Futbola

Kirol Hiria Areition eraikiko du Eibarrek

Akziodunen batzarrak onetsi egin du zuzendaritzaren aukera. 11.692k babestu dute Areitioko aukera; Azitaingo aukeraren alde 6.017k egin dute

SD EIBAR. AKZIODUNEN BATZARRA, COLISEO ANTZOKIAN.
2018ko urriaren 24a
22:54
Entzun

Eibarrek azkeneko hilabeteetan eduki duen buruhauste handiena argitu da: akziodunek eman dute botoa, eta Kirol Hiria Areition (Mallabia, Bizkaia) jartzea erabaki dute. Amaia Gorostiza presidenteak eta haren taldeak aukera hori defendatzen zuten, eta akziodunek babesa eman diete asteazken gauean Coliseo antzokian egin duten batzarrean.

Hamar akziodunetik lauk eman dute izena gaurko bileran parte hartzeko, eta bilerako gai beroena zen horretan emaitza argia utzi dute haien botoek. Kirol Hiria Azitainen jartzeko aukerak 6.017 boto jaso ditu, baina 11.095 boto kontra (abstenitu egin dira 633, eta txurian botoa eman dute 134k); Areitioko aukerak, aldiz, 11.692 boto jaso ditu alde eta 5.556 kontra (abstenitu egin dira 443, eta txurian botoa eman dute 188k).

Gorostizak esana zuen aukera bat edo beste egin, zuzendaritzak aurrera egingo zuela erabakitakoarekin, baina Areitioko kokalekuak ematen zituela aukera onenak, klubak etorkizunean garatzeko aukera gehiago izan ditzan. Gaurko batzarrean adierazi du "egun historiko" bat izan duela Eibarrek: "Gaur erabakitakoak gure etorkizunaren hasiera markatuko du".

Gorostizak berak jakinarazi du azaroaren 25ean, Real Madrilen aurkako partida jokatu eta gero, Ipuruako mendebaldeko harmaila bota egingo dutela, beritzeko. "Harmailaren obra bukatutakoan, lau urtean hogei milioi inbertitu izango ditugu estadio honetan, udalarena den honetan".

Diru kontuei onespena ere eman die gaurko batzarrak, bestalde. Eibarrek hamalau milioi euroko superabita eduki du 2017/2018 denboraldian. 2018/2019 denboraldirako, berriz, 49 milioi euroko aurrekontu bat aurkeztu du, denboraldia bost milioi euroko irabaziekin bukatzeko esperantzarekin. 12.692 akziodunek babestu dituzte diru kontuak, eta 1.136k baizik ez diete kontra egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.