Malaga. Munir; Ivan, Pau Torres, Luis Hernandez, Ricca; Santos (Seleznov, 78. min.), N'Diaye, Keidi Bare (Mula, 77. min.), Ontiveros (Harper, 80. min.); Adrian eta Gustavo Blanco.
Osasuna. Ruben; N. Vidal, D. Garcia, U. Garcia, Clerc; Oier, Fran Merida (Iñigo Perez, 64. min.); Torres, Ruben Garcia, Robert (Brandon, 70. min.); eta Juan Villar (Aridane, 86. min.).
Golak. 1-0: Adrianek (14. min.); 1-1. Ruben Garciak (47. min.). 1-2: Juan Villarrek (75. min.).
Epaileak. Diaz de Mera. Txartel horiak: Malagako Ontiverosi, Adriani, Riccari eta Harperri; eta Osasunako Nacho Vidali, Oierri, Sergio Herrerari eta Fran Meridari.
Abiada hartua du Osasunak, eta ez dago hura geldituko duenik. Malagak ere ez zuen lortu atzo. 1-2 irabazi zuen Iruñeko taldeak Rosaledan, eta bolada ederra luzatu. Jada zortzi jardunaldi daramatza galdu gabe, eta horietatik zazpitan garaipena lortu du. Hala, jokoan egon diren azken 24 puntuetatik 22 batu ditu. Baina kopuru hori are oparoagoa da atzera eginez gero. Izan ere, azken 42 puntuetatik 35 batu ditu. Partida bakarra galdu du azken hiru hilabete eta erdian, joan den urtarrilaren 12an Las Palmasen (Espainia) galdu zuena, hain zuzen ere. Halako bolada ikusgarriak izan du saririk: Osasuna bakar-bakarrik dago sailkapenaren buruan. 57 puntu ditu, bigarren sailkatuak, Granadak, baino bat gehiago. Hain zuzen, bi talde horiek daude Lehen Mailara zuzenean igotzeko bi postuetan. Zuloa dago hortik behera, hirugarren sailkatuak, Albacetek, 50 puntu baititu. Beraz, gorritxoek zazpi punturen aldea dute. Oraindik hamahiru saio falta dira jokatzeko, baina Osasunak bide zuzena darama bi urte geroago maila nagusira itzultzeko.
1-0etik 1-2ra
Meritu handia du atzoko garaipenak, aurkari zuzen baten zelaian lortutakoa baita, eta behetik gora eginda. Behetik gora, gorritxoei hasi eta berehala partida maldan gora jarri baitzitzaien, hamalaugarren minutuan gola sartu baitzuen Malagak. Ez zen etxekoek sortu zuten aurreneko arrisku jokaldia. Indartsu zelairatuta, erraz antzean iritsi ziren Osasunaren area ingurura lehen minutuetan. Baina Adrianek ez zuen huts egin.
Gaizki aritu ziren gorritxoak lehen zatian, baina atsedenaldiak mesede galanta egin zien. Izan ere, bigarren zatia hasi eta bi minutu eskasera banakoa lortu zuten. Robert Ibañezek bizi-bizi abiarazi zuen kontraeraso bat. Pase ederra eman zion Ruben Garciari, eta hura bakarrik geratu zen, eta maisuki amaitu zuen jokaldia. Golak eta Jagoba Arrasatek egindako aldaketek —Brandon eta Iñigo Perez zelairatu zituen— min handia egin zioten Malagari, eta Osasunak ondo baliatu zuen bigarren gola sartzeko. 75. minutuan egin zuen Juan Villarrek, Iñigo Perezen pase bikaina baliatuta. Ez zen gol gehiago egon. Hiru puntuak gorritxoentzat, eta beste urrats bat bat Lehen Mailarantz.
Osasunak beste bat egin nahi du igande honetan, Sadarren, Rayo Majadahondari irabazita. Aukera aproposa dirudi: batetik, talde gorritxoa inon ikusgarri ari bada, hori etxean baita, irabazi egin baititu bertan jokatu dituen azken hamar partidak: eta bestetik, Rayo Majadahonda koska bat beherago baitago, 15. postuan.
Malaga 1-2 Osasuna
Kolpea mahai gainean
Osasunak irabazi egin du Malagan, eta beste urrats bat egin du Lehen Mailarantz. Lider da, eta zazpi puntura du jada hirugarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu