Kitarakoa nahi du

Baskoniak Real Madrilen kantxan irabazi nahi du bihar, hirugarren postuan sailkatzeko aukerei eusteko

Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Lau jardunaldi, eta helburu bat. Baskoniak ACB ligako fase erregularreko hirugarren postua lortu nahi du azken txanpan, postu horrek dakartzan onurak gogoan, eta geratzen diren lau norgehiagokak irabazi nahi ditu. Valentzia aurkari zuzenak duen egutegia zaila dela jakitun eta garaipen baten aldea gainditu litekeela sinetsita. Arabarren asmoa ere ez da erraza. Real Madrilen aurka jokatuko dute bihar, eta Madrilen irabaztea beti da zaila. Biharko emaitzak Baskoniak finalerdietako aurkaria Bartzelona edo Real Madril izango duen finkatuko du —final-laurdenetako langa pasatu behar du aurrena—, eta, printzipioz, aurkari samurragoa dirudi Madrilgo taldeak, Bartzelonakoak baino.

Hiru garaipen lortu ditu errenkadan Baskoniak Euroligatik at geratu zenetik, eta aste egunetako lan karga arindu izanak mesede egin dio. Besteak beste, zazpi edo zortzi jokalari ari direlako taldeari eusten eta horrek nekea handitu egiten duelako. Baskoniak badaki zortzi jokalari horiekin osatu beharko duela denboraldia, Nemanja Bjelicari ebakuntza egingo diotelako eskumuturrean. Ebakuntza saihesten ahalegindu dira taldeko medikuak, baina azkenean ez dute beste aukerarik izan.

Hiru garaipen horiek indarra eman diote taldeari. Bilbo Basketen aurkakoak, batez ere, bizkaitarrak ligako talde onenetako bat izaten ari zirelako bigarren itzulian. Real Madrilek garaipen handia lortu zuen bi aste atzera Bartzelonaren aurka, baina azken jardunaldian galdu egin zuen CAI Zaragozaren kantxan. Emmanuele Molli Lele-k gidatzen duen taldeak Lauko Finala jokatuko du bi aste barru, eta liga erregularreko garaipenari agur esan diote ia-ia Zaragozan galdu ostean. Euroligako final handiaren gertutasunak liga bigarren maila batean uztea eragin dezake, baina Real Madril eta Baskoniaren arteko lehiak estuak eta borrokatuak izaten dira gehienetan.

Jokalari garrantzitsu bat dago min hatuta Real Madrilen: Sergi Llull. Balearretako eskoltak zuntz haustura bat du, eta datorren astean da kantxetara bueltatzekoa. Llull Real Madrileko jokalari beroena da, geldiezina bolada ona hartzen duenean, eta maisua bere bizitasuna taldekideei kutsatzerakoan. Pablo Prigioni joko antolatzailea ere kili-kolo dabil, pubalgia baten ondorioz, eta bere parte hartzea ez da ziurra.

Real Madrilek, dena den, izar asko ditu, eta ezin esan jokalari horiengatik bere arriskua apalagoa denik. Ante Tomic geldiezina da saskitik bi metrora. Felipe Reyesek motibazio handiarekin jokatzen du beti Baskoniaren aurka. Carlos Suarez eta Clay Tucker finak dira hirukoetan, eta Nikola Mirotic ere jokalari arriskutsua da. Mingain gaiztoek diote Ettore Messinaren agurra jokalari izartuen jarrera epel eta berekoiek eragin zutela, eta jarrera horiek ez dira erabat desagertu. Novica Velickovicek keinu zatarra egin zion bere entrenatzaileari Zaragozan, kontu eske joan zitzaionean.

Joaneko partida gogoan

Real Madril izan da liga erregularrean Buesa Arenan irabazi duen talde bakarra, eta horrek kolore berezia emango dio lehiari. Azaroan jokatu zen partida hartan hasi ziren azaleratzen Baskoniak sasoi honetan eduki duen gabezia nagusia, partidak bukatzeko komeriak, eta gaur joera hori iraganeko kontua dela erakusteko aukera ezin hobea da. Taldea ondo dagoela esan du Dusko Ivanovicek, Pau Ribas eta Esteban Batista ere laguntza ona ematen hasi direla eta liga erregularra zazpi garaipeneko bolada lotuta bukatu nahi lukeela.

Biharko partidako gakoen inguruan galdetuta, Baskoniako entrenatzaileak Huertasen gidaritza aipatu du aurren-aurrena, eta Tomic eta Suarezen gaineko defentsa ondoren: «Biek lan ona egiten badute, akabo», esan du.

REAL MADRIL-BASKONIA

Txapelketa. ACB ligako31. jardunaldia.

Real Madril. Prigioni, Sergio Rodriguez, Vidal, Tucker, Suarez, Velickovic, Mirotic, Felipe Reyes, D'Or Fischer, Tomic eta Begic.

Baskonia. Huertas, Pau Ribas, Logan, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Batista eta Barac.

Sailkapena. Real Madril bigarrena da: 23-7; Baskonia 4. postuan dago: 20-10.

Lekua. Madrilgo Kutxa Magikoa (12.700 ikusle).

Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.