«Estatistikei baino gehiago sentsazioei erreparatzen diegu. Badira zelai batzuk ez direla egokiak taldeararentzat». Igor Gabilondok astean esana da. Athleticeko jokalari beteranoa zentzuz jarduten da gehienetan. Eta oraingoan ere ez zaio arrazoirik falta. Donostiarrak aipatu bezala, gorengo mailan lehen pausuak ematen ari diren futbolariei ezin dietelako estatistikek eragin. Ez onerako, ez txarrerako. Muniaini, San Joseri eta enparauei ez die asko axolako Athleticek orain arte egin duena. Eurak aurrera begira ari dira lanean. Hobe, gainera. Atzera begiratuz gero dardarka hasiko bailirateke.
Azken hamarkada bietako estatistikei erreparatuz gero, Sevillara bidaiatzeak ez duela ezertarako balio pentsa dezake jokalariren batek. Izan ere, Athle- ticek 1993-94ko denboraldian eskuratu zuen azken garaipena Sanchez Pizjuanen. Julen Guerrero birritan eta Ernesto Valverde izan ziren golegileak. Ordutik gaur arte berdinketa bat edo beste eskuratzeko gai baino ez da izan talde zuri-gorria. Egia da Athleticentzat ez eze, gainerako taldeentzat ere nekeza izan dela Sevilla bere zaleen aurreanmendean hartzea. Andaluziako taldeak urrezko aroa bizi du. Espainiako Ligan zein Europan punta-puntako taldeekin lehiatu da, eta sarritan garaile izan da. El Arrebato musika taldeak egindako ereserkia mundu osoan ezaguna egitea lortu du.
Baina gauzak aldatzen hasi direla dirudi. Sevillak indar apur bat galdu du, eta eztabaida kalean dago jada: amaitzen ari al da urrezko aroa? Aldeko eta kontrako iritziak daude. Sevillak zeresana ematen jarraituko duela diotenek pisuzko argudioak dituzte esku artean euren teoria defendatzeko: Ligan onenen artean sailkatuta dago -Athleticek baino puntu bat gehiago du egun-, Europan lehiatzen ari da, eta goi mailako futbolariz osatutako taldea da. Pisu handiko argudioak dira. Baina Sevillak ez duela orain dela bizpahiru sasoiko itxura ematen defendatzen dutenei ere ez zaie arrazoirik falta. Egun Gregorio Manzanok zuzentzen duen taldea ez da duela gutxira arte beldurra ematen zuen haren maila berean ari. Sevilla handi egin zuten futbolari askok utzi dute taldea -Alvesek, Poulsenek, Sergio Ramosek, Baptistak...-, eta taldean jarraitzen dutenetako batzuek behera egin dute azken aldian nabarmen-Renatok, Kanoutek eta Capelek, besteak beste-. Gainera, gaizki ohitu den taldearen gaitza dauka: goian egotera ohitu ostean maila apalxeagoa ematen hasi den mementoan urduri jarri da ingurua: Del Nido presidenteak sasoia hasi bezain laister bota zuen kargutik Antonio Alvarez entrenatzailea. Bestalde, Luis Fabiano auziak ere ez dauka amaierarik. Ez dute prezio onean saltzea lortu, eta egoera lasaitze aldera, kontratua luzatu diote. Baina brasildarrak ez du jokatzen, eta horrek egoneza eragin du jokalariarengan. Eta jakinekoa da izaera berezia duten futbolariak taldekide txarrak direla gustura ez daudenean.
Joan den sasoikoa gogoan
Sevillak apur bat behera egin duelako eta kontrako bidean Athletic konfiantza hartzen ari delako, azken denboraldiotako partidarik parekatuena izan daitekeela dirudi. Eta parekatua izaten ez bada ere, hasiera batean aurreko denboraldiotan baino aukera gehiago izan dezake Caparrosen taldeak bolada txarrari amaiera emateko. Zuri-gorriek joan den sasoiko partida dute gogoan. Puntu bat eskuratu zuten orduan, baina hiru puntuaklortzeko aukera ere izan zuten. Norgehiagoka ondo jokatu zuen Athleticek. Gaur, iazko jarrera erakutsi eta itxura ona ematea dute xede lehoiek. Horretarako, goian estu hartu eta erritmo biziz jokatzeko asmoz zelairatuko dira. Sevillak astean Europako Ligako norgehiagoka jokatu du, eta litekeena da partidak aurrera egin ahala jokalari gehienek nekea nabaritzea.
Caparrosek ez du arrastorik eman aste osoan. Mimoz prestatu gura izan du lehia. Eta, horretarako, bi aldiz entrenatu da Athletic San Mamesen ateak itxita -urtea amaitu orduko erabat hondatuta egongo da Katedraleko berdegunea-. Hala ere, ez dira hamaikakoan berritasun asko espero. Amorebietak eta Aurtenetxek ezin dutenez jokatu, Koikilik eta Ustaritzek bigarrenez jarraian jokatzeko aukera izango dute. Zelai erdian egon daiteke aldaketa bakarra. Gabilondo taldera bueltatu daiteke. Hala bada, Iker Muniainek aulkian itxaron beharko du bere aukera. Beste hegalean, eskuinean, Susaetak jarraitu beharko luke. Ligako azken jardunaldian taldeko onena izateak zerbaitetarako balio badu behintzat. Eta aurrean, Llorente eta Toquero izango dira erreferentzia nagusiak.
Konplexu barik doaz
Espainiako Ligako talde indartsuenen aurka lehiakorra izan daitekeela erakutsi gura du gaur Athleticek, Sevillaren zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu