Azken-azken unean agertu, taldekideen kokapen lana baliatu, eta oso aise irabazi. Horixe egin du Marcel Kittelek (Etixx) Italiako Giroko bigarren etapan, Nijmegen (Herbehereak). Ezer askorik ez du izan etapak, Omar Fraile (Dimension Data), Giacomo Berlato (Nippo-Vini Fantini) eta Maarten Tjallingiiren (Jumbo) ihesaldi luzea salbu. Etapa hastearekin batera joan da ihesean hirukotea, eta sari banaketan ibili dira. Mendiko maillota jantzi du Frailek, tarteko helmugetakoa Tjallingiik, eta, azken unean erasoa jota, saiatuena izanaren ohorea Berlatok.
Helmugara iristeko hamar kilometro eskas falta zirela geratu da ezerezean Nippo-Vini Fantinikoaren saiakera, eta lehiarik txikiena ere ez da izan gero esprinteak. Azken unean agertu dira Etixxeko txirrindulariak, eta Kittelek dotore baliatu du FDJkoen lana. Erritmo aldaketa izugarria eginda, alemaniarrak oso eroso irabazi du etapa, Arnaud Demareri (FDJ) eta Sacha Modolori (Lampre) aurrea hartuta. Tom Dumoulinek (Giant) jarraitzen du lider, denbora berean dago Primoz Roglic (Jumbo) eta segundo bakarrera Kittel. Nijmegen hasi eta Arnhemen amaitu, hirugarren etapa jokatuko dute bihar, gaurkoaren pare-parekoa (190 km).