«Emaitzak txarrak direnean, alde guztietan agertzen dira zuloak, baina ez da denbora asko pasatu partidak irabazten badakigula erakutsi genuenetik». Baikortasun mezua helarazi zuen atzo Mikel Aranburuk, Realeko kapitainak. «Oso ondo ari gara prestatzen Getaferen aurkako partida, eta igandeko lehia jokatzeko eta irabazteko amorratzen gaude». Zubietako ateak itxi egin ditu Philippe Montanier entrenatzaileak. «Eta egia da horrela lasaiago entrenatzen dela», zehaztu zuen David Zurutuzak. Aranburu eta Zurutuzaren adierazpenen arabera, jokalariak ez daude neurriz kanpo arduratuta. «Hiru partida jarraian galdu ondoren, normala da zalantzak sortzea, baina kezka tamainan eduki behar da». Azpeitiarraren ondorioa da azken hori.
Egiari zor, badago arduratzeko motiborik. Orain hiru aste, partida txukuna jokatu zuen Realak Mallorcaren zelaian, baina 2-1 galdu zuen. Azken bi partidak, ordea, oso txarrak izan dira. Oldarkortasunik gabe, izaerarik gabe, indarrik gabe, oso itxura eskasa eskaini dute jokalariek. Athleticek merezita irabazi zuen Anoetako derbia (1-2), eta Zaragozak, ezer askorik egin gabe, aise irabazi zien txuri-urdinei joan den igandean (2-0). «Emaitza bolada txar hori eten nahi dugu, eta bolada on bati ekin. Etxean jokatuko dugu, eta bolada on horri ekiteko ez da aukera txarra». Eskaera horixe egin zuen kapitainak atzo Zubietako prentsa aretoan.
Azken bederatzi puntuetatik bakar bat ere ez, zelaian itxura eskasa, entrenatzailearen lana ezbaian... Zurutuzak ez dauka azalpenik gertatzen ari dena azaltzeko. «Baina urruti geratu da jada Zaragozaren aurkako partida, eta gogotsu gaude Getaferi aurre egiteko». Esaldia amaitzerako barrez hasi zen erdilaria. «Badakit beti esaten dugula gogotsu gaudela, baina hiru porroten ondoren irabazi beharra daukagu konfiantza berreskuratzeko». Ez dago oso urrutira joan beharrik tentsio handiko Reala-Getafe partida bat aurkitzeko. Joan den sasoian, azken jardunaldian, elkarren aurka aritu ziren bi taldeak, Anoetan, eta 1-1 berdinduta, bi taldeek eutsi zioten Lehen Mailari.
Baina zortzigarren jardunaldia besterik ez da asteburu honetakoa, eta jokalariek ez dute entzun ere egin nahi final hitza. «Ez dut uste Getaferen aurkakoa finala denik. Aurreko denboraldikoa bai, hura finala izan zen. Baina denboraldi honetan partida eta puntu asko geratzen dira oraindik jokoan, eta une honetako sailkapena asko aldatuko da». Datozen partidetarako «lasaitasuna» eskatu du Zurutuzak. «Oso ondo hasi ginen, baikortasuna zegoen, eta orain badirudi ez dugula aurkitzen joko on hori».
2010-2011n ere, «antzera»
Aranbururen ustez, «goiz» da balorazioak egiteko. «Zazpi partida bakarrik jokatu ditugu oraindik, eta denbora gehiago behar da balorazioak egiteko». Azpeitiarrak etziko aurkariaren egoera jarri zuen adibidetzat. «Bost puntu dauzka Getafek, eta partida hau irabazteko gai baldin bagara, beste aldarte batekin egongo gara denok astelehenean». Zurutuzak gogora ekarri zuen Realak aurreko sasoian ere eduki zuela antzeko txakalaldi bat. «Real Madrilen aurka jokatu ondoren, pare bat partida galdu genituen, eta orain ere antzeko zerbait gertatu zaigu».
Irtenbidea zein den? Zurutuzak badauka berea. «Etxean ariko gara, gogotsu gaude, Getafe gure mailako taldea da, eta, konfiantza berreskuratuta, partidaren bila joaten saiatu behar dugu». Izan ere, erdilariaren ustez, horixe falta izan zitzaion Realari joan den igandean Zaragozaren aurkako partidan. «Area ingurura iristen ginen, baina golaren bila joateko oldarkortasun hori falta izan zitzaigun». Iganderako beste jarrera bat espero du Zurutuzak. «Aste honetako entrenamenduetan nabaritzen da gogo hori, erremateetan adibidez».
Lehen Mailako gainerako taldeentzat bezala, Realarentzat ere hiru partidako astea izango da igandean hasi eta hurrengo larunbatean amaituko dena. «Gogorra izango da», onartu zuen Zurutuzak. «Baina talde guztientzat izango da gogorra». Etzi Getaferen aurka jokatuko dute txuri-urdinek, Anoetan, 16:00etan; asteazkenean Levanteren zelaian, 20:00etan; eta hurrengo larunbatean Real Madrilen aurka, etxean, 22:00etan. «Garrantzitsua da hiru partidako aste hau irabaziz astea. Aurkariari gehiegi begiratu gabe, guk gurea egin behar dugu. Gurea eginda irabazi egingo dugula uste dut». Final hitzaren antzera, berdinketa hitza ere ez dute entzun nahi jokalariek. «Etxean jokatzen dugu, eta irabaztea da helburu bakarra».
Atzo ere kazetariek ez zuten entrenamendua ikusteko aukerarik izan, baina Illarramendi ez, gainerakoak taldekideekin batera aritu ziren lanean. Zurutuzaren kasuan «hobeto» dagoela zehaztu zuen erdilariak. «Eta hobetuz joango naizela espero dut». Jokatuko balu, Realean 400. partida luke Aranburuk. «Baina ez da zenbakiei bueltaka hasteko momentua. Getaferi irabaztea besterik ez daukagu buruan, eta bigarren mailan utzi behar dira norberaren kontuak».
«Kezka bai, baina tamainan»
Zurutuzak eta Aranburuk onartu dute minduta daudela azken porrotekin, baina Getaferi irabaziko diotela sinetsita daudeAzpeitiarrak 400. partida joka dezake etzi, baina «taldeari» eman dio lehentasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu