Txirrindularitza

Klenbuterol arrastoak aurkitu dituzte Contadorren Tourreko analisi batean

Ziklista espainiarra behin-behinean txirrindularitzatik baztertzea erabaki du UCIk, dopatu zen edo ez ebatzi arte. Hala ere, Contadorren gernuan agertu den klenbuterol kantitatea oso txikia dela azpimarratu du UCIk, eta ikerketa osagarria agindu. Txirrindulariak dio xerra batek eragin ziola positiboa; Irungo harategi batean erosi zuten. "Akats nabarmena egin dute. Konponduko da, egia aurretik jarrita", dio Tourra hiru aldiz irabazia duen ziklistak.

2010eko irailaren 30a
16:08
Entzun
Dopinaren susmoak Alberto Contador txirrindulari espainiarra jarri du orain jomugan. Bart goizaldean UCI Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunak jakinarazi duenez, klenbuterol arrastoak aurkitu dituzte uztailaren 21ean hari egindako analisian; hots, Tourrean ari zela sailkapen nagusian lider zelako egindakoan. Ganadua gizentzeko erabili ohi da klenbuterola, eta gizakietan baita kirol errendimendua hobetzeko ere, arnasketa errazten duelako.

Contadorrek esan du xerra batek eragin duela positiboa, ez beste ezerk. "Elikagai kutsaduragatik eman dut positibo", adierazi du gaur eguerdian, prentsaurrekoan, Pinton (Madril, Espainia). "Akats nabarmena egin dute. Konponduko da, egia aurretik jarrita".

Nolanahi ere, aurkitutako klenbuterol kopurua oso txikia dela onartu du UCIk, eta, horrenbestez, ikerketa sakona egin behar dela Contador dopatu egin den edo ez ebazteko. Zehazki, 50 pikogramo klenbuterol antzeman dituzte ziklistaren gernuan (0,00000000005 gramo mililitro bakoitzeko). "Hori ez da ezer", ziklistak gaur esan duenez. Dena den, ikerketa amaitu bitartean UCIk txirrindularitzatik kanpo utzi du, badaezpada.

Astana taldearekin korritu zuen Contadorrek Tourra, eta talde hartako sukaldari Paco Olallak adierazi du xerra hori berak prestatu ziola. "Autobusean jarri nion neuk, hoteleko sukaldariak ez zigulako sukaldean sartzen utzi. Taldeko txirrindulari espainiarrek baizik ez zuten jan haragia". Hain zuzen, Irungo harategi batean erosi zuten xerra.

Hiru Tour irabazi ditu; aurten bertan azkenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.