Munduko Kopa

Kolonbia-Ingalaterra eta Belgika-Japonia, azken final-zortzirenak

Belgikak 1-0 irabazi dio Ingalaterrari eta G multzoko lehen postuan bukatu du. H multzoan berdinduta bukatu dute Senegalek eta Japoniak, baina azkenak jarraituko du aurrera, txartel hori gutxiago atera dizkiotelako.

Mbaye Niang Senegaleko jokalaria, gaurko partidan, txartel horia atera diotenean. WALLACE WOON, EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 28a
19:04
Entzun

Belgikak 1-0 irabazi dio Ingalaterrari Adnan Januzaj Realeko jokalariaren golari esker eta G multzoko lehen postuan bukatu du. Horrebestez, zehaztu dira final-zortzirenetako azken kanporaketak. Belgikak Japonia izango du aurkari, eta Ingalaterrak Kolonbia. H multzoa ere erabaki da, eta han Kolonbiak bukatu du lehen postuan. Bigarren Japonia izan da, Senegali baino bi txartel hori gutxiago atera dizkiotelako.

Belgikak eta Ingalaterrak multzoko lehen postuan zeinek bukatuko zuten jokoan. Biak sailkatuta zeuden, eta berdinketak Ingalaterrari egiten zion mesede. Partida zozoa izan da, ordezko asko eta aukera gutxikoa. Partidako gauzarik onena gola izan da (52. min.), Januzajek jaurtiketa bikainez sarturikoa. Realeko erdilariak baloia area barruan kontrolatu du, atzelari bati iskin egin dio, eta ezkerrez bigarren zutoinera jaurti du. Jaurtiketa langa eta zutoina elkartzen diren puntutik gertu sartu da sareetara, gurpil askorekin. Ingalaterrak ez zuen erreakzio oso sutsurik izan, hala ere gol aukera garbi bat izan du (65. min.). Vardyk eta Rashfordek bat-bikoa egin dute, eta azken horrek ez zuen atearekin asmatu. Multzoko beste partidan Tunisiak 2-1 irabazi dio Panamari eta hirugarren postuan bukatu du.   

H taldeari dagokionez, Kolonbia eta Japonia izango dira aurrera segituko dutenak. Kolonbiak 1-0 irabazi dio Senegali, eta Poloniak 1-0 Japoniari. Azken horiek Senegalekin berdinduta gelditu dira puntutan, eta aldeko zein kontrako goletan. Euren arteko partidan ere berdindu egin zuten. Kasu hauetan FIFAk berdinketak hausteko ezartzen duen hurrengo aldagaia txartelkopurua da, eta fase hontan Japoniakoei baino bi txartel hori gehiago atera dizkiete Senegaleko jokalariei. Ondorioz, final-zortzirenetan ez da Afrikako selekziorik egongo

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.