San Antonio 32. Valladolid 34

Kolpea urtea amaitzeko

San Antoniok bost golen aldea zuen partida amaitzeko ordu laurden falta zela, baina galdu egin du

Luisfe Jimenez, jaurtitzen, atzo, Valladoliden aurka jokatutako partidan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antonio. Lucau, Sevaljevic (5), Guardiola (4), Mindegia (5), Crowley, Luisfe (6), Agirrezabalaga (7) —hasierako zazpikoa—; Ristanovic, Jimenez (2), Peciña, Meoki, Victor Alvarez (2) eta Curkovic (1).

Cuatro Rayas Valladolid. Sierra, Antonio (3), Alonso (2), Krivokapic (7), Delgado Avila, Davor Cutura (7), Nikcevic (4) —hasierako zazpikoa—; Yeray, Lykke, Romero (6), Gurbindo (2), Tokic eta Joli (3, 1p).

Markagailua. 4-4, 5-4, 9-5, 13-6, 15-10, 17-13 (atsedenaldian); 21-17, 26-21, 26-23, 28-27, 31-30 eta 32-34.

Epaileak. Gracia eta Martin. Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Jimenez eta Curkovic (bi aldiz); Valladolideko Alonso, Delgado Avila, Tokic eta Joli.

Valladoliden aurka galduta amaitu du urtea Amaya Sport San Antoniok. Ez dirudi ezusteko berria, gaur-gaurkoz, Iruñeko taldea baino koska bat gorago baitago Valladolid. Asobal ligako lehen itzulia amaituta sailkapena nola dagoen ikusi besterik ez dago: hirugarren postuan da Valladolid, eta 11.ean San Antonio. Ohikoena, beraz, Espainiako taldeak garaipena lortzea da. Ezohikoa dena da partida amaitzeko ordu laurden eskas falta denean bost goleko aldea izan, pistan aurkaria baino gehiago izan eta azken txanpan aurretik egindako lan guztia kareletik bota eta galtzea.

Bada horixe gertatu zitzaion atzo Iruñeko taldeari. 28-23 zen aurretik neurketa amaitzeko ordu laurden baino gutxiago falta zela. Ondo ari zen, defentsan Valladolidi eusten eta erasoan aurkariari min handia egiten. Baina bat-batean ideiarik gabe geratu zen. Eta, noski, bisitariek ondo aprobetxatu zuten. Lau gol sartu zituzten jarraian, eta urduri jarri etxekoak. Lehen abisua zen, minutu batzuk geroago gertatuko zenaren abisua. Orduan bai eman zuen kolpe erabakigarria Valladolidek, San Antoniok zuen aldea iraulita. Nafarrak 32. golean geratu ziren geldi, eta bisitariek hiru gol sartu zituzten azken hiru minutuetan, azkeneko biak jokalari berak, Romerok. Azkenean 32-34. Porrota, porrot mingarria.

Juanto Apezetxeak 11. postuan amaitu du lehen itzulia, jaitsiera postuetatik lau puntura. Denboraldi hasierako helburua bete dute nafarrek, beraz. Hala ere, San Antonioren jardunak argi-ilun bat baino gehiago izan du, gorabehera asko izan baititu. Partida batean ondo eta hurrengoan gaizki, horrela aritu da ia beti. Orain hilabete eta erdiko etenaldia izango du Asobal ligak, Europako Txapelketa jokatuko baita Serbian urtarrilaren 15etik 29ra. Apezetxeak badu zer landu hurrengo asteetan. Komeni zaio, denboraldi amaieran estutasunak izan nahi ez baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.