egon zen pilotalekuan. 14-21ekoan Irujok ezin izan zuen Gonzalezen gantxo bat eraman, eta Nitroko kamerak babesteko koltxoia airean bota zuen. Ondoren barkamena eskatu zuen.
Xala eta Barriola, finalean. Irujo eta Merino II.a, kanpoan. Gonzalez eta Laskurain, begira. Eta Olaizola II.a eta Begino, euren buruarekiko konfiantzaz. Horrelaxe dago Binakako Txapelketa oraintxe bertan. Emozio gehiago ezinezkoa da. Bihotzetik gaizki dagoena erne ibil dadila. Ustekabeko ederra gertatu zen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan. Gonzalezek eta Laskurainek irabazi bakarrik ez, hamasei tanto azpitik utzi zituzten Irujo eta Merino II.a, eta txapelketa hankaz gora jarri dute. Inor gutxik espero zuen halakorik gertatzea, baina «pilota borobila» dela esan zuen Azkaingoak, eta halaxe da, bai.
Bi aukera izan eta biak galdu dituzte Irujok eta Merino II.ak finalera sailkatzeko. Joan den astean xahutu zuten lehena, eta atzo bigarrena. Irabazi egin behar zuten, baina ez zuten irabazi. Askoz gehiago izan ziren urdinak, eta, buruarekin jokatuta, merezita nagusitu ziren. Orain itxarotea dagokie. Gaur Xalak eta Barriolak irabazten badute, bi bikoteok jokatuko dute finala. Aldiz, Olaizola II.a eta Begino gailentzen badira, gaurko partida errepikatuko da bi aste barru Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bi hitzetan: Xala-Barriola bikoteak finaleko kontrarioa aukera dezake.
Baina noski, behin galtza zuriak jantzita profesionaltasuna ez dago zalantzan ipintzerik, eta dudarik ez izan Xala eta Barriola irabaztera irtengo direla, are gehiago enpresari mesede handia egin diezaioketenean. Hori bai, aurkariek izango duten tentsioa faltako zaie, eta hori onerako zein txarrerako gerta daiteke. Gaurko lau pilotariek baino gehiago sufrituko dutenak Gonzalez eta Laskurain izango dira. Azken hori bereziki. «Ni Eibarren izango naiz. Izugarri sufrituko dut, baina nahiago dut han egon», esan zuen atzo Soraluzekoak. Ez al zaio damutuko.
Baina finalera ez sailkatuta ere, pozik egoteko moduan da. Atzo, beste behin, bera izan zen laukoteko onena. Egia da kantxaratu zuten pilota gehitxo zela Labriterako, baina ez dago meriturik kentzerik gipuzkoarrari. Gonzalezek ere ongi lagundu zion. Irujok, berriz, ehiztariaren papera bete zuen. Aurkarien pilotarekin ezin izan zuen jokoan sartu, eta begira egotea tokatu zitzaion. Merino II.ak norgehiagoka polita jokatu zuen, baina gaztetasuna igarri egin zitzaion.
Zalantzak, presioak, urduritasunak eta emozioak gaur amaituko dira. Eibarko katedralak dauka azken hitza, eta partida enpresa auzia izango da.
Irujo-Merino II.a 14. Gonzalez-Laskurain 22
Katedralak dauka azken hitza
Xala eta Barriola finalera pasatu dira, eta Irujo eta Merino II.a aukerarik gabe geratu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu