Ez zen mendian korrika aritzeko eguraldi onena. Azken orduetako euriak Zegama-Aizkorri lasterketako ibilbidea lokaztu du. Hala ere, hori ez da eragozpena izan Kilian Jornet kataluniarrarentzat marka berri batekin zazpigarren garaipena eskuratzeko. 3 ordu eta 48 minutuan amaitu du ibilbidea Jornetek. Sei minutuan ondu du aurreko marka, 2005ekoa. Marco de Gasperi eta Luis Alberto Hernando izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, eta horiek ere aurreko marka ondu dute.
"Aspalditik nuen helburu hori. Lasterketa oso lehiatua izan da, eta oso pozik nago. Giroa eta ikusleak, beti lez, ikusgarriak izan dira", esan du Jornetek proba amaitu ondoren. Emakumezkoetan, berriz, Kremer izan da garaile; 4 ordu eta 46 minutuan amaitu du 42.195 metroko ibilbidea. Lehen euskal emakumea, helmugan, Maite Maiora izan da, eta gizonezkoetan, lehen euskal korrikalaria, Jokin Lizeaga.
Lehen euskal korrikalariak Jokin Lizeaga eta Maite Maiora. @berria#zegama2014@ZegamaAizkorripic.twitter.com/pAWmGQbn7S
— ainhoa (@loramen) May 25, 2014