Abeslari herrikoiak diruz betetzen du kolkoa hirunaka zenbatzen duen aldiro. Realak, berriz, puntuz. Hala ari da azkenaldian, hirunaka batzen, eta bide beretik segi nahi du gaur iluntzean, Mallorca menderatuta. Txuri-urdinek irabazi egin dituzte Espainiako Ligan jokatutako azken lau partidak —orotara, zazpi izan dira segidako garaipenak Europa ligakoak kontuan hartuta—, eta sailkapeneko onenen artean kokatzea ahalbidetu dio horrek.
Reala bosgarrena da gaur-gaurkoz, baina hirugarrenak adina puntu ditu: 19. Izan ere, donostiarren maila onaren pareko ari dira aurkaririk behinenak. Puntu bakoitza garesti ordaintzen da. Hargatik, Imanol Alguacilen jokalariek Mallorcari irabazi nahi diote gaur iluntzean.Baita teknikari oriotarrak ere: «Zaleen aurrean jokatuko dugu, eta izugarrizko partida da. Nahitaez irabaztekoa, lehengoan bezala. Joko onarekin egiten saiatuko gara, baina helburua irabaztea da».
Herrialde Katalanetako taldea eskas antzean ari da azken jardunaldietan. Jokoan izandako bederatzi puntuetatik bakarra eskuratu du; hargatik, bi punturen aldea soilik du jaisteko postuekiko, sailkapeneko hamabigarren postuan baldin badago ere. Dena den, Imanolek argi du Javier Agirreren taldea oso kontuan hartzeko multzoa dela: «Denek arazoak izan dituzte haiek gainditzeko. Bosteko lerroarekin ari da; defentsako garaian talde sendoa da, eta gol aukera gutxi egiten dizkiete aurkariek».
Reala partida ugari jokatzen ari da azkenaldian. Hori dela eta, Imanolek zenbait aldaketa egin ditu azken aldietan, eta litekeena da orain ere gauza bera egitea. Entrenatzaileak prest ditu jokalari gehienak, baina aldaketa bat egin beharko du ezinbestean, azken jardunaldiarekin alderatuta. Aihen Muñozek min hartu zuen Celtaren aurka, eta zenbait aste egingo ditu jokatu ezinda. Imanolek Jonathan Gomez bigarren taldeko atzelaria sartu du deialdian. Halaber, prestatzaileak esan du Ander Barrenetxearekin «poliki-poliki» joan behar dutela, ez dagoelako erabat osatuta. Alex Solaren kasuan ez dago aurrerabiderik. Mikel Sanchez doktoreari bisita egin zion atzo, geroa aztertzeko.
REALA-MALLORCA
Reala. Remiro; Gorosabel, Pacheco, Le Normand, Rico; Zubimendi, Merino, Turrientes; Silva, Kubo, eta Sorloth.
Mallorca. Rajkovic; Maffeo, Raillo, Valjent, Copete, Cufre; Battaglia, Galarreta, Rodriguez; Kang In Lee, eta Prats.
Epailea. Miguel Angel Ortiz Arias
Lekua. Anoeta.
Ordua. 20:00.(La Liga)
Kolkoa betetzen segitu nahi dute
Realak ligako bosgarren garaipena eskuratu nahi du jarraian; oraingoan, Mallorca menderatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu