Bizkaia Bilbo Basket. Jackson (15), Blums (9), Mumbru (13), Banic (16), Fischer (12) —hasierako bostekoa— Fisher (3), Vasileiadis (8), Grimau (12), Kakiouzis, Mavroeidis.
Caja Laboral Baskonia. Heurtel (8), Oleson (23), San Emeterio (18), Teletovic (7), M. Bjelica (4) —hasierako bostekoa— Prigioni, Ribas (14), N. Bjelica (3), Seraphin (13) eta Dorsey (3).
Markagailua. 18-32, 37-53 (atsedenaldian); 54-69 eta 88-93.
Epaileak. Pizarro, Conde eta Jimenez. Bilbo Basketeko Vasileiadis eta Grimau egotzi zituzten faltengatik.
Bestelakoak. 8.230 ikusle inguru Bilbo Arenan.
Ez zen Miribilla efekturik errepikatu. Ez zen urrun ibili, baina Baskoniak garaiz zuzendu zuen bidea, poltsikoan zeukan garaipenak ihes egin ez ziezaion. Arabarrek inor gutxik espero zuen erakustaldia eman zuten lehen hiru laurdenetan, eta hankapean ibili zuten Bilbo Basket. Bai defentsan, baita erasoan ere. Zaleen begietara, zalantzarik ez. Ivanovicen taldeak hirukoetan lortutako portzentaje bikainak hautsi zuen dema. Arrazoirik ez dute falta, %63 asmatu baitzuen Baskoniak: hogeita bi jaurtiketa egin eta hamalau gauzatu. Etxeko taldearen erreakzio oro ito zuen Baskoniak, baina azken hamar minutuetan lasaitu egin zen Baskonia, eta Bilbo Basket partidari buelta emateko gertu ibili zen.
Baskoniak hirukoak sartu baino askoz gehiago egin zuen. Defentsan asko estutu, adibidez, eta bizkaitarren saskirako bideak itxi, haiek ernegatu arte. Baloia mugitu behar den moduan mugitu: azkar eta eraginkor, beti ondoen kokatuta dagoen jokalaria bilatuz, eta eraso joko estatikoan, blokeoa eta jarraipena dotore gauzatu. Nabarmentzeko modukoa izan zen Heurtelek eta Prigionik, taldeko bi joko antolatzaileek, Kevin Seraphinekin izan zuten elkar ulertze bikaina. Pasa den asteartean Euskal Kopan emandako itxura ona berriro eman zuen frantziarrak, eta saskipean bere tokitik mugitzen zaila dela berretsi. Hamahiru puntu lortu zituen, dozena erdi errebote hartu, eta partida bikaina jokatu.
Baskoniak kontrolpean izan zuen garaipena hogeita hamazazpi minutuan. Bilbo Basket bitan hurbildu zen zazpi puntura, dema bukatzeko lau eta hiru minutu falta zirela, baita bostera azken minutuan, baina Baskoniak beti bilatu zuen irtenbideren bat bere burua estututa ikusi zuenean. Gehienetan atzokoan aspaldi ez bezala aritu zen Brad Olesonen eskutik. Alaskakoak bost hiruko lortu zituen, horietako pare bat erabakigarriak. Denera 22 puntu sartu zituen, eta taldekideentzako erreferentzia bilakatu zen baloiak asko erretzen zuenean.
San Emeteriok ere lan bikaina egin zuen: barneraldiak, hirukoak, asistentziak... Sasoitsu itzuli da Lituaniatik espainiarra, eta hemezorzti puntu lortu eta bost asistentzia eman zituen. Loreak baita Pau Ribasentzat, kantxan hemezortzi minutu bakarrik egonda ere hamalau puntu lortu baitzituen, gehienak puntu bateko jaurtiketak, Bilbo Basketek faltak egin zituenean.
Baskoniak hasi eta berehala erakutsi zizkion hortzak etxeko taldeari. Janis Blumsek 2-0koa lortu zuen, baina etxekoek norgehiagoka osoan izan zuten alde bakarra izan zen. 2-7 aurreratu zen Baskonia Olesonen lehen hirukoarekin, eta epaileek teknika adierazi zioten Alex Mumbruri, kataluniarrak falta batekin bere desadostasuna erakutsita. 7-16 egin zuen ihes Gasteizko taldeak, baina ez zen unean uneko egoera baten ondorioa izan. Pixkanaka, aldea handitzen joan zen Baskonia. Hamar puntu aurrena (12-22), 13 Seraphinek hiru puntuko jokaldia gauzatuta (18-29).
18-32 bukatu zen lehen laurdena, eta haserre zegoen Katsikaris. Normala, Baskoniak hamar minututan 32 puntu saskiratuta bere taldeak zer eginik ez zeukala bazekielako. Bigarren laurdena, baina, okerragoa izan zen. Ribasek hirukoa sartu zuen, eta hogei puntuko zuloa ireki zuen Baskoniak: 22-42. %70 asmatzen ari zen urrutitik Ivanovicen taldeak, eta talderen batek portzentaje bikain hori lortzen badu, zaila da aurre egitea.
Baina Bilbo Basket ez zen belaunikatu. Etxean zegoen, Miribillan, eta partida hain goiz zakarretara botatzea ezin zen onartu. Bihotz handiarekin jokatu zuen Marko Banicek, eta 9-0eko partziala gidatu 31-42 hurbiltzeko. Esnatu egin ziren zaleak, baina Olesonek ez zuen halakorik nahi, eta hiruko bat sartu zuen berriro hamalau puntuko aldea lortzeko. Min handia egin zion Bilbo Basketi hiruko horrek, San Emeteriok eta Nemanja Bjelicak beste hiruko bana lortu baitzuten. Hamasei puntuko aldearekin bukatu zen lehen zatia, 37-53 Baskoniarentzat, eta partida erabakita zegoela zirudiela.
Mumbru eta Grimau
Are gehiago Baskoniako Thomas Heurtelek bata bestearen atzetik bi hiruko saskiratu ostean. 37-61 aurreratu zen Baskonia, eta burumakur hartu zuten aulkirako bidea beltzezkoek, etsita, eta bota ezin zen horma baten kontra ari zirela sinetsita. Katsikarisek ez zien oihurik egin, borrokan segitzeko eskatu zien, konfiantza edukitzeko, eta mezu horrek jokalarien grina piztu zuen.
Batzuetan Banic, besteetan Roger Grimau, hurrena Alex Mumbru eta Kostas Vasileiadis, 24 puntuko alde hori jaisten joan zen Bilbo Basket. Eta kontrako aldea murrizten zuen heinean, kemena irabazi. Zer galdu gutxi zutelako, eta zer irabazi asko. 51-63 hurbildu ziren aurrena, 14-2ko partziala gauzatuta, baina Olesonek laba itzali eta hozkailura bidali zuen partida enegarrenez, bere bosgarren hirukoa saskiratuta: 51-66.
Hamar puntuko mugan zebilen Bilbo Basket, baina joko onik ezean, zeukan baliabide bakarra jarri zuen jokoan: bihotza. Bederatzi puntura jarri ziren bitan, 60-69 eta 65-74, itzali samar ibili zen Aaron Jacksonek hiruko bat saskiratuta. Zazpira jarri ziren etxekoak Vasileiadisen biko batekin, baina San Emeteriok beste hiruko bat saskiratu zuen, berriro hamar puntuko aldea emateko Baskoniari: 69-79. Finala Gasteizera begira zegoen, baina Prigionik berarengan ohikoak ez diren akats bi egin zituen, eta bi baloi oparitu aurkariari. Bilbo Basket bost puntura jarri zen, eta Roger Grimauk hirura ere hurbildu zuen bere taldea: 79-82.
Zailena egin zuten etxekoek, baina ez zuten lana biribildu ahal izan. Kontrakarrean ibili zirelako partida osoan, eta asmatu behar izan zutenean, kale egin zutelako. Nahi eta ezin. Vasileiadisek puntu bateko jaurtiketa bi oparitu zizkion San Emeteriori, eta Seraphinek D'Or Fischerren urratsak behartu zituen saskipean, bere gorputz handiarekin. Hantxe bukatu zen final aurrekoa.
Baskoniak nahi baino askoz beranduago, bere akatsen erruz, baina Bilbo Basketek nahi baino lehenago. Behetik gora etorri zelako, eta garaipena ukitzear zuela, partida bukatu zelako. Ondorioak ateratzeko norgehiagoka polita izan zen, biek gauza dezente egin zituztelako ondo, Baskoniak batez ere, baina baita gauza asko gaizki samar. Bilbo Basketek lehen zati txarra. Baskoniak, nagusi sentitzea, partida bukatu gabe zegoela. Denboraldia hasi berria da, eta badute akatsetatik ikasteko aukera. Baskoniak gaur bertan, final handian.
Saskibaloia. Espainiako Superkopa. Bizkaia Bilbo Basket 88. Caja Laboral Baskonia 93
Kontrakarrean, nahi eta ezin
Baskoniak erraz menderatu du Bilbo Basket, 37 minutuan, eta finalean da; ikusgarri aritu da hirukoetan eta kementsu saskipeanBizkaitarrak 24 punturen aldearekin galtzen joan dira, baina garesti saldu dute porrota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu