Futbola

Kolpe latza hartu du Osasunak

Celtaren aurka 0-2 galduta, jaisteko arriskua bizitu egin zaie nafarrei. Bi jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta, behin-behinean, hiru puntura dago jaitsiera.

Osasunaren eta Celtaren arteko partida, Sadarren. JAGOBA MANTEROLA, ARP
unai zubeldia
2014ko maiatzaren 3a
22:10
Entzun

Ez jokorik, ez indarrik, ez itxaropenik, eta ez ezer. Osasunak oso partida kaskarra jokatu du Celtaren aurka, eta, Nolitoren bi golekin, galiziarrek eroso eskuratu dituzte jokoan zeuden hiru puntuak. Garaipenari esker, behin-behinean zortzigarren posturaino igo da Luis Enriquek entrenatzen duen taldea. Eta porrot mingarriarekin, jaisteko arrisku gorrian geratu dira nafarrak. Valladoliden emaitzaren zain, hiru puntura dauka jaitsiera Javi Graciaren taldeak. Espanyolen zelaian hurrengo asteburuan, eta etxean Betisen aurka, bi aste barru. Bi partida horiek geratzen zaizkio Osasunari jokatzeko.

Hasterako nabaritu da nafarrak ez zeudela gustura zelaian. Gehiegi egin gabe, Celta hasi da agintzen jokoan, eta 20. minuturako aurretik jarri dira galiziarrak, Nolitok sartutako gol ikusgarriari esker. Pase sakona jaso, eta baloia Andres Fernandezen buru gainetik bidali du aurrelariak, goxo-goxo. Eta erreakziorako denborarik gabe, 34. minutuan iritsi da 0-2koa, Nolitoren eskutik berriz ere. Oriol Rierak eta De las Cuevasek eduki dituzte bi aukera argi-argi atsedenaldira iritsi aurretik, baina bietan dotore erantzun du Yoel Rodriguez Celtako atezainak. Arribas ere ez da ibili finegi lehen zatiko azken minutuan.

Eta partida erabat alda zitekeela pentsa bazitekeen ere, Osasuna nahi eta ezinean ibili da bigarren zati guztian. Joan-etorriko partidan, Oriol Rierarenak izan dira aukerarik argienak, baina errematean asmatu ezinik ibili da aurrelari kataluniarra. Harmailak bete-beteta zirela, kolpe latza hartu du Iruñeko taldeak, eta, bi partida besterik geratzen ez zaizkionean, jaitsiera postuetan amaitu dezake jardunaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.