Reala 1-6 Bartzelona

Kolpe latza hartu du Realak etxean

Imanol Alguacilek esan duenez, porrotak ez diola eragingo Athleticen aurkako finalari: «Baditugu bi aste buelta emateko».

Partidaren une bat. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko martxoaren 22a
07:35
Entzun

1-6. Aitzakiarik ez duen emaitza, eta partidaren garapenaren isla. Izan ere, Bartzelona irabaztera atera zen Anoetako zelaira, eta nagusi izan zen partida ia osoan.

Halere, Reala lehenengo gola sartzeko zorian egon zen 25. minutuan: Isakek aukera argia eduki zuen Ter Stegenen atea zulatzeko, baina ez zuen jokaldia burutzea lortu.

Hortik aurrera, ezinean ibili zen Reala,eta 37. minutuan hasi zen Bartzelonaren gol festa: Griezmannek sartu zuen lehenengoa. Baina aurretik ere sartzeko zorian egon ziren, habean jo zuen baloi batekin.

Zubeldia lurrean geratu zen, Dembelerekin lehiaturiko jokaldi batean. Baina, azkenean, jarraitu ahal izan zuen partidan.
Lehen zatiaren amaieran heldu zen katalanen bigarren gola. Leo Messi izan zen protagonista, eta Destek zulatu zuen donostiarren atea, hark pasaturiko baloi bati esker.

Erauntsi gorri-urdina

Bigarren zatian, enbatak eraman zuen Reala. 53. minutuan, bere bigarrena sartu zuen Destek. Realak ahal bezala eusten saiatu zen, baina urez bete zitzaion ontzia. Messik berak sartu zuen laugarrena, Busquetek emaniko baloiari esker.

Tartea are handiagoa izan zitekeen gainera, epaileek gol bat baliogabetu zietelako katalanei, kamerekin kontsultatu ondoren: Dembele jokoz kanpo zegoela ebatzi zuten.

Halere, jokalari berak markagailura igo zen gol bat sartu zuen minutu batzuk geroago.

Realak, ondoren, lortu zuen gol bat sartzea, Barrenetxeari esker. Baina, berriz ere, Messik sartu zuen. Azkeneko gola izan zen.
 

«Minduta gaude, zale guztiak bezala, ez dugulako emaitza hau gustuko», esan zuen Imanol Alguacil donostiarren entrenatzaileak, partida amaitu ostean. «Parean, gaur, sasoi ikaragarrian dagoen talde bat eduki dugu. Gure aukera izan genuen, ez genuen sartu, eta min egin digute». Jokalariak defendatu zituen: « Gol batekin partidan zaude oraindik, baina hirugarrena jasotzean, normala da talde gazte batentzat apur bat hondoa jotzea, eta halako jipoia jasotzea».

Halere, adierazi zuenez, kolpeak ez dio eragingo apirilaren 3an Athleticen aurka jokatuko duen kopako finalean. Datozen bi asteotan min hartuta daude jokalarietako batzuk berreskuratzeko itxaropena du entrenatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.