VALLADOLID 2. REALA 2

Konplexuak hor daude

Reala bi aldiz jarri da aurretik Griezmannen bi golei esker, baina ez du errenta babesten jakin eta azkenean berdinketa justua izan daEtxekoak askoz gehiago izan dira lehen zatian, eta bigarrenean jokoa orekatu egin da

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Griezmannek (36. min.); 1-1: Ebertek (42. min.); 1-2: Griezmannek (57. min.); 2-2: Oscarrek (80. min.). Epailea: Alvarez Izquierdo. Txartel horiak: Valladolideko Rueda, Rubio eta Eberti; eta Realeko Gonzalez eta Martinezi. Bestelakoak: 12.574 ikusle Zorrillan.

Konplexuak nabaritzen zaizkio Realari etxetik kanpo jokatzen duenean. Atzokoan bi aldiz jarri zen aurretik, eta bietan ez zuen errenta mantentzen asmatu. Hor joan zitzaion hainbeste behar zuen garaipena. Hilabeteak dira,autobusera igotzen diren bakoitzean, jokalariek ez dutela irabaziko entzuten dutela, eta badirudi horrek urduritu egiten dituela. Eskarmentua eta patxada falta izan zitzaien, eskura izan, baina merezi izan ez zuten garaipena lotzeko. Azkenean puntu bakarra bildu zuten Zorrillako gau hotzean, eta sailkapenean behera begira jarraitu beharko dute.

Realak irudi iluna eman zuen lehen zatian. Etxetik kanpo jokatzen duten taldeen gehiegizko zekenkeria izan zuen. Atzean itxaron zuen, baloiari muzin eginda. Orden taktikoa lehenetsi zuen eta freskotasuna eta irudimena falta izan zitzaion. Presioan ere ez zuen horzka egin, eta Valladoliden erdiko lerroak libre ikusi zuen bere burua. Motzean jokatu eta lasterraldi biziekin area ertzera iritsi zen. Hegaletan ere bidea aurkitu zuen. Aipatzekoak Ebertek, partidako onenak, Dela Bellari emaniko buruhausteak.

Lehen hogei minutuetan ez zen jokorik egon, baina hortik aurrera agertu zen Valladolid. Hamar minutuan hiru gol aukera garbi izan zituen, baina Zubikarai oso ondo aritu zen atera joan ziren jaurtiketetan. Reala, bitartean, uzkur zegoen, eta merezi gabe lortu zuen gola. Lehen zatian ateratako korner bakarrean izan zen (36. min.). Agirretxek area barruan erdiko atzelariei nola edo hala jauzia irabazi eta ate aurrean utzi zuen baloia. Valladolideko atzelariak begira gelditu ziren, eta Griezmannek, argienak, boleaz bidali zuen sarera. Ordura arte erdilaria ez zen agertu ere egin.

Realak, baina, ez zuen atsedenaldira arte abantailari eusten jakin. Jokalariei etxetik kanpo zergatik irabazten ez duen galdetzen dietenean azpimarratu beharreko gakoetako bat litzateke. Gola sartu eta hurrengo jokaldian Valladolidek aukera oso garbia izan zuen, berriz ere eskuinetik, baina Zubikaraik bikain gelditu zuen Guerraren errematea. Gola, halere, urrundik iritsi zen (42. min.). Mikel Gonzalez bigun aritu zen areaz kanpo jaberik gabe gelditu zen baloia urruntzeko, garaian eta Ebertek ondo baliatu zuen eskuinez gogor jo etabaloia ezkerreko zutoinera itsasteko.

Montainierrek bizia injektatu zien jokalariei atsedenaldian. Ausardia inokulatu zien, eta erasora egin zuten. Valladolidi huts eginiko aukerak ordainarazi nahi zizkion eta hiru minutu aski izan zituen lehen sustoa emateko (48. min.). Jokaldi landu batean Velak eskuinetik egin zuen aurrera, burua altxatu eta Griezmann ikusi zuen area barruan. Valladolideko atzelariak ez ziren bizi ibili eta frantziarrak langa astindu zuen.

Atzelarien lehen oparia ez zuen baliatu, baina bai bigarrena (57. min.). Berriz ere eskuinetik sartu zen Reala, eta Griezmannek area ertzean jaso zuen baloia. Valladolideko atzelariak begira gelditu ziren, eta aurrelariak eroso baloia kokatu eta atera jaurti zuen ezkerrez. Bortitz joan zen, gurpil pixka batekin irekiz eta Hernandezek ezin izan zuen ezer egin. Baloia sarean zela errieta egin zien atzelariei, beranduegi zen.

Valladolidek, baina, azken hitza esateke zuen. Ebertek pase loratu bikain eman zion Oscarri (80. min.) eta honek, buruz, sareetara bidali zuen baloia. Erdiko atzelariak oso bigun aritu ziren, ez zuten goleatzailea oztopatu, eta euren hutsak justizia egin zuen. Azken minutuetan etxekoek Reala estutu zuten, baina gol aukera onena Iñigo Martinezek izan zuen (47. min). Atezainaren gainetik loraturiko baloiak baina, ez zuen aterako bidea hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.