Arrauna. KAE 1 liga. Igor Makazaga. Orioko entrenatzailea

«Klubarentzat ezinbestekoa da berriz ere San Miguel ligara itzultzea»

Lehen denboraldia du Orion, eta ez du erronka makala. Joan zen denboraldian galdutakoa berreskuratu beharrean da talde historikoa. Jakitun da faboritoak direla, baina zuhurtzia ez du galdu.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Orion bizi da aspalditik, eta herrian egingo ditu aurten arrauneko lanak. Arraunlari eta entrenatzaile izateko deitu zion zuzendaritza berriak, eta berak onartu egin zuen. Erronka handia dauka: San Miguel ligara itzultzea, iaz maila galdu eta gero. Sekulako taldea dauka bere aginduetara, arraunlari oso onak joango dira Orioren tostetan, baina badaki uretan erakutsi behar dela ustezko nagusitasuna. Tentsioa bai, presioa ere bai, baina tamaina jartzen abila da Igor Makazaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1972).

Galdetzeak ere lotsa pixka bat ematen du, garbi dagoelako zertara zoazten, baina zein dira Orioren helburuak denboraldi honetarako?

San Miguel ligara igo nahi dugu, hor ez da dudarik. Baina horretara heldu aurretik, beste lan batzuk egin behar ditugu ondo: hasteko, KAE1 ligako lehen bi sailkatuen artean bukatu, igotzeko kanporaketa jokatu ahal izateko. Gero etorriko da, etortzen bada, kanporaketarena. Ezinbestean, erregularrak izan behar dugu gaur hasi eta denboraldia amaitu bitartean.

Ontzi indartsuena zarete liga honetan, eta litekeena da bandera mordoa irabaztea. Baina gozamena erabatekoa izango al da, jakinik azken helburua kanporaketan jokatuko duzuela?

Egia da kanporaketan zehaztu eta erabakiko dela guztia, eta gure prestakuntza horretara dago bideratua, baina ezinbestean ondo ibili beharra daukagu ligan. Pozik handiena igotzeak emango liguke, ez da zalantzarik.

Zuzendaritza berria du klubak, eta ez du erronka makala hartu hasteko. Igotzeko eskaerak presioaren jantzia al du zuretzat?

Presioa ez dakit hitz egokia den, baina igo beharra daukagu. Klubarentzat ezinbestekoa da igotzea. San Miguel ligak hartzen du ia arreta osoa, telebistarena eta babesleena, eta azkar joan behar dugu lehengo lekura.

Denboraldi-aurreko estropadetanoso emaitza onak lortu dituzue. Neguko lana ona izan da, ezta?

Bai, gustura aritu gara lanean. Azaroan ekin genien entrenamenduei, eta lan ona egiten aritu gara. Nik uste baino hobeto ere jardun dugu. Izan ere, pentsatzen nuen gehiago kostatuko zitzaigula arraunlari guztiak bateratzea, berri dezente dauzkagulako. Baina segituan jarri ginen ondo, eta denboraldi-aurreko test horiek ondo egin ditugu.

Faborito nagusia zarete. Mesederako ala kalterako izango da hori?

Faboritoak garela ezin du ukatu, baina gero estropadetan erakutsi behar dugu indar hori.

Demagun aurreikuspen denak betetzen direla, eta hasierako estropada guztiak irabazten dituzuela. Nola eutsiko zeniokete tentsioari hortik aurrera?

Hobetzeko tartea daukagu. Irabaz ditzakegu irabazi beharrekoak, baina horrek ez du esan nahi dena ondo egiten dugunik. Kuadrilla honek tarte zabala du hobetzen joateko. Gainera, uda osoan egin behar dugu lan ona. Deserosoa da hala jardutea, baina ezin dugu tentsioa galdu.

Orio izanda, Kontxako estropadez galdetu behar dizut. Helburuen artean al duzue?

Dakiguna da ondo iritsiko garela irailera. Horretara daukagu bideratuta prestakuntza, hor jokatuko dugu gure helburua nagusia. Eta, Kontxakoa ere irailean denez, bete-betean egongo gara orduan. Badakigu Kontxan ondo ibiltzeak zer esan nahi duen gure zaleentzat.

Aurreko denboraldian, sekulako zartakoa hartu zuen herriak, San Miguel ligatik behera jaitsita. Eman al dio egoerari buelta zaleak?

Denboraldi-aurreko emaitza onek lagundu egin dute ilusioa berriz sortzen. Arraun gosea dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.