Sebastian Vettelek menderatzaile rolean jarraitzen du, atzo Sepangen Malaysiako Sari Nagusirako pole-a lortu ondoren. Egungo munduko txapeldunak neurria hartu die sailkatze saioei, azken sei lasterketatik bostetan lortu baitu lehen postua entrenamenduetan. Atzokoan gogotik egin behar izan zuen lan, McLaren etxeko Lewis Hamiltonek gauzak zail jarri baitzizkion. Biek amaitu zuten lehen bi postuetan Australian, eta gaurko lasterketak ere bien arteko lehiaren itxura har dezake. Red Bulli bere mailako autoa agertu zaio.
Melbourneko zirkuitua utzi eta guztiz desberdina den beste batera iritsi da 1 Formula. Ustez beste zerbait erakutsi behar zuen Malaysiak, zirkuitu adierazgarriagoa baita, aerodinamikaren eragin indartsuagoarekin. Red Bullek aurrea aise hartu eta Australiako aldeak handitu egingo zituela espero zen, are gehiagoostiralean Webberrek bi saioak dominatu ondoren. Hark Vettelen maila parekatzea lortu zuela ematen zuen. Atzoko sailkapenean, ordea, uste guzti horiek pikutara joan ziren, bi belarrondoko jasota. Batetik, atzoko sailkapeneko lehen bostak Australiako entrenamendu saioko berberak direlako, eta horrek erakusten du zein argi dagoen bakoitzaren tokia, autoei zein gidariei dagokienez. Eta bestetik, aldeak handitu ordez, txikitu egin zirelako.
Eta nola txikitu, gainera. txapelketako zirkuitu luzeenetakoa da Sepang, bost kilometro eta erditik gorakoa baita itzulia. Hori dela eta, itzuli bat osatzeko denbora ere ohi baino gehiago da, eta normalean ehun segundotik behera behar dituzte hura osatzeko. Hori nahikoa arrazoi zen denboretan hutsuneak zabalduko zirela espero ahal izateko. Horren ordez, baina, lehen lauak hiru hamarreneko eskasen tarteansailkatu ziren. Ez da ahaztu behar Australian bigarren sailkatuari zazpi hamarrenekotik gora atera zizkiola Vettelek. Hamabost egunean gauzak asko estutu dira.
KERSari esker, baina larri
Red Bullek oraindik bere abiadura puntua gordetzen du, eta atzo KERSaren laguntza aipatu zuen Vettelek. Hori gabe ezingo zuela pole-a lortu. Ukaezina da Renaulten KERSa ez dela besteena bezain aurreratua, eta ematen dien laguntza txikia dela. Hori gabe, autoaren dohainetan oinarritu behar dute aurrean mantentzeko. Momentuz lortzen dute, baina McLarenek izugarrizko hobekuntza lortu du azken hilabetean. Australian lehen pausoa eman zuen, eta Malaysian bigarrena. Eta jakina da Hamilton auto azkar batekin zer egiteko gauza den.
Horregatik, elementu guztiak ederki konbinatu dira gaurko lasterketa Vettelen eta Hamiltonen arteko lehia bilaka dadin. Pneumatikoen higadura oso handia da Sepangen, eta ez luke inork harritu behar gidariak boxetatik lau aldiz pasa behar izateak. Pneumatiko dantza izango da, eta estrategiak aspaldi galdu zuen garrantzia berreskuratuko du. Azkarrena izateaz gain, biziena ere izan beharko du irabazleak.
Eguraldiak, azkenik, bere protagonismoa nahi du era berean, eta hala izanez gero, Buttonek izango luke bere aukera. Lehorrean baldin bada, berriz, lehen lerroko biak dira momentuko onenak. McLarenek ia berdindu du Red Bullen abiadura, eta Vetteli aurre egiteko ere badute gidaria. Hamiltonen txanda da orain.
Kezkatuta behar luke
Sebastian Vettel irtengo da gaur 'pole'-tik Malaysiako Sari Nagusian, baina gertu du Lewis Hamilton
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu