Kirol porrotaren ikur

Izar gisa iritsi zen Cedric Heymans Baionara, orain urte eta erdi. Ordutik, baina, ezer gutxi egin du, eta ezin hobeto irudikatu du taldearen kirol proiektuaren porrota.

Cedric Heymans Baionako hegaleko frantziarra, baloiarekin, Bordeleko bi aurkari gainditu nahian. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Burumakur, aurpegia akiturik, eta ahotsaren doinuan haserre atzematen zitzaiola. Horrela azaldu da, aste honetan, Cedric Heymans Miarritzeko jokalaria hedabideen aitzinera. «Zergatik mintzo zarete izarrei buruz? Beste jokalariak bezalakoak gara. Errugbian taldea da izarra», erantzun zuen, unaturik, harengandik gehiago espero zela aipatu ziotenean. «Orain arte, Rokocokok, Phillipsek eta nik ez dugu ohiturarik izan jaitsiera postuetan borrokatzeko. Agian, Baionako beste jokalariek kontseiluak eman beharko dizkigute egoera nola kudeatu».

Kontrakoa dioen arren, Heymans aztoratuta dabil. «Fisikoki ongi nago, eta entrenamenduetara pozik noa. Fresko sentitzen dut neure burua». Gaixo dagoenak «minik ez daukat» errepikatuz aplikatzen duen autoterapia dirudite adierazpen horiek.

Begi bistakoa da Briven (Frantzia) jaiotako hegaleko bizi eta jostaria ez dela lehengo jokalaria Baionara etorri zenetik. Iragan astean baloiak haren buruan jo eta gero Matanavouk sartutako entsegua da horren seinale. Jokaldi komiko horretan bezala, ezinean dabil Heymans. Zaleen txistuak eragiteraino. «Ontsa futitzen naiz zaleen iritziaz; batez ere, txistu egiten didaten horienaz», ihardetsi du, hastiaturik. «Ez legoke gaizki elastikoa jantziko balute tarteka», bota du.

Zaleengan haserrea eragiteaz gain, Christian Lanta eta Cristophe Deylaud entrenatzaileen konfiantza galtzen hasi da. Clermonten aurka hasieratik aritu ondoren, aulkian utzi zuten hurrengo lau partidetan. Joan zen astean berriro aritu zen, Tolosaren aurka. Eta erdipurdi aritu zen. «Ez ditut entrenatzaileen hautuak komentatu nahi, baina egia da gehiago jokatu nahiko nukeela».

Gehiago jokatu nahi luke Heymansek, baina Baionara iritsi zenetik izan duen ibilbideak oso gutxi dio haren alde. Top 14an jokatutako hemeretzi partidetan, entsegu bakar bat ere ez du sartu. Hegalean ari den jokalari batentzat, oso datu txarra da hori. «Nahiago dut entsegu pase bat eman, eta nik deus ez sartu. Gainera, Tolosan ari nintzenean ez nuen entsegu anitz sartzen. Alta, beti jokatzen nuen», arrazoitu du. Tolosan, 191 partidatan 64 entsegu sartu zituen, hiru partida oro entsegu bat. Hemeretzi partidatan entsegu bakarra ez sartzea baino askoz hobea da hori.

Izarren ekarpen eskasa

Baionaren kirol proiektuaren porrotaren ikurra da Heymans. Harekin batera, hainbat izar etorri ziren iragan sasoian. Deigarrienak Joe Rokocoko eta Mike Phillips dira. Zeelanda Berriko hegalekoak hemezortzi partidatan entsegurik ez du sartu oraindik. Galesko uztartze erdiak ere ez du entsegu bat bera ere sartu hogei partidatan. Izarren balantzea laburra bezain argia da: hutsaren hurrena.

Hiru jokalari horien historia antzekoa da. Lehen sasoi txarraren ondotik, udako prestaketan ezarri ziren esperantza guztiak. Egia da, iaz, azaroan baizik ez zirela iritsi Baionara hirurak, Munduko Kopa bukatu berritan. Prestaketa berezirik gabe, eta sasoiaren herena jokatuta, gauzak zailak izan ziren haientzat. Baina, aldi honetan, udako prestaketa osoa taldearekin batera egin dute. Hala ere, hori ere ez da nahikoa izan haien ekarpena handiagoa izan dadin.

Heymansekin bezala, zaleak pazientzia galtzen ari dira Rokocokorekin eta Phillipsekin. Zeelanda Berriko hegalekoak baloia ukitzen duen aldi oro, etsipenezko oihuak entzuten dira. Phillipsek, berriz, bitan jakin du zer den Jean Dauger zelaiaren txistupean aldageletara sartzea.

Entrenatzaileak ere ez daude pozik haiekin. Phillipsen aurka kritika publikoak egin zituen Deylaudek, Baionako gibelekoen entrenatzaileak. «Baloia gehiegi gordetzen du. Uztartze irekitik fite atera behar du, eta ez kontaktura bakarrik joan».

Heymans bezala, aztoratuta sentitzen dira Rokocoko eta Phillips. Zeelandaberritarra beldurrez ari da. Arriskuak hartzeko blokeo bat duela dirudi. Askotan, baloiarekin kargara joan ordez, taldekide bati pasea egiten dio. Alta, potentziala nabari zaio. Racingen aurka egin zuen zulatzeak argi erakutsi zuen hori.

Galestarra ere aztoratuta dabil, eta, sarri, bere onenetik aterata. Adibidez, Tolosa edo Racingen aurka, bere taldekideekin errietan aritu zen. Sam Gerberrek haren jokaldi bati kritika egin ondoren, modu txarrez erantzun zion. Tolosaren aurka ere, marmarka ibili zen lehia osoan, bere jokaldi txar batzuen ondotik.

Alta, Miarritzeren aurka emaitza on bat lortzeko, jokalari guztien beharra izanen du Baionak, tartean bere izarrena. «Presioa ahantzi behar dugu, eta bete-betean jokatu. Horrela egingo dugu gora. Mugarri izan daitekeen partida bat behar dugu». Horren zain, ez legoke gaizki Heymansek lehengo maila berreskuratuko balu. Beste izarrek berdin eginen balute, eskertuko luke Baionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.