Katsikaris: «Buruz gu baino hobeto daude; zeregin zaila dugu»

Gescrap zailtasunekin hazi egiten den talde bat dela dio Sito Alonsok; «garaipena lortzeko asmoz» daude

Fotis Katsikaris, Caja Laboralen aurkako Euroligako partidan. RAUL BOGAJO / ARP.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Jokoan asko dutela jakitun, baina ohiko zuhurtziarekin. Fotis Katsikaris eta Sito Alonso entrenatzaileek aurkariaren indarra goratu zuten biharko derbiaren atarikoan, bientzat garaipena oso garrantzitsua dela nabarmenduz. Katsikarisek galdutzat jotzen du buruko indarraren borroka, partida hasi aurretik: «Lagun Aro gu baino hobeto dago buruko indarrez. Lau garaipen lortu ditu jarraian, behetik gora dator taldea, eta gu, aldiz, bi partida galduta gaude. Norgehiagoka gogorra izango da».

Gescrap Bizkaiak orain arte aurrez aurre izan dituen aurkariak eta Lagun Aro oso ezberdinak direla uste du greziarrak: «Zortzi jokalariko bizkarrezurra dute, mugatu samarra. Baina zortzi horiek ederki moldatzen dira elkarren artean, denek dakite, une oro, zer egin behar duten». Lagun Aro ACB ligan puntu gehien sartzen dituzten taldeen sailkapenean hirugarrena dela nabarmendu zuen Katsikarisek. «Eta berdin jokatzen dute etxean eta etxetik kanpo. Oso eraginkorrak dira erasoan, eta ia jokaldi guztietan lortzen dute etekinen bat».

Banan bana, Andy Pankoren sasoi bikaina goraipatu zuen Katsikarisek: «Ligako saskiratzaile onenetakoaz hitz egiten ari gara. Kanpotik, barrutik, barneraketak eginez... Baliabide asko ditu, eta oso jokalari arriskutsua da». Lagun Aroren taktikarekin ere arduratuta agertu zen: «Lau jokalarik irekita jokatzen dute, eta pibot bakarrarekin aritzen dira. Horrek haien laguntza defentsa oso ona izatea dakar, eta azti ibili behar dugu emandako baloi kopuruarekin».

«Motibazioa berezkoa da»

Katsikarisek Kopa zail dagoela onartu zuen, zintzo, eta pixkanaka titulua lortzeko kanporaketetan pentsatzen hasi behar dutela, «garaipenak lortuz». Sito Alonso lankideak, aldiz, azken asteetako isiltasunarekin jarraitu zuen Kopaz galdetuta: «Ez dut uste gaur-gaurkoz lehentasuna denik. Nahiago dut gure jokoa hobetzen saiatzea, akats gutxiago egiteko kemena edukitzea. Ondo iruditzen zait zaleek buruan Kopa edukitzea. Merezita egiten dute, baina guk beste lehentasun batzuk ditugu».

Taldeko jokalariek izan dezaketen motibazioaz ez dauka zalantzarik Zaragozakoak: «Donostiako talde batentzat ez da gauza berdina Kanaria Handiaren edo Bilboren aurka jokatzea, hori badakigu. Gainera, lortu dugun bolada ona lortuta, bete-betean jardutea espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.