Kirol diplomazia erdigunean

Ekainaren 28an eta 29an kirol diplomaziaren inguruko biltzarra egingo da Donostian. Mundu osoko hogei adituk baino gehiagok aztertuko dituzte kirol diplomaziaren erronkak.

Frantziako Tourrari ongietorria egiten dioten afixak. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Egun gutxi falta dira Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatzeko. Uztailaren 1ean abiatuko da hiru asteko itzulia,denetan ezagunena, Bilbotik. Ekitaldi horren atarian, Kirol Diplomaziaren Munduko Biltzarra egingo da ekainaren 28an eta 29an, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroen barruan. Gai honen arloko munduko erreferente nagusietako batzuk bilduko dira. Donostia Kulturako Nazioarteko Harremanetako arduradun Imanol Galdos da batzarraren zuzendaria, eta, haren esanetan, kongresuan parte hartuko duten hizlarien zerrenda «punta-puntakoa» da.

Kirol diplomazia azken urteetan «gehien hazi diren» alorretako bat dela nabarmendu du Galdosek. Horregatik antolatu zuten iaz lehendabiziko online ikastaroa kirol diplomaziaren inguruan. Haren arrakastaren ostean, eta orduko ideia batzuk oinarri hartuta, egin zuten kongresu honen aldeko apustua. Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesa dauka biltzarrak, eta beste erakunde askorekin elkarlanean osatu dute; esate baterako, Sports Diplomacy Alliancerekin, Galdosen hitzetan «munduan kirol diplomaziaren inguruan dagoen aholkularitza talde garrantzitsuenarekin». Batzarrak kirol diplomaziaren eremua sozializatzea du helburu Galdosek «botere biguna» deitua, agertoki geopolitiko berrian izan dezakeen garrantzia dela eta: «Herrialdeek, estaturik gabeko nazioek, hiriek, eskualdeek eta sektore pribatuak kirola erabiltzen dute nazioarteko jokalekuan pisua lortzeko. Ez dago lanabes boteretsuagorik herri bat ezagutarazteko». Estrategia horibera argi eta garbi ikus daiteke gaur egun. Adibidez, Qatarrek Munduko Futbol Kopa antolatu zuen, Tokiok Olinpiar Jokoak, eta zenbait herrialdek World Tourreko talde batzuk babesten dituzte.

Euskal Herriak ere badauka bere eredua, eta, Galdosek dioenez, Euskal Herriaren «eredua eta esperientzia erakusteko» balioko du batzarrak. Kirol diplomaziaren adibideen artean, Jai-Alai, Zegama-Aizkorri mendi lasterketa, Behobia-Donostia lasterketa eta Donosti Cup futbol txapelketa aipatu ditu antolatzaileak, besteak beste. Zegama-Aizkorri eta Ternua izango dira kongresuan parte hartuko duten euskal taldeetako bi.

«Goi mailako adituak»

Kirolaren eta kirol diplomaziaren arloko jende andana joango da Donostiara, espresuki. Besteak beste, Australiatik, Estatu Batuetatik, Eskoziatik, Frantziatik, Suitzatik, Galestik edo Ingalaterratik etorriko dira hizlari horiek. Hogei hizlari baino gehiago arituko dira, baina izen nabarmenduen artean daude Ashleigh Huffman, AEBetako Gobernuko Estatu Idazkaritzako Kirolaren Diplomazia saileko zuzendaria; Laura McAllister, UEFAko batzorde exekutiboko kidea, presidenteordeetako bat eta Galesko selekzioko kapitain ohia; eta Stuart Murray, kirol diplomazia kontzeptuaren sortzaileetako bat. Huffmani dagokionez, berak eskatu zuen batzarrean parte hartzea, bertan izango ziren adituak ikusi ostean. Euskal hizlarien artean, Ainhoa Txurrukak Zegama-Aizkorri lasterketaren berri emango du. Gainera, hiru euskal irakasle ere arituko dira: Carlos Pulleiro, Ekain Rojo, eta Olatz Gonzalez. Horiek denek kirol diplomazia izango dute hizpide, baina kirolaren alderdi ugari ere izango dituzte aztergai. Adibidez, ekonomia, berdintasuna, kultura, politika, gizarte integrazioa.

Hitzaldi ugari ingelesez edo gaztelaniaz izango dira, baina euskaraz ere eskainiko dira batzuk. Edozein modutan, itzulpen zerbitzua eskuragarri izango da. Ekainaren 28an abiatuko da kongresua, 09:00etan, eta goizean eta arratsaldean egongo da hitzaldiak entzuteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.