Kolpe bakarrarekin, bi sari

Urdaibaik erakustaldia emanda irabazi du Getxoko estropada, bost puntu jan dizkio Oriori, eta hiru puntura jarri da

enekoitz telleria sarriegi
2010eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Egin dituzte San Miguel ligako traineruek egin beharrekoen erdiak. Eta komenientziaren arabera egiten dira horrelakoetan balorazioak. Atzetik begiratzen dio aurreari orain arte ongi aritu denak, eta aurreari baino ez atzerago gaizki aritu denak. Urdaibai ez da lehen erdian gaizki aritu. San Miguel Ligako sailkapen nagusian bigarren zegoen atzo arte, bigarren jarraitzen du orain, baina eman beharra zeukan mahaian kolpea. Txapelketa guztiek egin diote ihes. Bizkaikoak bai, Euskadikoak ere bai, eta Espainiakoan ez dira ariko Euskadikoan egindako umekeria batengatik. Lanen erdiak eginda, kolpea behar zuen, eta kolpea eman zuen atzo. Ondo emandakoa, inondik ere. Getxoko estropada irabazi du, eta Orio hiru puntura dauka orain.

Lanen erdiak eginda, erregulartasuna zen Orioren orain arteko balantzean dohainik preziatuena. Kale gutxi eta maila ona. Atzo ez. Kale egin zuen atzo. Hasieratik ikusi zen ez zela ongi ari, eta denboran gutxian egin zioten ihes kontrarioek. Haiek baino aukera gutxiago dituzte aldaketetarako -atzo Urdaibaik dezente egin zituen; asmatu egin zuen Francisok-, eta hemendik aurrerakoan nabaritu daiteke horren eragina. Gaur Zumaian jokatuko den estropadan has daitezke erantzunak sortzen.

Bikain Urdaibai, dotore San Juan eta harrigarri Pedreña. Garaipenik preziatuenaren pare ospatu zuen atzokoa Urdaibaik. Behar zuen. Ligan bete-betean sartu dira, eta atzetik aurrera datoz. Talderik sendoenaren bila dabil Francisco, eta topatzen ari dela dirudi. San Juan ohorezko txandako bigarren onena izan zen. Gorabeherarik gabeko estropada osatu zuen. Tiranekin izan zuen lehia ederra uneka, baina pasaitarrak irten ziren garaile. Indartsu. Pedreña ez zen ohorezko txandan aritu, baina hirugarren sailkatu zen atzo. Badauka orain arte egin duena baino gehiago egiteko taldea. Aldaketaren bat nahi zuten eta ontzia aldatzea erabaki zuten atzo. Seve Ballesteros traineruaren ordez, Marina de Cudeyo atera zuen, eta asko irabazi zuen aldaketarekin. Kantabriako txapelketa ez irabaztea kolpea izan zen haientzat, baina gainditu dutela dirudi.

Hiru azkenak, Gipuzkoakoak

Balio dute lanen erdiek gainontzekoen maila neurtzeko ere. Castro atzo hobeto aritu zela esateko, Kaikuk estropada txukuna egin bai, baina ligako onenengandik urruti jarraitzen duela esateko, San Pedrok atzokoaren zati handi bat Castroren parean egin zuela nabarmendu eta gero lehertu egin zela esateko, Astilleroren gorabeherak nabarmentzeko, etaatzo azken hiru postuetan eta ligako sailkapenean azken hiru postuetan dauden Gipuzkoako hiru traineruek erreakzionatu ezinda jarraitzen dutela esateko ere bai, noski.

Hondarribiarena da kasurik nabarmenena, atzo ere bererik eman ezinda aritu zelako, eta Zumaiak zer pentsatua eman ziolako, bi segundo eskas bakarrik atera baitzizkion. Puntuen aldea nabarmena da Hondarribiaren eta beste bien artean, baina hamargarren postua ez da Hondarribiaren berezko postua.

KAE 1 ligako estropada ere jokatuko dute gaur, Algortan (11:00), eta KAE 2 ligakoa atzo jokatu zuten Zumaian. Portugaletek irabazi zuen, Ondarroaren aurretik.



Getxon irabazita, Gipuzkoak aurrea hartu dio Galiziari Euskotren Ligan

E. Telleria

Berdinduta zeuden atzo arte eta berdinduta jarraitzen dute jardunean, baina ez puntuetan. Gipuzkoa eta Galizia lehia bizian ari dira Euskotren ligan hasieratik, eta horrela aritu ziren atzo ere Getxoko Estropaden II. Ikurrinan. Gipuzkoarrak nagusitu ziren, eta puntu bateko aldea dute orain sailkapen nagusian.

Gaur Zumaian jokatuko dute Euskotren ligako estropada (11:35), eta Getariako eta Tolosako arraunlariak azken aldiz ariko dira Gipuzkoarekin. Falta diren beste bi estropadetan Zumaiako arraunlariak ariko dira.





Sailkapena

GETXOKO ESTROPADAK

1. Gipuzkoa 10.48,47

2. Galizia 10.58,24

3. Bizkaia 11.25,65

4. Kantabria 12.00,05
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.