Kilometro bakarra aski

Joaquim Rodriguezek irabazi du Tirrenoko seigarren etapa, azken aldapa gogorrean eraso bortitza jota

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ibilbideen prestaketa lanetan jarri, eta Joaquim Rodriguezek (Katuxa) metro bakar bat ere ez lioke aldatuko Tirreno Adriatikoko atzoko etapa amaierari. Aldapa motza eta gogorra, erritmo aldaketa bortitzen bat egiteko aproposa. Jo zuten erasoa Wout Poelsek (Vacansoleil), Danilo Di Lucak (Acqua&Sapone), Michele Scarponik (Lampre), Christophe Riblonek (Ag2r) eta Domenico Pozzovivok (Colnago). Baina Offidako helmuga bidean kataluniarrak kilometro bakarrera mugatu zuen muturreko ahalegina. Haren neurrira egindakoa zen amaiera. Chris Hornerrek (RadioShack) jarraitzen du lider.

Gain-gainean dago Milan-San Remo klasiko handia, eta Tirreno Adriatikoko tropeleko txirrindulari garrantzitsu asko lasterketa hartara begira jarri ziren atzo. Italiako klasikoa gogoan, edo gaixoaldia tarteko, etxerako bidea hartu zuten, besteren artean, Philippe Gilbertek (BMC), Edvald Boasson Hagen (Sky), Mark Cavendishek, Bernhard Eiselek (Sky), Matthew Gossek (Greenedge), Lars Boomek eta Juanma Garate (Rabobank).

9,3 kilometroko erlojupekoa

Zirkuitu gisan, klasiko txiki baten ibilbidea zeukan etapak. Berehala sortu zen ihesaldia, zazpi lagunekoa. Bost minuturen aldea ere izan zuten, baina atzean kontrol lanerako zeuden Liquigas, Farnese, RadioShack, BMC, Lampre eta Katuxa. Errusiako taldeak Oscar Freire, Rodriguez eta Dani Moreno zeuzkan azken kolpea emateko, eta kataluniarrak dotore biribildu zuen taldearen apustua. Ponte delle Pietre azkenekoz igotzen hasi zirenean harrapatu zuen tropelak ihesalditik egurrean jarraitzen zuen bikoa: Carlos Alberto Betancur (Acqua&Sapone) eta Serge Pauwels (Omega Pharma). Zalaparta sortu zuen horrek, baina Rodriguezek jo zuen azken kolpea.

Gaur amaituko da Tirreno Adriatikoa, 9,3 kilometroko erlojupeko batekin. Sei segundoko tartean daude Horner, Roman Kreuziger (Astana) eta Vincenzo Nibali (Liquigas).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.