Futbola. Reala Txapeldunen Ligan. Mikel Gonzalez. Realeko jokalaria

«Klub handia garela erakutsi dugu, eta harro egoteko modukoa da»

Old Traffordeko partida amaitu berritan, isiltasun giro hotzean, zentzuz eta burua altxatuz hitz egin du. Txapeldunen Ligako bidea asko zaildu dela aitortu arren, itxaropenari eutsi nahi dio.

unai zubeldia
Manchester
2013ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Hobeak izan dira». Zertarako ibili ezinari bueltaka. Realeko jokalariek hizketarako gogo gutxi zeukaten Manchester Uniteden aurkako partida amaitu berritan. Jagoba Arrasate entrenatzailearekin batera —«etengabeko nahi eta ezina» izan zela aitortu zuen berriatuarrak, eta Txapeldunen Ligako ligaxkako orain arteko partidarik eskasena jokatu zutela—, Mikel Gonzalezek (Arrasate, Gipuzkoa, 1985) eman zion zentzu pixka bat ezinari. Zaleen babesa bihotzez eskertu, aurkariaren kalitatea goratu, eta lanean jarraitzea beste errezetarik ez dagoela adierazi zuen tade txuri-urdineko atzelariak, Old Traffordeko norgehiagoka amaitu eta minutu batzuk geroago. Atzo ere bera izan zen aukeratua Zubietako entrenamendua amaituta hitz egiteko.

Ametsetik amesgaiztora pasatu zarete bi minutu eskasean. Pentsatzekoa da partidaren amaieran zein zen aldagelako argazkia, ezta?

Partidaren amaieran aldagelaren sentipena ez zen ona, galdu egin dugulako. Baina elkarri begietara begiratu diogu, eta denok hustuta geundela ikusi dugu. Horrelakoetan ezin da esan ezer askorik. Ez dugu irabazi, eta ez goaz pozik. Argi dago hori. Baina barruan genuen dena eman dugun sentipenarekin eta lasaitasunarekin goaz etxera.

Aurkariari begira jarrita, Manchester Unitedek espero zena egin du: hasterako, partida hautsi du.

Bai… Eurak gehiago izan direla uste dut. Ez digu batere mesederik egin lehen minuturako partida maldan gora jartzeak; horrek ez du batere laguntzen, noski. Horrelako zelai batean ez da erraza hasiera horri buelta ematea. Baina behin lehen hamar-hamabost minutuak igarota, geure futbola egiten saiatu gara; baloia mugitzen, espazioak baliatzen, aurrera jotzen. Aukeraren bat edo beste izan dugu, baina intentsitate handiarekin jokatu dute eurek, gola sartzeko aukera asko sortu dituzte, eta bai, gehiago izan dira. Gaur, bai.

Lehen zatiaren amaieran oso aukera ona eduki du Antoine Griezmannek, falta jaurtiketa batean baloia zutoinera bidalita. Partida alda zezakeen jokaldi horrek?

Pena izan da jokaldi horretan golik ez sartzea, lehen zatiko azken aukera izan delako. Partida alda zezakeen jokaldi horrek, bai. Baloia ez da sartu, ordea, eta ondoren ez gara gai izan beste egun batzuetako aukera sorta polita pilatzeko.

Bigarren zatiari oso ondo ekin diozue. Zer hitz egin duzue aldagelan atsedenaldian?

Aste guztian aipatutakoa berretsi dugu. Geure jokoa da gure indargunea; zelai erditik aurrerako mugikortasuna. Saiatu gara hori gauzatzen, baina ez dugu lortu, eurek ere oso ondo ixten zituztelako lerro arteko paseak. Baina partida orokortasunean aztertuta, eurek ere aukerak eduki dituzte, eta bidezkoa da emaitza.

Ametsa zen Old Trafforden jokatzea; bai jarraitzaileentzat eta bai jokalarientzat. Nola bizi izan duzue zuek zelairatu zareten momentu hori?

Esperientzia bat gehiago da. Ezinezkoa da erabat pozik egotea, baina esperientzia polita izan da hona etortzea eta zale guztien berotasuna nabaritzea; gehienbat, hainbeste kilometrora dagoen futbol zelai bateraino etorri direlako. Realzale guztientzat oso esperientzia polita izan da bidaia hau; bai bertara etorri direnentzat, bai guretzat, eta baita, arrazoiren bat edo beste tarteko, etortzerik izan ez duten horientzat ere. Harro egoteko modukoa da.

Zaleak aipatu dituzu. Egun osoko festan 6.000 baino gehiago elkartu dira Manchesterren. Zer esango zenieke etxerako bidaia penatuta egingo duten horiei guztiei?

Hitz gutxi dauzkagu esateko. Emozio handia bizi izan dugu euren ondoan. Aste osoan nabaritu dugu inguruko ilusioa, denon lagun edo familiako kideren bat etorri delako hona. Ikaragarria eta oso garrantzitsua da horrelako zelai batean guri eman diguten berotasun hori nabaritzea. Besarkada handi bat etortzerik izan ez dutenei ere, eta mezu bakarra helarazi nahiko nieke denei: harro egoteko moduko eguna dela. Jokalariok, zaleek, klubak… denok erakutsi dugu klub handia garela, talde honek jende asko mugitzen duela eta, bide honi eutsiz gero, gauza garrantzitsuak lor ditzakegula.

Manchester Unitedek zazpi puntu ditu multzoko sailkapenean, Bayer Leverkusenek sei, Xakhtar Donetsk-ek lau, eta Realak bat ere ez. Txapeldunen Ligan egin beharrekoa eginda dago jada? Talde honengan sinetsi behar da oraindik?

Bai... Zaila dago, ligaxka motza delako eta punturik ez daukagulako. Baina ez niri eta ez taldeari ez digute kenduko daukagun ilusioa. Buru-belarri ligan murgildu behar dugu orain; igande honetako Almeriaren aurkako partida bakarrik eduki behar dugu buruan orain. Eta ondoren edukiko dugu nahikoa denbora Manchester Uniteden aurkako Anoetako norgehiagoka prestatzeko [azaroaren 5ean jokatuko da]. Jarraitu beharra dago. Amestu egin behar da gauzak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.