Kobe Bryanten helikopteroak istripua izan zuen Calabasasen (Kalifornian), atzo goizean (AEBetako orduan), Euskal Herriko 19:00 aldean. Los Angelesko Polizia ezbeharra ikertzen ari da, eta adierazi dute denera bederatzi pertsona zihoazela ontzian, tripulazioa eta bidaiariak kontatuta. Guztiak hil ziren. Lehen ikerketen arabera, helikopteroak kontrola galdu zuen lainoaren eraginez, eta lurra jo zuen. Saskibaloi jokalariaren 13 urteko alaba zegoen bidaiarien artean. Bryantek 41 urte zituen, eta historian izan den saskibaloi jokalaririk onenetako bat izan zen. Bost aldiz irabazi zuen NBA, beti Los Angeles Lakers taldearekin. 2016. urtean utzi zion jokatzeari.
Hogei urteko ibilbidea egin zuen NBAn, eta hemezortzi aldiz jokatu zuen All Star izarren arteko partida. Bi aldiz izendatu zuten finaletako jokalaririk onena, eta behin lehiaketako onena, 2008an. 33.643 puntu saskiratu zituen, 7.047 errebote jaso, eta 6.306 asistentzia eman. Partida batean, Toronto Raptorsen aurka 81 puntu sartzeko gai izan zen, oraintxe hamalau urte. Bi urrezko domina zeuzkan irabazita Olinpiar Jokoetan: 2008an eta 2012an.
Mamba Negra ezizenez ere ezaguna zen, eta liga profesionaleko talde batek inoiz fitxatutako jokalaririk gazteena izan zen, 17 urterekin fitxatu baitzuten, 1996an. Los Angeles Lakers taldean aritu zen orduz geroztik, eta AEBetako saskibaloiaren aro bateko ikur handienetako bat zen. Taldeak lehenengoz bi zenbaki erretiratu zituen haren omenez, 8a eta 24a. Ligaren historian puntu gehien saskiratu zituen laugarren jokalaria zen —LeBron Jamesek gainditu zuen duela gutxi—. Haren aita Joe Bryant ere NBAko jokalaria izan zen.
Kobe Bryanten heriotzaren berri eman zutenean, ehunka zale elkartu ziren Staples Centerren, jokalariak bere ibilbide osoan jokatu zuen estadioan, omenaldi isil bat egiteko. Loreak jarri zituzten izkina batean. Estadioaren barruan, Grammy sariak banatu zituzten atzo, eta han ere saritu batek baino gehiagok gogoan izan zuen kirolaria.
Sareetan, berehalako erreakzioa izan zuen albisteak. Eric Garcetti Los Angelesko alkateak hau txiokatu zuen: «Kobe betirako biziko da Los Angelesen bihotzean, eta gure heroi handienetako baten moduan oroituko dugu». Donald Trump AEBetako presidenteak esan zuen gertatutakoa «izugarria» zela, eta doluminak eman zizkion Bryanten familiari. Barack Obama AEBetako presidente ohiak gauza bera egin zuen, «bihotza urratuta» zeukala.
Pau Gasol saskibaloi jokalari kataluniarra «lur jota» utzi zuen ezbeharrak, eta adierazi zuen Bryant bere anaia nagusia izan dela. Jokalariek harreman estua zuten, eta bi eraztun irabazi zituzten elkarrekin.