Konfiantza da arriskua

San Mamesen laugarren garaipena jarraian eskuratu gura du Athleticek, azken jardunaldietako goranzko bideari eusteko

haritz gallastegi
2009ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Futbolean ez dira aukera asko egoten. Beraz, aurkariak ondo jokatzen ez duenean ezinbestekoa izaten da puntuak irabaztea. Espainiako Ligan garesti ordaintzen baitira opariak. Athletic opari gutxi egiten ari da azkenaldian. Azken lau jardunaldietan gol bakarra sartu diote -Iraizozek Sardineron egin zuen akats larriaren ondorioz sartutakoa, hain zuzen ere-. Horrelako estatistikekin ezinezkoa da galtzea. Irabazteko aukera asko egoten da, ordea. «Atea behar den moduan zaintzen hasi garenetik, askoz ere erosoago ari gara erasoan», adierazi zuen Javi Martinezek. Gauza batek bestea dakar. Konfiantza kontua da, finean.

Athleticek hamar puntu irabazi ditu azken lau norgehiagoketan. San Mamesen, berriz, azken hiru partidak irabazi ditu jarraian. Bolada onean dago. Aprobetxatu beharreko indarrarekin aurkitzen da. Baina zaleek epe laburreko pozaren ordez, epe luzean iraungo duen talde sendoa ikusi gura dute. Athleticek egun duen egoerak aspaldiko ametsa egia bihurtzeko arrazoiak daudela pentsarazten die jarraitzaileei. Talde zuri-gorriak, aspaldiko partez, talde itxura baitauka. Ez du futbol ikusgarririk egiten, baina talde ezerosoa da. Errastasunik ematen ez duena. Athleticek Caparros fitxatu zuenean espero zuen talde itxura hartzen ari da. Baina oraindik ezin daiteke esan luzaroan iraungo duen kontua denik. Zuri-gorrien gaitasunean konfiantza izatea gaitza baita. Hiruzpalau emaitza on baino askoz gehiago behar da azken denboraldiotako bidegurutzea ahazteko.

Urtarrila hilabate erabakigarria izan daiteke zuri-gorrien lekua non dagoen jakiteko. Ligako lehen itzuliaren azken partidak eta Espainiako Kopa jokatuko ditu hasiberria den hilean. Jokalariak itsututa daude txapelketa honekin. Laster jakingo da zertarako gai den Caparrosen taldea.

Kopan euskal derbia jokatu aurretik Espanyolen bisita izango du talde bizkaitarrak. Kezkatuta daude jokalariak eta teknikariak. Espanyol estu eta larri dabil. Talde kataluniarra jaitsierako postuetan dago. Nahi eta ezin ari da. Baina talde ona da. Mailari arazo barik eusteko taldea. «Gure kontrako bidea egiten ari da. Sasoi hasieran emaitza onak izan arren, aspaldian dinamika txarrean dago. Ez da erraza egoera horri buelta ematea. Hala ere, aurkari arriskutsua dela uste dut», adierazi zuen Del Olmok. Susaetak Espanyolen arriskua zein den azaldu zuen: «Erasoan jokalari onak ditu: Nene, Luis Garcia... futbolari bikainak dira». Kontuan hartzeko armak ditu. Eta futbolarien talentua gutxi balitz, aulkian dauden lagunen esperientzia hartu behar da kontuan. Jose Manuel Esnal Mane eta Angel Garitano Ondarru azeri zaharrak baitira. «Oso ondo ezagutzen gaituzte. Gure gabezia guztien berri dute. Bi taldeok jokatuko dugu gogor», esan zuen Orbaizek. Ez da, hortaz, sekreturik izango bi taldeen artean. Zaila izango da aurkaria ezustean harrapatzea.

Toquero deialdian

Gaizka Toquerok hiru lan saio nahikoa izan ditu Athleticek Espanyolen kontra jokatuko duen partidarako deialdian egoteko. Caparros ezagututa eta aurrekariak aintzat hartuta, inor ez da harritu Eibarreko jokalari ohiari eman dioten aukerarekin. Teknikari zuri-gorriak gustuko du arabar aurrelaria. Bere aginduz berriz jokatuko du orain. Beraz, joan den sasoian Armandorekin egin zuen bezala, jokalaria erabiltzeko modua izan duenean sartu du zerrendan. Hasieratik ez du jokatuko, Caparrosek aspalditik baitauka erabakita Maneren taldeari aurre egingo dion taldea. Txapelketako azken jardunaldian jokatu zuen hamaikakoarekin alderatuta, bi izango dira berritasunak. Biak behartutakoak. Eskuin hegala goitik behera aldatu beharko du. Murillo min hartuta dago, eta David Lopez zigortuta eta lesionatuta. Iraola, ohiko titularra, eta Susaeta ariko dira. Eibartarrak ere asko jokatzen du. Beraz, aldaketak onerako izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.