Kirol, kultur eta euskalgintza arloko hainbat lagunek babesa agertu diote gaur goizean ekainaren 23ko Euskal Herria-Eslovakia emakumezkoen futbol partidari. Donostian jokatuko da, Anoeta futbol zelaian, 16:30ean. Partida ez ezik, askotariko jarduerak prestatu dituzte egun horretarako.
45 lagun inguruk bat egin dute egun horren harira prestatutako Hamaika gara manifestuarekin. Tartean daude Naroa Agirre, Ibon Urbieta, Ander Vilariño, Irati Anda, Mikel Labaka, Bittor Alkiza, Iñaki Perurena, Asier Olaizola eta Leire Olabarria kirolariak, eta Jon Maia bertsolaria, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Igone Lamarain EHEko kidea, Anjel Alkain aktorea, Pello Zabala frantziskotarra eta Ana Urkiza kazetaria.
Nahi duen orok babesa eman diezaioke manifestuari, www.hamaikagara.com webgunean.
Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Juaristi Euskal Herria futbol selekzioaren hautatzaileek 24 jokalari deitu dituzte Eslovakiaren aurka aritzeko.
Asteartean Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioko jokalariak BERRIAren Andoaingo erredakzioan izan ziren. Larraitz Lucas jokalaria aurreko ostiralean BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean izan zen, Andoainen.