«Oraindik Bola del Mundoko etapa geratzen da». Erne, Alberto Contadorrek (Saxo Bank) esana baita. Cuitunigruko gainera heldu eta horixe adierazi zien kazetari guztiei madrildarrak atzo, bizikletatik jaitsi bezain laster. Beraz, oraindik ere Espainiako Vueltaren jabe egiteko itxaropena badauka. Eta, bai, esperantza omen da azkena galdu beharreko gauza, baina zaila izango du Contadorrek helburua lortzea. Izan ere, indartsu ez, sasoi paregabean dago Joaquim Rodriguez (Katuxa), haren kontrario nagusia eta Vueltako liderra. Atzoko hamaseigarren etapan ere serio demonio jarraitu zion Saxo Bankekoaren gurpilari, eta esku-eskura dauka titulua. Larunbatean beste mendiko etapa bat jokatuko da, baina orain artekoa ikusita, ezuste handia behar luke gertatu kataluniarrak txakalaldia izateko.
Contador non, Rodriguez han. Halaxe doa Vuelta, eta atzo ere antzeko egoera ikusi ahal izan zen etapa nagusian. Hori bai, ikuskizunik ez zen falta izan. Azken hamahiru kilometroak aldapa gora egin zituzten txirrindulariek, aurrez beste hiru mendate gaindituta —faboritoak elkarrekin iritsi ziren azkenekora—, eta haien sufrimendua ikusleen gozagarri bihurtu zen. Contadorrek bereak eta bi egin zituen liderra atzean uzteko, hainbat eraso jota, baina ez zuen lortu. Kolarekin itsatsita dauka Rodriguez.
Pajares azken mendateari ekin bezain pronto egin zuen lehen erritmo aldaketa madrildarrak. Horrek banaketa eragin zuen tropelean. Chistopher Froome (Sky), Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), Robert Gesink (Rabobank)... atzean geratu ziren, bigarren talde batean. Aurrean, berriz, betikoek ikusi zuten elkar. Dena den, Alejandro Valverdek (Movistar) ezin izan zion eutsi Contadorrek jarritako abiadurari. Segundo batzuk galdu zituen helmugan. Valverdek ez, baina Puritok bai. Hark ez zuen arazorik izan Saxo Bankekoari segitzeko. Batak jo, besteak eutsi. Halaxe aritu ziren une oro. Elkarrekin sartu ziren azken ehun metroetan, eta Rodriguezek eskuratu zuen hirugarren postua, sei segundoko gainsaria lortuz.
Hirugarrena, bai. Izan ere, 50. kilometroan ihes egin zuten bi txirrindulari iritsi ziren lehenago Cuitunigruko gainera. Dario Cataldok (Omega) irabazi zuen etapa, eta Thomas De Gendt (Vacansoleil) sailkatu zen bigarren. Erakustaldi galanta eman zuen batak zein besteak. Pajaresen hor nonbait, baina azken 2,8 kilometroetan ikustekoa zen haien aurpegia.
Anton, ongi; Intxausti, txukun
Bikain moldatu ziren elkarlanean, eta jakina zen bien artean zegoela etapa garaipena. De Gendt zen faboritoa, baina ahituta heldu zen amaierara, eta aukera baliatu zuen Cataldok. Ia geldirik egin zuen azken kilometroa, baina malda bera ere halakoa zen: izugarria.
Malda horietan txukun ibili ziren euskal herritarrak. Euskaltel lanean aritu zen etaparen zati handi batean, eta Igor Anton zazpigarren helmugaratu zen. Froomeren taldeko onena izan zen, eta postu bat egin zuen aurrera sailkapen nagusian. Beñat Intxausti (Movistar) 11. izan zen. Gaur atseden eguna dute.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Kolarekin itsatsita
Alberto Contadorrek bereak eta bi egin ditu Joaquim Rodriguez garaitzeko, baina ez du lortu, eta lidergoa sendotu du kataluniarrak50. kilometroan ihes egin, eta Dario Cataldo nagusitu da Vueltako etapa nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu