Euskal Herriko Futbolariak «kezkatuta, haserre samar eta triste» daude Euskadiko Futbol Federazioak azken urtean ofizialtasunaren alde pausorik eman ez duelako. Futbolariek salatu dutenez, iaz berriz ere lagunartekoak jokatzea erabaki zuten, baina federazioak ez du ezer egin trukean, eta zalantzan jarri dute ofizialtasunaren aldarriak benetan arduratzen duen ala ez. Halere, heldu den asteazkenean Tunisiaren aurka jokatzeko prest agertu dira, aldarriak «eszenifikazio» hori behar duelako.
Euskal Herriko Futbolariek berriz ere euskal selekzioarekin lagunarteko partidak jokatzea erabaki zuten iazko abenduan. Federazioarekin hainbat bilera izan ondoren, kolektiboak etenaldia jarri zion hiru urteko hutsuneari. Akordioa ez zen erabatekoa izan, baina Santiago Arostegi federazioko presidenteak «ofizialtasunaren aldeko pausoak» emango zituela esatea lortu zuten. Urtebete pasatu da iazko partidaren aurkezpenean hitz horiek esan zituenetik, eta jokalariek ez dute halako asmorik sumatu. Euskal Herria kirolaren bitartez helarazitako idazkian euren atsekabea jakinarazi dute. «Triste gaude iaz gure jokatzeko prestutasuna itzuli geniolako federazioari eta, trukean, ez dugulako aurrerako bide handirik ikusi».
Euskal Herriko Futbolariek gogorarazi dutenez, «blokeo» egoera ez betikotzearren erabaki zuten iaz berriz ere jokatzea, baina akordiorik ezak berean jarraitzen du. «Ez genuen akordiorik egin. Ofizialtasun egiazkoaren bidean borondate seinale bat ikusi nahi genuen federazioaren partetik; ez genuen sumatu, eta, hala ere, atera ginen». Hartaz geroztik bi partida jokatu ditu euskal selekzioak, Venezuelaren aurka etxean, eta Estoniaren aurka kanpoan. Partida horiek beharrezkoak direla uste dute, kolektiboaren iritziz keinuak baino ez diren arren. «Euskal Herriak badu aldarri horren eszenifikazioaren beharra; biltzeko premia badugu, bildu eta elkarri sinesmena kutsatu, munduari gure gogoaren berri emanez oihu egin. Zoritxarrez oraingoz gehiagorako ez, baina horretarako balio du partidak, eta berriz ere aterako gara jokatzera aurten».
Kolektiboaren eskaerak ez dira berriak, eta federazioaren jarrera ez da erraza jasaten. «Abenduaren 28an beste talde bat etorriko da, bere kolorez jantzirik, baina guk munduan lehiatu ezinik jarraitzen dugu, ezin dugu txapelketa ofizialetan izerdirik atera, Euskal Herria ez da futbol zelaietan inor, eta, gainera, ez dirudi horrek Euskadiko Federazioa benetan arduratzen duenik».
Futbolariek salatu dutenez, ez dute aukeratzeko eskubiderik, eta «ezinbestez» eramaten dituzte beste nazio batzuen alde egitera, eta, egoera horretan, euren iritziz, selekzio hitzak esanahia galdu eta guzti egiten du. «Gutako bakoitzak sentzitzen duen kolorearen alde busti nahi dugu elastikoa; gure nortasunaren arabera jokatu, garen hori izan; eskubiderik oinarrizkoena horixe behar luke futbol selekzio batek, ezer izatekotan. Selekzioa, hitzak berak esaten du, hautaketa bat da, baina gu hauturik gabe utzitako jokalariak gara. Eraman egiten gaituzte beste koloreen alde egitera, Espainia aldera edo Frantzia aldera. Ezin dugu sentitzen dugun hori defenditu; aukerarik ez zaigu ematen, eta aukerarik gabe ez dago hautatzerik, eta hautatzerik ez bada, zer esan nahi du selekzio hitzak? Guretzat, behintzat, ez du zentzu handirik».
Kolektiboak badakiez dela erraza ofizialtasuna lortzea, baina gehiago inplikatzeko eskatzen die eragileei. «Futbol zelaietatik kanpo jokatu beharreko partida da, eta bide horiek bihurriak dira oso, baina saiatzea nahiko genuke; saiatu gabe ezinezkoa izango da. Guk sinesten dugu ez dela ezinezkoa euskal selekzio ofiziala lortzea». Bide horretan, testuinguru politiko berriak itxaropena piztu duela uste dute, eta baliatu egin beharko litzatekeela. «Zaila izanagatik, agian, inoiz baino errazagoa da orain. Euskal Herrian bakea lantzen ari da, eta bake horrek ate asko zabaldu ditzake nazioarteko zenbait organotan; gure ahotsa inoiz baino garbiago entzungo da. Balia dezagun aukera hau, ikararik gabe, euskal selekzioaren alde bidea urratzeko. Bide horrek gure futbolariak eta gure futbolzaleak zoriontsu egingo lituzke; horixe ari gara eskatzen aspalditik».
Adurizek baimena jaso du
Aritz Aduriz euskal selekzioko deialdira gehitu zen atzo. Valentzia bere taldeak partidan parte hartzeko baimena eman zion herenegun, Espainiako Kopako partida jokatu ondoren. Gauzak hala, 23 futbolari bilduko dira heldu den asteartean Lezaman entrenatzeko. Aurrelariarentzat, jokatzen badu, seigarren partida izango da elastiko berdearekin, eta gola sartuz gero, Julen Guerrero berdinduko luke selekzioarekin gol gehien sartu duten jokalarien zerrendaren buruan, zazpirekin. Euskal selekzioak jokaturiko azken partidan, maiatzean, Estonian (1-2), Adurizek sartu zituen bi golak.
«Kezkatuta eta triste gaude»
Euskal Herriko Futbolariek salatu dutenez, Euskadiko Federazioak ez du egin «aurrerako biderik» ofizialtasunaren alde azken urteanEuskal Herrian «lantzen ari den bakeak» ate berriak ireki ditzakeela uste du kolektiboak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu