Kirioen dantza

Eskuz Banakakoaren historiak beste txapeldun bat izango du gaurtik aurrera: Ives Salaberri 'Xala' edo Juan Martinez Irujo. Bere buruari ongien eusten dionak irabaziko du finala

enekoitz telleria sarriegi
DONOSTIA
2004ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez da erraza. 24 urte Xalak eta 22 urte Irujok. Hasi pilota profesionalak duen txapelketarik garrantzitsuena eskaileraren lehenengo koskatik, eta azken koskan tokia hartzeko lehian orain biak. Ez da erraza egoera horretan zorabioari eustea, kirioen dantzan estropezu egin eta muturrez aurrera ez erortzeko bezain baldarra ez izatea. Orain arte egindako guztia amildegi baten moduan ikusi, azken egunean egindako guztiaz ohartu, eta pausoa aurrera egin beharrean amildegian behera egiteko arriskuari eutsi eta erantzuten jakitea. Ez da erraza. Hotzikarak aipatzen zituen Jokin Etxanizek. Aldageletatik irten berritan frontoi osoaren orroak kantxan eragiten dituen hotzikarak. Aurre egin edo korrika ihes egitea. Horiek dira aukerak. Ihes egiterik ez dagoenez, aurre egiteko moduak baldintzatuko du erabat gaurko finala.

Eta aurre egin behar horretan, Juan Martinez Irujori ikusten diogu azal gogorragoa. Atzerapenak berari egin diola kalte gehien? Ziurrenik bai, baina hark ez du txakalaldirik izan, ez zaintiratu, ez bihurritu... Zalantza iturririk ez, hitz batean. Gaztetasunaren lotsagabekeria dauka, ausardia eta sasoia, baina osagaiak neurri berean, gainezka egin gabe nahasten dauka asmatu beharra. Gertatu zitzaion behin. Eskuz Binakako finalean ere osagai berberei buruz aritu ginen bezperan, eta esku artean lehertu zitzaizkion guztiak gero.Zalantza iturririk gabe bat, eta zalantza jario etengabea bestea. Ekainaren 6an jokatu beharreko finaleko Xala eta gaurkoa ez dira berdinak. Konfiantzaz sumatu genuen orduan, sendo, lasaituta eta piztuta aldi berean. Uzkur, triste eta galduta joan den ostegunean. Horren txukun irekitako bidea sasiz bete zaie bat-batean Xala eta Ladutxeri. Gastroenteritisarena pasatu zela eta bihurritua ez dela deus sinestu beharra, barneratu beharra, horren denbora gutxian. Hori da Lekuinekoaren erronka.Izan ere, izango balitz partida bat pixkana sartzen joateko horietakoa... baina batek eta besteak iragarri dutena betetzen bada, nola eutsi buruari hotz.Lehendik euren buruari eusten lanik ez eta pentsatzeko denborarik gabe aritu beharra. Hori gaurkoaren arriskua. Arrisku zoragarria, ongi irteten bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.