Kolpe batekin, bi sari

Kaikuk irabazi du San Miguel ligako bederatzigarren estropada, Getxon, eta laugarren bandera du lehiaketa horretanLigan bi puntu handitu du Urdaibai bigarren sailkatuarekiko tartea

Kaikuko arraunlariak, traineru beltz berrian, pozarren elkar besarkatzen, atzoko Getxoko bandera irabazi ondoren. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Kaikuk neurria hartu dio San Miguel ligari, eta nola, gainera. Atzo, laugarren bandera astindu zuen Asier Zurinaga patroiak. Getxokoa bederatzigarren estropada zen, eta ia erdiak Sestaora joan dira. Traineru denboraldia hasi zenean, begiz jota zeukaten lehiaketa hau, eta ez ziren harrokeriak botatzen ari. Aurreko bi denboraldietan ez zuten maila onik eman, arraunlari propio gutxi zutelako, baina aurten, bete-betean dabiltza.

Bandera astintzeak ematen duen poz handiaz gain, beste bat ere izan zuten Bizkaitarra traineru berriko tostetan: ligako lehen postua sendotu izanak emanikoa, hain zuzen. Altxor handia pilatu zuten atzo ere, eta joan zen igandean hasitako joerak segida izan zuen. Orduan ez bezala, atzo normal joan zen estropada, eta Kaikuk Urdaibai bigarren sailkatuari aldea handitzeko bide horretan, ez zen epaileen esku hartzerik egon. Uretan eta lehian irabazi zion, eta bi puntu gehitu zuen bien arteko aldea: orain 11koa da.

Azken txandan lehiatu ziren biak, Hondarribiarekin eta San Juanekin batera. Bandera irabazteko lehia beraien artean zegoela lehen ziaboga eman orduko. Astilleroren denbora, zeinak bigarren txanda aise irabazi zuen, hobetu egin zuten lau traineruek. Estu zihoan gauza, lehen ziaboga ematera batera sartu baitziren laurak. Ikusgarria izan zen lauren lehen luzea. Eta halakoxea izan zen Kaikuk jo zuen txanpa, buelta hartu eta gero. Orduan zabaldu zuen tartea, eta besteek ezin izan zuten harrapatu. Hondarribia gerturatu zitzaion gehien; batez ere, hirugarren luzean gertatu zen hori, lau segundora ere jarri baitzen. Hirugarren luze osoan horixe izan zen lehen bi sailkatuen arteko aldea, eta meritu latza dauka Hondarribiaren ikuspegitik aldeak gora egin izanak. Ematen zuen azken luzean Kaiku gehiago estutzeko aukera ere izango zutela, baina lehen ziabogakoa gertatu zen hirugarrengoan ere: ospa egin zion gero banderaren garaile izango zenak. Aldeak handituz joan ziren, hamar segundora ere joan zen, baina azkenean, Hondarribiak estutu egin zuen, eta bostekoa izan zen helmugan. Atzetik sartu ziren Urdaibai, 11ra, eta San Juan, 21era, urruti.

Atzo arratsaldetik nabarmendu beharreko beste kontu bat Tiranen azken luzea izan zen. Bigarren txandan, azkena zen hirugarren ziabogan, baina bukaerako luzean bost segundo eta bedera-tzi kendu zizkien Pedreñari eta San Pedrori, hurrenez hurren. Ehuneko gutxi batzuengatik ez zuen gainditu Pedreña. Lehen txandan, Castro izan zen azkarrena, Zumaiaren, Orioren eta Camargoren aurretik.

Gaur, TKEko ezohiko batzarra

Atzoko lanak bukatu bezain pronto, gaurkoari begira jarri ziren denak. Zumaian da estropada (12:00), baina beste zeregin bat ere izango dute klubek. Goizean goiz, 09:00etan, Traineruen Kluben Elkarteak ezohiko batzarra egingo du Zumaian bertan, gai bakar hau mahai gainean dutela: Urdaibairen aurka behin-behineko neurriak hartzeko eskatu ala ez TKEko epaileari, zuzendaritzak eskatu duen bezala. Bozketan baiezkoa ateratzen bada, epaileak izango du azkeneko erabakia, eta batzarrak onartua berretsi dezake edo ez. Hortik aurrerako bidean, helegiteak aurkeztu ahal izango dizkiote klubek elkarteko epaile nagusiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.