Realak irabazi egin du. Europa ligara sailkatzeko sasoi amaierara artean hiru garaipen behar dituztela esan zuen atzo Imanol Alguacilek, eta horretan bat egin dute jokalariek. Elxi irabazi, eta bosgarren postuan segitzeko hiru puntu bildu dituzte. Poz landua izan da; partidan zehar egindako aldaketek ekarri dute gozamena. Arbelekoa zelaian islatuta, klarionaren puntuak izan dira.
Partida egoki hasi du Realak. Imanolek bere trazuko eskema marraztu du hamaikakoan. Zelai erdi indartsua zelairatu du. Ander Gebarak lagun egin die atzelariei, erdikoekin lotura lanak egiteko, eta Jon Guridi eta Silva —partidako berritasunak— jarri ditu makina gelan, jokoa sortzen. Aldiz, 4-4-2 klasikoaren alde egin du Fran Escrivak.
Realak aurki egin du erasora, eta bost minutuan hiru aukera izanda, itxura polita hartu du partidak. Zer esanik ez hamargarren minutuan epaileak Raul Guti kaleratu ondotik. Elxeko futbolariak sarrera gogorra egin dio Andoni Gorosabeli, eta Cordero Vega epaileak, VARean ikuskatu ondotik, txartel gorria atera dio. Realari aldeko jarri zaio egoera.
Lehengo nagusitasuna areagotu egin du Realak. Baloi jabetzak agerian utzi du hori: 20. minutuan, %67koa zuen Realak. Dena den, joko pausatuaren alde egin dute Imanolenek. Baloia berreskuratu orduko, erdiko multzoaren artean tori-norika aritu dira jokalariak, zirrikitu bat nork aurkituko. Silvaren joko ikuskera gailendu da. Lerro arteko paseak ematen maisua da kanariarra, eta une oro saiatu da horretan. Tantaka batzuetan soilik lortu du, ordea, aurrelariekin lotura eraginkorra egitea.
Hala iragan dira hasierako 25 minutuak. Elx burumakur aritu da; jokalari bat gutxiagorekin jokatu beharrak, eta ordurako pilatuak zituen txartel hori kopuruak baldatu ditu hasieran. Realak gola egin du 27. minutuan, eta bazirudien zailena egina zuela. Baina epaileak Silvaren jokoz kanpokoa adierazi du. Markagailuak hutsean segi du, eta lanean segitzera behartu txuri-urdinak.
Realaren poz zapuztuak mesede egin dio Elxi. Hortik aurrera, lortu du harresi bat ezartzea. Atsedenaldira bitartean atzean sartu da Escrivaren taldea, eta erauntsiei erantzun estoikoa eman die. Realak %75eko jabetza zuen ordurako, baina jokoak gasa galdu du. Hutsean heldu dira atsedenaldira.
Imanolek zenbait aldaketa egin ditu bigarren zatian. Izenak izenen truke, eta hasierako marrazkia aldatuz. Gebara eta Guridi kendu, eta Ander Barrenetxea eta Martin Zubimendi sartu ditu. Erasoan sakondu nahi izan du teknikari oriotarrak, luzamendutan aritu gabe.
Markagailuaren diktaduran gatibu izan da Reala. Elxek jaurtiketari ez du egin lehen 60 minutuetan, haien area txikian aritu dira etxekoak, baina etekinik lortu gabe.
Eta hala, ordura arteko moldetik atera den arte. Aldaketen ostean hegalei garrantzia eman, eta handik sortutako jokaldi baten osteko kornerretik heldu da Realaren lehen gola. Aritz Elustondok nagusitasunez egin du errematea, buruz, baloia sarera jaurtitzeko. Hogei minuturen faltan ailegatu da garaipenaren gola, eta. luzapenean, berrespenarena. Jon Bautista sartu berriaren jokaldian, Mikel Oiartzabali heldu zaio baloia. Sekulako gola egin du, garaipena lotu eta bosgarren postuan indartzeko.