Konfiantza pilulak

Jokin Etxanizek ez zuen espero Irujok eta Barriolak sailkatzeko hainbeste arazo izango zituztenik, eta ez dio arrazoi garbirik aurkitu bolada txarrari. Konponbidea, berriz, argiago du: «partida on bat», garaipena bainoago.

Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola, pilota bat aztertzen, atzo, Eibarren, Astelena pilotalekuan. A. CANELLADA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Jokin Etxanizek puzzlea du buruan. Bi pilotari bikain elkartu arren azken asteetan euren maila zergatik amildu den aurkitu behar du. Irujok eta Barriolak eman dute ezustekoa ligaxkan, zoritxarrerako. Txapela irabazteko faborito ziren orain dela hilabete eta erdi, baina finalerdietara pasatzeko komeriak dituzte. Teknikaria konponbidearen bila dabil, eta lehen pausoa zein den argi du: «Partida on bat behar dute. Garaipena ere bai, noski, baina partida on bat».

Bikotea Astelenan entrenatzen ari da, eta kontrakantxatik zaintzen ditu pilotari ohiak. Harrituta dago, ez du ezkutatu. «Irujo-Barriola bikote handia dela argi dago, eta, ondo bidean, finalerdietan egon beharko lukete. Baina askotan esaten dugu: izenek ez dute irabazten. Pilota eskutik ez zaie behar bezala irteten. Konfiantza falta zaiela uste dut». Pilotariek ere badakite ez dutela euren maila eman. «Agerikoa da ez garela ari gure maila ematen, ez bakarka, ezta bikote gisa ere. Baina kontrarioak oso ondoari dira gure aurka». Azalpena Abel Barriolarena da.

Bikoteak ondo hasi zuen txapelketa, lehen lau partidak jarraian irabaziz, Olaizola II.a-Beroizek bolada eten zuten arte. Hurrengo seietatik, berriz, bakarra irabazi dute, eta bitan Gonzalezek Irujo ordezkatu zuen. Etxanizen iritziz, hasierako bolada ez zen izan zirudien bezain ona. «Aurkariek ez zituzten asko estutu. Euren onena eman gabe irabazi zuten. Gero, galdutako lehen partidan ere ondo jokatu zuten, baina Oinatzen aurkako partidan [6. jardunaldian]... gauzak okertu ziren».

Kideak banaka aztertuz, eta azalpen baten bila, Irujoren osasun gorabeherak nabarmendu ditu teknikariak. «Gaixo egon da, ezin jokatuta, eta, agian, oraindik ez dio erabat buelta eman». Aurrelariak ere onartu du ez dagoela bere onenean. «Hobeto nago, oraindik gaixotasuna pixka bat nabaritzen dudan arren, baina ez da aitzakia. Dena den, ezin gara itsutu. Hau kirola da, eta ezin da beti irabazi. Finalerdietan sartzen ez bagara, gure errua izango da; ezinezkoa da beti puntan egotea». Gaixotasunaren ondorena nabaritzen zaio; argal dago. «Egia da, berdin jan eta entrenatzen naiz, baina iaz garai honetan baino lau kilo gutxiago ditut».

Barriolaren eskuin kolpeari buruz ere asko hitz egin da, eta atzelariak ukatu egin du eskuetako arazoa dela. «Ondo ditut. Kontua da batzuetan pilota bizi ateratzen dela eta beste batzuetan ez. Halako uneetan ez zaie buelta gehiegirik eman behar gauzei». Etxanizen diagnosia ez da sakonagoa, eta berak ere ez du arazo fisikorik igarri. «Freskotasunik gabe dabil.Pilota ez zaio irteten. Boladak dira. Partida on bat behar du». Sasoiaren gorabeherak halakoak dira, gorputzaldiak. Dena ezin da zifrekin azaldu.

Larrituta daude. «Pilotari edo kirolari guztiak bere maila ematen ez dutenean bezala», zehaztu du Barriolak. «Asteko lehen egunetan gehiago nabaritzen da, baina partida gerturatu ahala arazoak etxean utzi behar dira». Finalerdietarako bidea aldapa gora dute, baina euren esku dute oraindik sailkatzea. «Bi partida irabaztearekin aski izan daiteke», kalkulatu du Irujok, «baina hirurak irabaztea pentsatu behar dugu. Hori bai, hobeto jokatu behar dugu. Gure aurka jokatu duten bikoteak lepoan hozka egitera irteten dira eta gu baino hobeak izan dira». Barriolak antzeko iritzia du: «Igandeko partida irabazita [Aritz Lasa eta Pascualen aurka], bete-betean sartuko ginateke borrokan». Arrazoi du Etxanizek: garaipen bat behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.