«Klubak eta biok hazi nahi dugulako nator»

Lagun Arok egun dituen bost jokalariak zama ez bermea direla esan du Sito Alonsok aurkezpenean

Sito Alonso Lagun Aro GBCko entrenatzaile berria, atzo, Illunben, aurkezpena hasi aurretik. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Lagun Arok Sito Alonso entrenatzaile berriaren aurkezpen ekitaldia egin zuen atzo Illunben. Gorka Ramoneda presidentea izan zuen alboan Madrilen jaio baina Aragoin hazi eta hezi den entrenatzaileak, eta Donostiako taldearen eskaintzari baiezkoa zergatik eman zion azaltzen saiatu zen bere lehen agerraldian. «Egun pare batean eman nuen baiezkoa. Ostegunean bertan hasi nintzen taldearen osaketan pentsatzen, Lagun Aroren eskaintza onartuko nuela jakitun». Klubaren eta haren helburuak berberak direlako lortu omen da akordioa. «Lagun Arok ACB ligan egonkortzen jarraitu nahi du, hazten, eta nik neuk ere helburu berbera daukat: pertsona eta entrenatzaile gisa hazten jarraitu». Alonsok aitortu zuen Salva Arco, Esteban Martinez eta Nacho Ordin, Donostian jokatu duten jokalariekin hitz egin duela eta esan dioten guztia «ona» dela.

Bi urterako akordioa sinatu du Alonsok, eta berehala hasi beharko du lana beltz egiten. Izan ere, hilabete eskas barru bilduko da taldea denboraldi-aurreari ekiteko, eta abuztuaren 20rako taldeak osatuta beharko luke, pieza gehienak lotuak dituela. Horren haritik, Alonsori Lagun Arok bost jokalari kontratupean edukitzea zama edo abantaila ote zen galdetu zioten, eta zalantza izpirik erakutsi gabe bota zuen abantaila dela: «ACB ligan errotuta dauden jokalariak dira boskote horretako lau, eta horietako bik, Pankok eta Doblasek, urteak daramatzate Donostian. Hori beti da gauzak ondo egiteko bermea».

Falta diren beste bost edo sei jokalariak fitxatzea izango da orain Alonsoren eta talde teknikoaren zeregina. Buruan izenen bat ba ote zuen galdetu zioten, eta eduki badituela esan zuen, baina zerrenda handia dela, eta etorri berritan ezin zuela xehetasun askorik eman. Alonsok sei urte eman ditu elitean, Joventuten. Gehienak Aito Garcia Reneses entrenatzaile ezagunaren laguntzaile gisa, eta urte eta erdi entrenatzaile nagusi gisa. Tarte horretako hamazazpi hilabeteetan garaipen kopuruak %70 gainditu zuela gogorarazi zuen, baina hilabete bakarrean sei partida galdu, eta taldea uzteko beharrean egon zela.

Alonso Joventuteko gidari izan zela, talde hark egiten zuen joko azkar eta dinamikoa dauka gogoan, baina Alonsok garbi utzi zuen bere estiloa talde baten osaketak, jokalarien ezaugarriek finkatzen dutela: «Jokalari gazte asko zeuden Joventuten ni entrenatzaile nintzela, azkar jokatzeko joera zuten jokalariak, baina Lagun Arok beste era bateko jokalariak ere baditu, eta joko estiloa jokalari horien ezaugarrietara moldatuko da. Salgado eta Panko modu batera jokatzen ohituta badaude, ez naiz ni izango modu hori aldatzen saiatuko dena».

Lehiakortasuna

Kirol helbururen batean pentsatu ote zuen izan zen hurrengo galdera, eta Alonsok postu bat baino gehiago lehiakortasuna lehenetsi nahi duela esan zuen: «Talde lehiakorra osatzea da lehen helburua, eta ez da erraza. Behin osatuta, esango dugu non egon gaitezkeen. Orain, uztailean, erronka Espainiako Kopan sartzea den edo ez esatea alferrikakoa dela uste dut. Orain hiru puntuko maila batean bagaude, zazpi punturaino igotzea da nire helburua».

Alonsok taldean dagoen egoerarekin moldatzeko prestasun handia daukala erakutsi zuen. Ez du laguntzailerik ekarriko, eta taldean daudenekin lan egiteko borondatea duela esan zuen. Loreak bota zizkion Jimmy Baroni, eta haren lan egiteko gaitasuna goraipatu zuen: «Jende guztia hirukoak egiteko duen gaitasunaz, bere jaurtiketa mekanika bikainaz mintzatzen da, baina, jakin ahal izan dudanez, ikasten eta hobetzen jarraitzeko daukan grina omen da haren dohainik onena». Andy Panko ere ACB ligan parekorik ez daukan jokalaria dela esan zuen, eta taldeko saskiratzaile onena izan bada izaten jarraitzea espero duela.

David Doblasen inguruan ere galdetu zioten. Pablo Laso aurreko entrenatzaileak pibotak taldea uzteko eskatu zuela gogoratu zioten, eta berak iritzia eman zuen gai horretaz: «Ez dut uste arazo pertsonalek eragindako erabakia izan denik, baina ez ditut xehetasun guztiak. Niretzat funtsezkoa da Doblas taldean egotea. Ikurra da, kapitainetako bat, eta asko espero dut harengandik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.